Azken legegintzaldiaren helburuetako bat zen berdintasun legea aldatzea, baina asmoa ezin gauzatuta desegin zen Eusko Legebiltzarra otsailean. Emakundek proposamen bat aurkeztu zuen iazko martxoan, baina ez da parlamentuko eztabaidara iritsi. Hala, legea moldatzeko premia jaso dute alderdiek hauteskunde programetan, eta gehienek horren barruan kokatu dute indarkeria matxistaren aurkako jarduna. Baina legea erreformatu ala arau berri bat sortu, ez daude ados taldeak.
Aitzindaria izan zen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako EAEko legea 2005ean onartu zenean, baina zaharkituta geratu da hamabost urteotan, batez ere indarkeria matxistari buruzko atalean. Ordenamendu juridikoa Istanbulgo hitzarmenak ezarritako esparrura moldatzea da erreformaren helburu nagusia: bortizkeriaren definizioa eta eremua zabaltzea, indarkeriaren aurkako arreta integrala bermatzea, erakundeen arteko koordinazioa hobetzea eta biktimen erreparaziorako eskubidea aitortzea. Dena den, bestelako gai batzuk ere txertatu ditu Emakundek zirriborroan: emakumeen ahalduntzea errazteko baldintzak jartzea, berdintasun unitateak indartzea, zaintzaileen atsedenerako eskubidea aitortzea edota soldata arrakalaren kontrako zerbitzu espezializatu bat sortzea.
«Onespena arindu»
Alderdiak bat etorri dira araua eguneratu beharra dagoela, baina hori gauzatzeko bestelako bideak ere jaso dituzte hauteskunde programetan. Emakundek landutako testuaren alde egin du EAJk: erreformaren «onespena arindu» nahi du legebiltzarrean. PP-C's-ek eta Elkarrekin Podemosek ere erreforma «sustatzea» agindu dute; «indarkeria matxisten aurkako jardun integrala» txertatzea nabarmendu du alderdi moreak: prebentzio neurriak sendotu, landa eremua kontuan hartu, haurren babesa areagotu...
EH Bilduk, ordea, beste ildo batetik jo du: «berdintasun lege berri bat aurkeztu» nahi du, «Istanbulgo hitzarmenarekin bat datorren indarkeria matxistei buruzko ikuspegia jasoko duena», eta horren ondoriozko arauak «garatzeko baliabideak bermatu». PSEk ere beste lege bat proposatu du: «Babes integralerako neurriei buruzko lege bat sustatuko eta adostuko dugu, berdintasun politikekin koordinatuta indarkeria matxistaren adierazpide guztiei heltzeko».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Berdintasuna
Airean geratu da berdintasun legearen erreforma
Emakundek iaz landutako testua onetsi dute EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PP-C's-ek. PSEk eta EH Bilduk beste lege bat nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu