Maiz azaltzen da osasun agintarien hitzetan profesional faltaren gaineko kezka; mediku faltaren ingurukoa, bereziki. Profesionalen artean galdera eginda, ordea, medikuntza fakultate gehiago ez dira behar; dauden profesionalak zaindu behar dira, lan antolaketa hobetu behar da, eta ahalegina egin behar da lehen mailako arretara bideratzeko mediku gazteak, hantxe baitago hutsune agerikoena, eta sare hori indartu ezean nekez aterako baita osasun sistema publikoa ataka gaiztotik. Gipuzkoako Medikuen Elkargoko presidentea da egun Carmen Solorzano, lehen mailako arretan egin zuen lan ibilbidea, pediatra Osakidetzan, eta argi du arazoaren muinari erreparatu behar zaiola: «Profesionalak behar dira espezialitate jakin batzuetan; esaterako, lehen arretan, pediatrian. Zergatik falta dira? Prestigioa galdu dutelako. BAME barruko mediku egoiliar izateko azterketak egin dira, eta ez dira bete familia medikuntzako lekuak: ez dira bete. Zergatik ez diren bete pentsatu behar da».
Ikusi gehiago:BERRASMATU BEHARREKO SISTEMA
Bide batez, gizartean gailentzen ari diren zenbait balio medikuntza ikasleen artean ere, haien hautuetan, agerikoak direla uste du: «Dirua ematen duten espezialitateak dira betetzen diren lehenak: kirurgia plastikoa, oftalmologia, dermatologia...». Horregatik, lehen mailako arreta erakargarriagoa izateko ahaleginak egin behar dira. Muga administratiboez haragoko eskea da. Donibane Lohizunen (Lapurdi) familia mediku ari da Xabi Chabagno. Bere kabinetean artatzen ditu eriak, Iparraldean ohi den eran; itun bat du Gizarte Segurantzarekin, eta pazienteei kontsulten prezioa mugatzeko era ematen dio horrek: eriei, halaber, kontsultaren prezioaren zati bat itzultzen die gero Gizarte Segurantzak. Geroa irudikatzeko ahaleginean, arloan eragin beharra argi du berak ere: «Bada lehen arretarako mediku eskasia; heldu den hamar urteetara begira ez gara biziki baikor».
Solorzanok badaki arazoa ez dela diru gehiagorekin bakarrik konponduko: «Askotan, aitortza ez da pagatzea bakarrik; bada hori ere, jakina, baina bada lidergoak hartzeko era dagoela ikustea ere: entzuna sentitzea». Alor guztietan gertatzen dela uste du: «norabide biko» kudeaketa eskea gero eta ozenagoa da. Elkargoko presidente gisara, gertutik erreparatu die Donostia Ospitalean iragan abendutik erietxeko zerbitzuburuak egiten ari diren protestei, eta garbi du haien eskeen muinean ere hori bera dagoela.
Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak Osakidetzako profesionalen artean egindako ikerketa baten emaitzak argitaratu berri ditu. %97k «akidura» mailaren bat dute; %75ek neke profesionalaren sindromea. Arduratuta irakurri ditu Solorzanok datuak: «Ikaragarria da». Barakaldoko osasun zentro batean (Bizkaia) lehen arretako medikua da Angela Fuentes, familia eta komunitateko Osatzen medikuen elkarteko kidea. Maite du espezialitatea: «Oso polita da, ondo egiten denean». Bide horretan, profesional gazteak trebatzeko bideak aitortu eta sustatzera egin behar dela esan du. «Izan ere, gaur egun ez dago aitortuta... Buelta bat eman beharko litzaioke, baina horren alde ez da ezer egin».
Egonkortasun falta
Lan taldeen behin-behinekotasuna ere arazo larria da. «Egonkortasun falta arazo handia da osasun zentro askotan; orduan, ekipo lana bideratzea, berritasunak sustatzea, oso zaila da». Lan karga ere jada balekoa ez den era batean neurtzen dela uste dute; esaterako, gizartearen zahartzearen ondorioz kontsultetan agertzen ari diren errealitate berriei ongi erreparatu gabe: «Paziente kupoak-eta ezartzeko orduan, ez litzaioke begiratu behar soilik paziente kopuruari, haien ezaugarriei ere bai». Hori egiten ez denez, ordea, deusetarako astirik gabe sentitzen dira sarri, beren lanaren «izaera komunitarioa» bazter utzita. «Adibidez, ikerkuntza egin nahi duenak hori lanarekin bateratzeko biderik ere ez da irekitzen; bada egiten duen jendea, baina lanaldiari ordu asko gehituta», azaldu du Fuentesek.
Erizaina da Gloria Santos, lehen mailako arretakoa, familiako eta komunitateko erizaintzaren zientzia elkarte Efekezeko kidea. Beren arloan, bereziki, erizainek «espezializatzeko» egiten dituzten ahaleginei administrazioak egiten dien jaramon urria da kezkarako zioetako bat: «Erizain espezializatuentzako boltsa espezifikoak badira, baina ez dira beti betetzen. Tamala dela uste dut: izan ere, baliabideak badira, baina sarri ez dira ondo erabiltzen».
Ikusi gehiago:Kontsultaz haragoko begirada bat
Efekeze elkartean, osasunaren «ikuspegi komunitarioa» landu nahi dute bereziki, argi dute hori indartu beharra, egungo gizartearen premiak bide horretan doazelako. «Gaixotasun pluripatologikoak dituzten pazienteen erreferentziazko erizainak, esaterako, hor daude; oso garrantzitsuak dira. Izan ere, ospitaleratzeak saihestu egin behar dira; autonomia galtzen dute askotan pazienteek erietxean». Lehengoan dago Santos, ordea: halako programak bideratzeko «erremintak» badira egun, baina ez dira ondo zukutzen: «Indartzea da kontua, hobeto kudeatzea».
Egungo lan ereduari noiz arte eutsi ahal izango dioten ez dago argi. Dudak ditu Chabagnok. «Iparraldean alde on bat da pazienteek aukeratzen dutela beren medikua; hori ez da detaile bat, pazienteek gauza positibotzat jotzen dute», esan du. Uste du, ordea, berezitasun hori atxikitze aldera, laguntzak handitu beharko direla, eta beste sistema batera egin beharko dela: «Gaur egun bezala mediku bakoitza bere kabinetean aritzea ez dut sinesten; ez da gehiago posible».
Arazoek ez diete medikuei bakarrik eragiten. Osasun arloko ikasle asko kezkatuta daude. Lili Hiriart lapurtarra medikuntza ikasten ari da. Arduratuta hartzen ditu gainezka diren erietxeei buruzko albisteak. «Medikuak eskas dira, eta toki batzuetan dramatikoa bilakatzen ari da egoera. Erizainak, medikuak eta profesional gehienak, oro har, eskas dira, eta direnei galdegiten zaie beti gehiago egitea gero eta ahalbide gutiagorekin». Gazte asko, hori guztia ikurisik, urrunera begira jartzen direla onartu du. «Jendea atzerrira doa lan egitera, lan baldintzak hobeak baitira, eta lan saria ere bai».
Profesional gehiago
BAME barruko mediku egoiliarrek hauta ditzaketen espezialitateak Espainiako Gobernuak ezartzen ditu. Espezialitateen banaketan baino gehiago, «gutxiene- ko notari» ematen zaion garrantzian egin behar da aldaketa, Solorzanoren arabera: «Apaldu egin behar da, kanpoan geratzen diren medikuak urritzeko, eta lehen arretara profesional gazte gehiago erakartzeko».
Sare publikoko medikuak soilik sare horretan jarduteko esklusibotasunaren gaineko eztabaida ozen piztu da asteotan Hego Euskal Herri osoan; Osakidetzan ere hori aldatzeko eskea egin da hainbat sektoretan, baina horrekin deus ere ez dela konponduko adierazi du. «Ezinbestekoa da hautu askatasuna».
Ikusi gehiago:Olatu zuriak, berriz ere