«Izar bat». Miren Jone Azurzak halaxe definitu zuen, atzo, Rikardo Arregi (1942-1969) zena. 1960ko hamarkadan ezagutu zuen, Zeruko Argia aldizkariko erredakzioan. Bizi-bizi du oroimenean: «Haren bizitzeko gogoa, haren berri nahia». Iragan urrun hartan goldatzen hasitako uztaren emaitza umotuak atzo agerian geratu ziren Rikardo Arregi zenaren jaioterrian, Andoainen (Gipuzkoa), XXIII. Rikardo Arregi kazetaritza sarien banaketan. Sari nagusia Goiena Komunikazio Taldeak jaso zuen, iazko urrian hedabide multimedia integral eta integratua martxan jartzeagatik. Epaimahaiaren sari berezia, berriz, BERRIAko kazetari Ainhoa Oiartzabalek, Igandea gehigarrian 2011ko otsailaren 20an argitaratutako erreportajeagatik: Nork hil zuen Begoña Urroz?.
Goiena Komunikazio Taldearen saria Goienako zuzendari nagusi Inazio Arregik eta Edukien zuzendari Eneko Azkaratek jaso zuten «Pauso bat aurretik» joatea. Horixe dute meritu, epaimahaikideen ustez. Eredugarritzat dute sarea ardatz hartuta euskarri ezberdinak hedabide multimedia integral batean egikaritzeko egin duten lana. Ainhoa Oiartzabalen lana saritzeko, berriz, «ikerketari hertsiki loturiko» kazetaritza lan bat izatea hartu dute aintzakotzat. «Kazetaritza beste diziplina batzuekin uztartzen jakin du egileak, zehazki eta batez ere historiarekin, erreportajearen zorroztasunaren mesedean».
Kazetari berria
Izan zen sari gehiago ere; kazetari berria ataleko saria Igone Fernandez Mariezkurrena kazetariak eskuratu zuen Gaztezulo aldizkarian argitara emandako hainbat lanengatik. Aitormen berezia, literatur gaiak jorratzeko orain bi urte Euskaltzaindiaren eskutik martxan jarritako Erlea aldizkariari egin diote. Argitalpeneko zuzendari Bernardo Atxagak eta Xabier Kintanak jaso zuten saria. Sarituekin batera, hainbat agintarik ere hartu zuten parte ekimenean, tartean Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgellek eta Andoaingo alkate Ana Karrerek. Urgellek, ekitaldian keinua egin nahi izan zion euskarazko hedabideen sektoreari, konpromiso irmoagoa eskatu baitu honek erakundeen partetik. «Kultura Sailak ahal duen guztia egingo du euskarazko hedabideak bultzatzeko».
Ohorezko aipamena euskal kazetaritzako bi eragile aitzindarik jaso zuten: Zeruko Argia aldizkarian 1969-1975eko sasoian zuzendari aritu zen Miren Jone Azurzak eta euskal irratigintzan bide urratzaile izandako Ignazio Arregik. Pozarren azaldu ziren biak, esker oneko. «Lotsatuta, halako izen handiko gizon eta emakumeen aurrean», nabarmendu zuen Arregik. Orain lau hamarkadako kazetaritzaren egunerokoa oroimenaren zokotik atera zuten. Txikia zen, eta trabaz josia. Euskarazko hiztegi taxuzkorik ez, eta albisteak idazteko makina bat eragozpen gainditu behar izaten zituztela oroitu zuen Miren Jone Azurzak: «Eskerrak Nemesio Etxanizek hitz berriak asmatzeko erraztasuna zuen». Diktaduraren itomena era agerian utzi zuten zuzendari ohiaren hitzek. «Franco bizi zen, eta zorrotz begiratzen gintuzten».
Xabier Leteren abaroan
Izan zen sari banaketan presente beste izen bat ere: Xabier Lete, iazko abenduan zendutako poeta eta kantaria. Ekitaldia gidatzeko erabili zituen Kike Amunarriz aurkezleak haren hitzak. Gogora ekarri zuen poetaren kazetari jarduna ere, Zeruko Argia aldizkarian, besteak beste. Leteren oroimena goratzeko ekitaldian izan zen Antton Valverde abeslaria,kantari.
Ainhoa Oiartzabalentzat eta Goienarentzat aurten Rikardo Arregi sariak
'Nork hil zuen Begoña Urroz?' lanagatik jaso du BERRIAko kazetariak saria; multimedia lanagatik Goiena Komunikazio TaldeakMiren Jone Azurzari eta Ignazio Arregiri ohorezko aipamena, aitzindari izan zirelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu