OME Osasunaren Mundu Erakundeak berak argi dio: «COVID-19aren infekzio arriskua handiagoa da jende asko eta aireztapen txarra duten tokietan». Behar bezala aireztatu gabeko espazioetan, aerosolen bidez, birusa aise transmititu daiteke; horra izurriak utzi dituen lezioetako bat. Beste asko baino motelago errotu da, baina jada aski zabalduta dago. Hala ere, pandemia osoan, oro har, leiho eta ateak zabaltzeko aholkuez harago, urriak izan dira aireztapen ona ezartze aldera hartu eta sustatu diren egiturazko neurriak. Oraintxe bertan, adibidez, maskara gabeko arorako administrazioak ezartzen ari diren protokoloetan, oro har, airearen kalitatea neurtzeko eta hobetzeko irizpide zehatzik ez da ematen.
Ugo Mayor zientzialariak lan handia egin du igaro hilabeteotan aireztapen egokiak izurriaren kontrako neurrietan duen garrantziaz ohartarazten, eta ezartzen ari diren protokoloetan gai horri eman zaion toki urria bere lantokian bertan ikusi du egunotan, EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. «Protokolo bat ailegatu zaigu, dioena: 'Orain arteko aireztapen protokoloei jarraituz...'». Etena egin nahi izan du, harridura erakusteko eta, ezin uka, haserrea: «Zer protokolo?» Airearen kalitatea neurtzeko berariazko protokolo eta irizpiderik ez dagoela adierazi du.
Alde positibo bakar bat ikusten die orain ematen diren irizpideei izurriaren hasieran ematen zirenekin alderatuta. «Orain esaten da aireztapena garrantzitsua dela, eta ondo dago hori; ez da zehazten, ordea, zer protokolo bete, zer neurtu eta, horren arabera, nola eragin». Horiek horrela, Mayorren ustez «teorian» geratzen da aireztapen onaren aldagaia: praktikan, hori bermatzeko neurriak finkatzean, «protokolo zehatzak» ebaztean, ez da asmatu. Unibertsitatean bertan, adibidez, airearen kalitatea kontrolatzeko gailurik eta ez dela jarri adierazi du: helarazi dieten protokoloan ez dira aipatu ere egiten.
«Norbanakoen» esku
Hezkuntza agintariek egin dituzte urratsak eskolen esku neurgailuak-eta jartzeko, baina erabilera ez da orokortu espazio publiko gehienetan. «Eta zerbait neurtzen ez baduzu, ezin duzu jakin zein egoeratan zauden», azaldu du Mayorrek. Ondorioz, gai hau hizpide hartzen denean hitz huts gehiegi entzuten direla salatu du: «Esaten da protokoloa jarraitu behar dela, baina ez dago protokolorik». Uste du pandemian, oro har, «norbanakoen esku» dauden neurriak sustatzera egin dela, eta horrekin lotuta dagoela jokatzeko era hori. «Izan ere, aireztapen ona bermatzeak zenbait kasutan ekar dezake, adibidez, sistema mekaniko bat ezarri behar izatea, eta halakoak azpiegitura kontuak dira. Beste herrialde batzuetan 2020an bertan hasi ziren halakoetarako inbertsioak egiten; hemen, ez». Legez, airearen kalitateari buruzko irizpideak zehaztuta daudela gogoratu du: «Baina ez dira neurketak egiten eta, beraz, ez dira betetzen».
Horiek horrela, kezka erakusten ari dira hainbat herritar eta, neurgailuak esku artean, sare sozialetan-eta adierazten ari dira ezinegona. Horietako bat da Eider Carton. Gaiaren gainean, oro har, «interes gutxi» dagoela esan du, eta airearen kalitatea kontrolatzeko gailuen erabilera orokorturik gabe zaila dela dena. «Ez baduzu neurtzen, ez dakizu. Badakizu, adibidez, autobuseko leiho guztiak irekita badaude, aireztapena ona izango dela, baina itxita daudenean? Ez dakizu. Fidatu egin behar duzu, edo neurtu». Herritarren gain horrenbesteko ardura jartzea gehiegizkotzat du.«Benetan joan behar dugu neurgailu batekin aireztapena ona den jakiteko? Eta ez baldin bada?».
Ahots «baxuan»
Cartonek ere uste du aireztapenaren gaia, oro har, pandemia osoan bazterreko gaia izan dela. «Aipatzen da, baina oso baxu». Berak ere pentsatzen du, behin gaiari tentuz erreparatzen hasita, «inbertsio handiak» eska ditzakeela eta horrek eragina duela. Garraio publikoko egoerari erreparatzen dio maiz egiten dituen kritiketan. «Hor eutsi diote maskarari, esaten dutelako toki itxiak direla, jende asko ibiltzen garela... Bada, hor egin beharko litzateke indarra aireztapenean, ezta? Ez da egiten». Eta uste du gaiari ez aurrez aurre ez begiratzeko jarrera orokorra dela: «Adibidez, jartzen zara autobus zerbitzua ematen duen enpresarekin harremanetan, eta entzungor egiten du».
Herritarrek egin dezaketen «presioan» du jarria Cartonek arlo horretan aurrera urratsak egiten joateko esperantza handiena. «Esaten da garai batean ur garbia izan zela erronka eta konkista. Orain aire garbia izango ote da? Ez dakit, poliki goaz, baina nik nahi nuke bi urteok ez alferrik izatea eta bide horretan aldaketak ikustea». Baita motibo etikoengatik ere. «Gainerakoan, pertsona zaurgarriekin zer?».
Aireztapen ona, lezio atzendua
Maskara erabiltzea derrigorra ez denez, erabilera urritu egin da; aparteko zentzua dute airearen kalitatea kontrolatzeko baliabideek. Egiturazko neurriak urriak izan dira horretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu