Aire berriak zekartzan mezularia

Ehun urte bete dira 'Hermes' aldizkaria estreinakoz argitaratu zenetik. 1917tik 1922ra, euskal nazionalismoa «goi mailako kulturatik» biziberritzeko egitasmoa izan zen hura; Jesus Sarriak bultzatutako proiektu «ireki eta kosmopolita», historialarien arabera.

Ale batzuk, 2007an Bilbon egindako erakusketa batean. MARISOL RAMIREZ / ARP.
gotzon hermosilla
2017ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Joan den mendearen hasieran, agerkariak —izan egunkari, astekari edo hilabetekari— agerkari huts baino askoz gehiago izaten ziren. Agerkariak izaten ziren kultur eta politika arloko ideiak gizarteratzeko erreminta nagusia; haien bidez pizten ziren ildo ideologiko desberdinen arteko eztabaida, polemika eta ika-mikak; aglutinatzaile gisa ere funtzionatzen zuten, eta haien inguruan biltzen ziren antzeko pentsamoldea zuten egileak eta pentsalariak. Funtzio horiek guztiak bete zituen Hermes aldizkariak bere lehenengo etapan, 1917an argitaratzen hasi zenetik—ehun urte bete dira oraindik orain— 1922an desagertu zen arte, euskal kulturaren eta abertzaletasunaren esparruan betiere.

Pertsona ugarik hartu zuten parte aldizkariaren sorreran, baina, batez ere, Hermes Jesus Sarriaren ametsa izan zen. Algortakoa (Bizkaia) zen Sarria, Habanan (Kuba) jaio bazen ere 1887an. Goi mailako Zuzenbide ikasketak eginak zituen, eta «euskal nazioaren ikuspegitik» aldizkari bat sortzea zuen asmoa, Joseba Agirreazkuenaga EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gaur Egungo Historiako katedradunak dioenez. «Baina euskal nazioaz zuen ikuspegia integratzailea zen, hau da, euskal herritar guztiak jotzen zituen euskal nazioaren herritartzat, eta berrikuntza ekarri zuen euskal nazionalismoaren esparrura. Hermes ere proiektu integratzailea zen, kosmopolita, eta, orduko hizkera erabiliz, goi mailako kultur produkzioa sortzea zuen helburu».

Kolaboratzaile ugari

Aldizkarian kolaboratu zuten idazleen zerrendari erreparatzea baino ez dago asmo ireki, askotariko eta kosmopolita horretaz jabetzeko. Telesforo Aranzadi, Emiliano Arriaga, Resurreccion Maria Azkue, Rafael Sanchez Mazas, Pio Baroja, Miguel Unamuno, Joaquin Zuazagoitia, Ramiro Maeztu eta beste askok idatzi zuten aldizkarian: horietako batzuk, Unamuno, Maeztu eta Sanchez Mazas esaterako, oso urrun zeuden euskal abertzaletasunaren esparrutik. Euskal Herritik kanpo ere bilatu zituzten kolaboratzaileak, zenbaitetan jatorrizko testuak ingelesetik edo frantsesetik itzuliz, eta, adibidez, Ezra Pound, G.K. Chesterton, Eugenio D'Ors eta Juan Ramon Jimenezen testuak ere argitaratu zituzten.

Hermes Greziako mitologiako jainkoen mezulariaren izena jarri zioten aldizkariari, eta mezulari hark, hitzari ez ezik, irudiari ere erreparatu zion. Aurelio Artetak eta Felix Aguerok egin zuten azaleko irudia, eta garai hartan euskal artea inarrosi zuten eztabaidek isla izan zuten Hermes-en artikuluetan.

Gaztelania zuten hizkuntza nagusi, baina euskarazko edukiak ere argitaratzen zituzten. «Sarria ez zen euskalduna, baina bazuen interesa euskaraz goi mailako testuak argitaratzeko. Eliteentzat pentsaturiko aldizkaria zen, eta hor euskarak isla eta indarra behar zuela uste zuen», azaldu du Agirreazkuenagak.

«Hermes bere garaiaren eta bere inguruabarren ondorio bat izan zen», idatzi zuen gaur egun EAJren EBBko kide den Koldo Mediavillak 2001ean, Sabino Arana fundazioak ideia berreskuratu eta izen bereko aldizkaria argitaratzen hasi zenean —Hermes berriaren zuzendari izan zen Mediavilla hainbat urtez, Txema Monterorekin batera—. Halaxe da. 1917. urteaz geroztik, aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren euskal abertzaletasunaren arloan. Bilakaera horren sustatzaile eta ispilu izan zen Hermes aldi berean.

Aldizkariarekin batera, Euzko Argitaldaria izeneko argitaletxea ere sortu zuen Sarriak. Liburu ugari plazaratu zituzten horren bidez, horien artean Sarriak berak idatzitako Patria vasca (Euskal aberria) eta Ramon Belaustegigoitiaren Las bases de un gobierno nacional vasco (Euskal gobernu nazionalaren oinarriak). Aldizkarian eta argitaletxean plazaratutako lanen bidez, euskal abertzaletasunaren berriztatze eta eguneratzeari ekin zioten Sarriak eta haren inguruan bildutako kideek.

Ordura arte, foruak berreskuratzeko eskakizunaren inguruan ardazten zen euskal naziotasunaren aldeko aldarri nagusia. Baina 1917an Hego Euskal Herriko lau diputazioek batzarra egin zutenean Gasteizen, Bizkaiko Diputazioko ordezkariek agiri bat taxutzeko agindua jaso zuten: Bases para el establecimiento de la autonomía vasca (Euskal autonomia ezartzeko oinarriak). Bi urte geroago, lehenengo autonomia estatutuaren zirriborroa idatzirik zegoen.

Agirreazkuenagaren iritziz, «hor hasten da estatutismoaren garaia euskal politikagintzan». Gogora ekarri du Belaustegigoitiak 1918an plazaratu zuela euskal gobernu nazionalaren inguruko liburuxka, eta han edozein nazio modernori zegokion gobernu egitura proposatzen zuela euskal nazioaren burujabetza gauzatu eta instituzionalizatzeko bide gisa. «Gaurko hizkerara ekarriz, esan genezake lehenengo estatutu haren defendatzaileak federalismo dualaren antzeko zerbait pentsatzen ari zirela, non aginte bakoitza ondo zehazturik egongo litzatekeen, Espainiaren erresumaren barruan betiere».

Euskal nazioa politikoki erakundetzeko egitasmo hura bat etorri zen Agirreazkuenagak «herrigintza edo nazionalizazio prozesua» deitzen duenarekin: gogoratu behar da 1918an Eusko Ikaskuntza sortu zela, eta 1919an, berriz, Euskaltzaindia; biak ala biak Euskal Herria kultur eta hizkuntz alderditik egituratzen joateko ahaleginak.

Kontrako iritziak ere bai

Euskal abertzaletasuna biziberritzeko saialdia ez zen eztabaida eta polemikarik gabe gauzatu, den-denek ez baitzituzten ahalegin horiek begi onez ikusten. Garai hartan, Comunion Nacionalista Vasca zen euskal abertzaletasunaren talde hegemonikoa, eta Euzkadi egunkaria, berriz, horren adierazpide nagusia. Agirreazkuenagak dioenez, egunkariko buru Engrazio Aranzadi Kizkitza ez zetorren bat Sarriaren eta ingurukoen ideiekin: «Kizkitza lotuago zegoen abertzaletasun tradizionalari, integrismo katolikotik zetorren, eta haren ikuspegia eta Sarriarena desberdinak ziren».

«Batzuek heterodoxotzat jotzen dute Sarria», azaldu du Agirreazkuenagak. «Nik esango nuke, heterodoxoa barik, berritzailea izan zela: argi zuen euskal nazioaren ideia, baina bere esperientzia bestelakoa zen. Kulturan, literaturan eta artean fede handia zuen. Intelektual bati dagozkion lanak egin zituen eta zenbait arlotan bere garaian aitzindaria izan zen. Adibidez, badu Oligarcas y ciudadanos (Oligarkak eta herritarrak) izeneko liburuxka, eta han argi defendatzen du herritar kontzeptua. Ikuspuntu demokratikoa uztartzen du euskal nazioaren kontzeptuarekin. Urte batzuk geroago Euzko Jaurlaritza sortu zenean, ikuspegi demokratiko hori erabat gailendu zen».

1917ko otsailaren 1ean kaleratu zen Hermes-en lehenengo zenbakia. Hilero argitaratu zen, 1918ko abuztuan hamaboskari bilakatu zen arte. Huraxe izan zen aldizkariaren urrezko aroa. 1921ean hilabetekaria izatera itzuli zen. Azken hilabeteetan estutasun ekonomiko handiak izan zituzten, eta 1922an desagertu zen. 1922ko uztailaren 27an, Jesus Sarriak bere buruaz beste egin zuen, Bilboko Posta kalean zuen etxeko balkoitik jauzi eginda. Estatutuaren inguruko asmoak, berriz, 1923an zapuztu ziren, Primo de Riveraren diktadurarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.