Neke aurpegiarekin, baina gustura agertu ziren atzo EH 05 - Nazio Eztabaidako antolatzaileak Donostian egin zuten agerraldian. Etzirako Zarautzen antolatu duten egunerako ia dena prest dutenean, hara joateko deialdia egiteko agerraldia egin zuten. Nazio Garapenerako Biltzarkideak dira Salbatore Mitxelena ikastolan egingo den Nazio Eztabaidaren antolatzaileak, eta horietako bik eman zuten antolatu dituzten ekitaldi publikoen berri, Eneritz Gurrutxagak eta Tomax Karrerak, hain zuzen.
Goizeko saioa amaitu ondoren Nazio Eztabaida osatuko duten 380 eragileen osoko bilkura arratsalderako saio irekiak prestatu dituzte. 13:30ean Maite Aristegik hartuko du hitza Nazio Garapenerako Biltzarraren izenean. Ekitaldi hori Ikastolaren alboan dagoen Bertsolarien enparantzan izango da. Ondoren, 500 lagunentzako herri bazkaria prestatuko dute. Eta arratsalde partean aisia eta lana uztartzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Besteak beste, 50 eragileren azoka, film laburrak eta animazio gunea izango dira.Baina horretaz gain, Nazio Garapenerako Biltzarraren baitan lanean aritu diren hainbat eragilek aurten egindako lana aurkeztuko dute jendaurrean, eztabaidatzeko eta ekarpenak egiteko. «Gogoeta, pentsamendua eta aisia bateratzen dira. Beraz, jorratuko diren gaietan interesatuta dauden lagunei deitu nahi diegu Zarautzera joateko. Ondo pasatzeaz gain, gai horien gainean hitz egiteko eta ekarpenak egiteko beta izango dutelako», adierazi zuen Karrerak. Irratigintza, pobreziaren muga, euskal curriculuma, etorkinen euskalduntzea eta etxebizitza izango dituzte hizpide lantegietan. Lantegi bakoitzak koordinatzaile bat izango du. Urte osoan Nazio Garapenerako Biltzarraren baitan gai horiek jorratzen lanean aritu diren pertsonak dira koordinatzaileak. Urteak emandakoa aurkeztuko dute lantegietan, eta eztabaida eta ekarpenetarako tartea irekiko da gero.Dena den, 18:30ean hasiko den lantegia azpimarratu zuten; aurrekontu parte-hartzaileei buruzkoa. Argibideak emateko Brasilgo Belem hiriko alkate ohi Edmilson Rodrigues eta Porto Alegreko gizarte foroko aurrekontu parte-hartzaileen kudeatzaile Luciano Brunet gonbidatu dituzte.
Segik Zarautzera joateko deialdia egin du
«Gure herriak tresna, erakunde eta bitarteko nazionalak behar dituen heinean, orain artean emandako pausoak ikusteko eta ikasteko aukera emango digute larunbat honetan», adierazi du Segi gazte erakundeak prentsa ohar baten bitartez. Jaialdiaz gain, «Euskal Herria eraikitze bidean egindako lana ikusi, ikasi eta bultzatzeko» beta izango da Zarautzen. Lan ildo horrekin bat egiten du Segik eta, horregatik, euskal gazteriari bertaratzeko deia egin dio.
Jaialdia, besteak beste, honakoen eskutik etorriko da: Mikel Markez eta Pako Aristi, Patxi Perez eta Karidadeko Benta. Haurrentzako Korri, Xalto eta Brinko pailazoak ere izango dira.
Aisia eta lana uztartuko dituzte etzi Zarautzen
13:30etik aurrera hasiko dira ekitaldi irekiak herri bazkari, musika eta beste hainbat ekimenekin; bertaratzeko deia egin dute antolatzaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu