Aire anarkistak Alderdi Ederren

36ko gerraren hasiera gogoan, Donostian indar frankistei aurre nola egin zieten esplikatu du Iñaki Egaña historialariak.Egun bateko borroka izan zen, gogorra: ehun lagun hil ziren

Iñaki Egaña, atzo arratsaldean, Donostiako Larramendi kalean, azalpenak ematen; atzeko eraikinean 1936ko gerrako aztarnak daude —balenak—. J. URBE / ARP.
arantxa iraola
Donostia
2014ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Tropa frankisten altxamenduaren urtemuga izan zen atzo. Uztailaren 18a. Mugarri baino gehiago, amildegi izan zen; aldi gaitz baten hasiera, orain 78 urteko udara bizi izan zuten gizon-emakumeentzat. Urtemugaren harira, ekitaldi ugari egin ziren atzo. Horietako bat Donostian izan zen: egun osoan egin ziren Kasilda Hernaez eta Felix Likiniano anarkisten figurak oroitu eta ezagutarazteko ekitaldiak, eta, arratsaldean, Iñaki Egaña historialariaren eskutik, 1936ko gerrako lehen egun haietan esanguratsuak izandako lekuak bisitatzeko aukera izan zen Amara auzoan. Izan ere, hiriko auzune horretan gertatu ziren borrokarik gordinenak, eta aukera izan zen hango kaleak tiro artean irudikatzeko, barrikadaz josita.

«Barrikadak egin zituzten kale guztietan; galtzadarriak-eta erabili zituzten horretarako», azaldu zuen Egañak. Uztailaren 22an matxinatu ziren Loiolako kuarteleko militarrak. Eta egun hartantxe hasi eta bukatu ziren borrokak. Gordinak. «Bost ordu-edo izan ziren. Eta ehun lagun inguru hil ziren». Egun hartan bertan, amore eman zuten militarrek Easo plazan, eta uztailaren 28an errenditu egin ziren. Garaipen bat izan zen, ospatua. «Uztailaren 29a igandea zen, eta Alderdi Ederren, udaletxe aurreko plazan, udal musika bandak ereserki errepublikazaleak jo zituen». Eta motza. «Irailaren 13an, Irun aldetik, Oriako korridoretik eta beste hainbat tokitatik sartu ziren tropa frankistak». Francoren pean geratu zen orduan Donostia.

«Oraindik borroketako aztarnak badira». Egañak, besteak beste, Larramendi kalean ageri diren tiro aztarnak erakutsi zituen: uztailaren 22 hartakoak. Borrokan, errepublikaren alde, gizon eta emakumeak aritu ziren. Asko CNT sindikatu anarkistaren inguruko jendea zen. «Hemen zuten egoitza, egun Nido taberna dagoen tokian», azaldu zuen Egañak. UGTko eta Gazte Bateratu Sozialistak sindikatuetako jendea ere gogor aritu zen. «Nabarmena da, hildakoen datuei so, benetan jende gaztea zela. Hildako gazteena, esaterako, 15 urtekoa izan zen; gehienek 21-24 urte inguru zituzten». Baina, ia nerabe, garaile irten ziren militar profesionalen aurrean. «Loiolako kuartelera itzuli ziren».

Donostian, beste hainbat tokik ere bor-bor egin zuten. «Maria Kristina hotela ere zinez leku garrantzitsua izan zen, esaterako. Eskuineko alderdietako jendea han batu zen, altxamenduarekin bat noiz egingo. Berrehun lagun inguru ziren. Kontuan hartu behar da udara zela eta jende asko zegoela Donostian». Ez zitzaien ondo atera. «Atxilotu egin zituzten errepublikazaleek, eta Ondarretako espetxera eraman zituzten».

Hilaren 22ko borroka handiaren neurrikorik ez zen izan gehiago. «Uztailaren 27an eta 28an ahalegin batzuk egin zituzten milizianoek Loiolako kuartela inguratzeko». Eta 28an errenditu egin ziren militarrak. Baina ez zuen luze iraun errepublikazaleen garaipenak. Kanpoko albisteen oihartzunak argi uzten zuen tropa matxinoak indartsu zebiltzala beste bazter batzuetan. Eta irailean, Donostia irentsi zutenean, ahul aurkitu zuten hiria. Ihes egina zen handik jende asko. «Garai hartan, 85.000 biztanle zituen hiriak; ihes egin zuten ia 50.000 lagunek. Geratu zirenen artean, ia laurehun fusilatu zituzten».

Ihesa, hala ere, azken egunetan etorri zen. Bitartean, indar errepublikanoak borrokarako antolatzen saiatu ziren. «Abuztuan, esaterako, borroka gogorrak izan ziren Bidaso inguruan; eta goizero Donostiatik tren bat abiatzen zen, milizianoz gainezka. Irunera joaten ziren borrokan jardutera, eta iluntzean itzultzen ziren». Gero, jendea Bizkaira begira jarri zen, edo Iparraldera. Ihesi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.