Koronabirusa. Ugo Mayor. EHUko Ikerbasque ikertzailea

«Aire zabalean, jende pilaketa handi batek ez du berez arriskurik sortzen»

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
arantxa iraola
2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
C02 neurgailu bat hartu eta airearen kalitatearen neurketak egiten ari da igaro asteotan Ugo Mayor EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerbasque ikertzailea; izan ere, arnastutako airearen kontzentrazioak neurtzen dituzte gailu horiek, eta, ondorioz, birusak-eta airean egoteko arriskua zenbatekoa izan daitekeen aurreikusteko gakoak ematen dituzte. Aparteko ahalegina egin zuen larunbatean Bilbon, hirian jende asko pilatu zela kontuan hartuta; hain zuzen ere, EH Bilduk antolatutako manifestazioan ere egin zituen neurketak. Ondorioen berri eman du sare sozialen bidez, eta oihartzuna izan dute.

C02 kontzentrazioak aztertzeko neurketak egiten ari zara, eta horien berri ematen. Izurri betean, zer adierazten dute?

Birusa bi eratan transmiti daiteke. Bide bat kutsatutako pertsona batek zabaltzen dituen tantatxoak dira: horiek zuzenean lurrera erortzen dira. Beste bidea aerosolak dira: horiek airean gera daitezke. Eta kutsatutako pertsona bat gaizki aireztatutako leku itxi batean arnasten ari bada, arnastutako aire asko egongo da hor, eta bere aerosolak ez dira lurrera eroriko; hor geratuko dira, eta pilatuz joango dira.

Behin aerosolak pilatuta, birusarekin kutsatzeko arriskua handiagoa da. Horrek egiten ditu leku itxiak arriskutsu, ezta?

Zenbait toki itxitan aireztapena egokia da, eta arnastutako airea ez da pilatzen. Baina beste zenbaitetan aireztapena ez da ziurtatzen; arnastutako aire asko dago, eta, hor kutsatutako pertsona bat badago aerosolak sortzen, horiek airean gera daitezke, eta kutsatzeko arriskua sortzen da.

Hain justu, hori lotuta dago aditu ugari COVID-19aren izurriaren harira egiten ari zareten ohartarazpenarekin: toki itxietako arriskuez ari zarete.

Bai, iazko urte hasieratik daude ikerketak erakusten dutenak askoz kutsatze gutxiago atzematen direla kanpoaldeetan barrualdeetan baino. Hogei aldiz gehiago kutsatzen da barrualdeetan kanpoaldeetan baino.

Zuk neurgailuarekin lortu dituzun datuek hori erakusten dute?

Erakusten dute zenbait tokitan ez dela bermatzen aireztapena, eta horrek hedatzeko bidea ematen diola birusari.

Aire zabalean egiten diren jende pilaketak askotan jartzen dira jomugan. Bilbon manifestazio jendetsua egin zen larunbatean, eta hara ere eraman zenuen neurgailua. Zer ikusi zenuen?

Nik pentsatu nuen halako jende metatze handi batean agian sortuko zela arnastutako airearen nolabaiteko gehikuntza bat, baina ikusten da ezetz; aire zabalean egonda, eta ez zen bereziki egun haizetsua, arnastutako airea barreiatu egiten da, eta ematen du jende pilaketa handi bat egoteak ez duela berez arriskurik sortzen. Jakina, jendetza horren barruan bazaude eta ezin baduzu besteekiko distantziarik izan, musukoa beharko duzu.

Jendea elkarrengandik gertu dagoen guneetan maskara erabiltzea garrantzitsua dela gogorarazten jarraitu behar da, beraz?

Hori da, eta manifestazio horretan, adibidez, jende gehien-gehiena zegoen musukoarekin.

Toki itxietako neurketa asko ez dira onak. Instituzioek badute zeresana izurriaren kontrolerako neurrietan. Zer egin dute orain arte?

Orain arte kostata ari dira. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren web orrian bertan, udara arte kontrako mezua ematen zen: esaten zen distantzia mantenduta airean ez zegoela arazorik. Mezua eguneratu zuten udan, eta orain propio aipatzen dituzte aerosolak. Gaur [atzo] berriz irakurri dut Gotzone Sagardui sailburuak berak azpimarra jarri duela mezuan: barrualdeetan aireztapena zaindu behar da. Kostata heldu da, baina iristen ari da mezua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.