Aireratu dira berriro kezkak

Hondarribiko aireportuko pista 300 metro laburtu behar da Europako segurtasun arauak betetzeko. Euskal erakundeek lankidetza eskatu diote Espainiari arazoa konpontzeko

Londreserako bidea egingo duen hegaldiaren inaugurazioa egin zuten atzo Hondarribiko aireportuan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maider Galardi
Hondarribia
2016ko uztailaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Europako segurtasun araudia dela eta, Hondarribiko (Gipuzkoa) aireportuaren pista 300 metro laburtu beharko dute 2017a amaitu aurretik. Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kezka azaldu dute. Neurri horrek aireportuaren jardueran izan ditzakeen ondorioen inguruan adierazpenak egin zituzten atzo Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak, Hondarribia eta Londres lotzen dituen hegaldiaren inaugurazio ekitaldian.

European Aviation Safety Agency EASAk ezarritako irizpide berrien arabera, bertan behera gelditu da 2014an Hondarribiko aireportuak eskuratu zuen salbuespenezko aitorpena. Ondorioz, moldaketak egin beharko dituzte pistan, 2017. urtea amaitu aurretik, aurrerantzean ere erabilgarri izan dadin. Pistak 300 metro gutxiago izan beharko ditu —ez bada aireportua handitzea erabakitzen—, eta horrek ondorioak izango ditu zenbait hegalditan; adibidez, Madrilera doan Air Nostrumen CRJ-200 hegazkina ezin izango da aireratu, dauzkan neurriengatik.

Hondarribia eta Londres lotzen dituen hegaldi berriak —udan soilik egongo da martxan— araudi horri «erantzuna» ematen diola uste du Olanok: «Kezkatzeko modukoa da, noski, baina ahalik eta ekinbide gehien egingo dugu teknikoki zein irtenbide dauden jakiteko eta erakundeen arteko lankidetza sustatu eta konponbidea bilatzeko».

Oregik azpimarratu du irizpide horiek ez dituztela ofizialki jaso. Beraz, «zuhurtziaz» jokatzeko eskatu die erakundeei. Dena den, azaldu du harremanetan jarri direla Espainiako Sustapen Ministerioarekin. «Eusko Jaurlaritzak beti nahi izan du aireportu hau sustatu, mantendu eta, etorkizunean jarrai dezan, bultzatu» ohartarazi du. Horregatik, egoerari irtenbidea ahalik eta azkarren emateko lantalde bat ere martxan jarri dute. Ministerioak eta Aenak dituzten txosten eta balorazioak aztertu eta pista laburtzeak zein ondorio ekar ditzakeen zehaztu nahi dute, zenbait erakunderekin lankidetzan auziari konponbidea emateko. Alde horretatik, Espainiako Gobernua osatu gabe egoteak prozesua zailtzen duela gogorarazi du.

Ahaldun nagusiak ere kezka adierazi du, eta administrazio publikoen arteko lankidetza ezinbestekotzat jo. Era berean, aireportuaren defentsa egingo dutela azpimarratu du: «Gure esku dagoen guztia egingo dugu neurri horiek atzeratzeko edo, ahal dela, ez betetzeko».

Oihartzun handiko neurriak

Asko izan dira neurri horiekin kezka azaldu duten politikari eta elkarteak. Besteak beste, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura eta Turismo diputatuak eta Odon Elorza PSEko Espainiako Kongresuko diputatuak adierazi dute larria dela hedabideen bitartez jakitea horrelako irizpideen berri. Aldi berean, Elorzak gogorarazi du Ana Pastor egungo Kongresuko presidentea izan dela azken Sustapen ministroa, eta afera horretan «engainatu» egin dituela herritarrak. PPko kide Borja Senperrek erantzun dio ez inor «iraintzeko» eta gogoratzeko bere alderdiak beti defendatu izan duela aireportua handitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.