Iñigo Cabacasen heriotza. Pilotakaden ikerketak

Aingeru Zudaire Justizia, «utopia»

Aingeru Zudairek ere ez du lortu identifikatzea nork bota zion 2012an begian jo zuen pilota. Auzia artxibatu zuten. Beste epaile batek, ordea, ebatzi du hori ez dela auzia artxibatzeko arrazoi.

jon ordonez garmendia
Burlata
2016ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Heriotzaren itzala eman zuen berriro gomazko pilota batek Cabacas hil eta 25 astera. Puri-purian zegoen eztabaida 2012ko irailaren 26an, Iruñeko Foruen pasealekuan pilota batek buruan jo zuenean Aingeru Zudaire (Atarrabia, Nafarroa, 1983). Ez zuen bete-betean jo, eta horri esker, hala dio berak, soilik begi bateko ikusmena galdu zuen. Ikusmena, segurtasuna, lana eta aurreko bizimodua. Eta, hala ere, eskertuta egon beharko lukeela dio, ironiaz. Cabacasi gertatua oroitzen duenean, begiak bustitzen zaizkio, eta hitzak, moztu. 1983ko maiatzean jaioak biak, gazteak ziren polizia bat euren bizitzan gurutzatu zenean. «Joan nintzen Cabacas hil zuten lekura. Han etzanda ikusi nuen neure burua».

Espainiako polizia batek bota zion pilotakada, hamabost metrotik, oinarrizko eskubideen murrizketaren kontrako greba orokorrean. Lau urte hauetan berak ere ez du lortu identifikatzea nor izan zen. Nafarroako Auzitegi Probintzialean salaketa jarri zuen, eta 2014ko ekainean Fermin Otamendi epaileak artxibatu egin zuen; poliziaren jazarraldia neurrikoa izan zela esan zuen, ukabilkada bat edo harrikada bat izan zitekeela ikusmena galarazi diona eta erantzukizuna grebara deitu zuten sindikatuei eskatzeko. Hor izan zuen lau urte hauetan izan dituen erorialdietako bat: «'Izorra zaitez' sinatzea bakarrik falta zitzaion». Joan den abenduan, ordea, beste epaile batek apelazio helegitea onartu eta ikerketarekin aurrera jarraitzeko agindu zion Otamendiri, Zudaireren eskuin begia jo zuen pilota nork bota zuen identifikatzeko.

Autoan beste epaile horrek dio garbi dagoela pilota batek jo zuela eta ez dela auzia artxibatzeko arrazoi nork bota zion identifikatu ezin izatea. Zudairek gutxienez han zeuden poliziak deklaratzera deitzea espero du. Hori ere ez baitzuen egin Otamendik —2013ko txupinazoan Iruñean ikurrin erraldoi bat zintzilikatu zutenak identifikatzeko 22 DNA proba egitea agindu zuenak—. «Protokoloak ez zituztela bete dio beste epaileak. Proportzionaltasun eta arrazionaltasun irizpideak aipatzen ditu behin eta berriro».

Lehen urtean egunero oroitzen zuen pilotakadaren unea Zudairek, ispilu edo kristal batera begiratzen zuenean, edo, begi bakarreko ikusmenarekin, edalontzi bat hartu nahi eta asmatzen ez zuenean, edo okerreko lekuan jartzeagatik zerbait erortzen zitzaionean. Egun horretan, goizean, Nafarroako foruzainak gomazko pilotekin oldartu zitzaizkien grebalariei, eta arratsaldean hainbat lagunek eserialdia egin zuten Sarasate pasealekuan horren kontra protesta egiteko. Espainiako Polizia oldartu zen orduan. Ordukoa da sare sozialetan Recuerdo de España (Espainiako oroigarria) idatziarekin ezagun egin zen pilota zuri bat. Txiripaz dago bizirik. Oldartzen hasi zirenean, eserialditik altxatu zen, eta pilotakadak jo zuenean burua ezkerrerantz mugitzen ari zen. Horri esker ez zuen jo bete-betean pilotak. Eskuin begian hiru ebaketa egin dizkiote, eta laugarrena ere egin beharko diote ziurrenik. Ez du galdu begia, baina bai ikusmena. Jotako begiaren alde batetik «iluntasun handi bat» besterik ez du ikusten, eta beste aldean argia bai, baina ez gehiago. Lehen egiten zuen lana utzi behar izan zuen. Pailazo eta malabarista zen. «Begirada da pailazo batek duen erremintarik onena. Begirada on bat ez badut, ezin dut gustura lan egin. Malabarrak ere ezin ditut egin». Baina bizitza berregin du, eta lanean ari da berriro.

Zer gertatu zitzaion ez dakien norbaitek ez luke igarriko. Aurpegian ez du arrastorik. Begikoaz gain, ordea, barruko zauriak ere utzi zizkion pilotakada hark. «Askotan zauri fisikoei erreparatzen diegu, baina pilotakada ematen diotenari agertzen zaizkion mamuak ez ditugu ikusten». Adibide argi bat jarri du: «Begi onean zomorro bat edo beste zerbait sartuz gero, itsu geratu eta erotu egiten zara». Gorrotatzen ikasi zuen orduan. Lehen hilabeteak oso gogorrak izan ziren, eta lasaigarriak hartu behar izan zituen. «Barneratzen duzu gorroto hori, eta ez dizu lorik egiten uzten». Baina ohartu zen gorrotoak berari egiten ziola min, eta alde batera utzi zuen. «Gorrotatzen duzuna ez da jabetzen ezertaz», ondorioztatu du. Amak lagundu zion. «Askotan esaten zidan amak gorrotoak niri bakarrik egiten zidala min, eta tiro egin zidana barkatzen saiatu behar dudala. Ez dakit horretara iritsi naizen, baina lortu nuen gainditzea gorrotoa amaren, familiaren, neska-lagunaren eta lagunen laguntzareki». Herrikoentzat ere hitz onak ditu.

«Ni pozik egongo nintzateke tiro egin zuen poliziari, kalean zeuden polizien arduradunari eta komisariako arduradunari plaka kenduko baliete. Hori litzateke justizia. Ez dut dirurik nahi». Aitortzen du, baina, zaila duela pilotakada nork bota zuen identifikatzea, «ez dagoelako argazki edo bideorik». Nahi du, baina nahi hori «utopikoa» dela zehaztu du. «Bideo bat beharko nuke poliziaren aurpegia erakusten duena eta berak botatako pilotakadak jotzen nauela erakusten duena».

Beste bide bat badago. Bi polizia talde zeuden orduan berarengandik gertu. Deklaratzera deitu ditzatela nahi du bederen. «Egia esaten badute, agian irits gaitezke bota zuenarengana». Egun horretako poliziaburuak ere ez dituzte deitu deklaratzera. Nortzuk diren ez daki. Txosten bat eskatu zion bere defentsak Espainiako Poliziari, baina erantzun diete iskanbilatsua izan zela egun hura. Lau urte hauetan Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzako inor ez da jarri berarekin harremanetan bere egoeraz galdetzeko, ezta Poliziako eta Nafarroako Gobernuko inor ere.

«Ez dutenez esango nor izan zen, oso zaila da. Baina uste dut egin beharreko bidea dela auziarekin jarraitzea. Ez da erraza, luzea delako eta hura gogoratu behar duzulako, eta Xuban Nafarrateri gertatu zitzaion bezala, gerta litekeelako dirua ordaindu behar izatea». Nafarratek salatu zuen 2012ko martxoaren 29ko greba orokorrean gomazko pilota batekin jo zuela Ertzaintzak, baina Arabako Probintzia Auzitegiak orain urtebete ebatzi zuen estropezu egin eta lurrera erorita hartu zuela min. Eta auzia itxi zuen, helegiterik aurkezteko aukerarik gabe. Garezur-garunetako traumatismoa izan zuen gazte gasteiztarrak. Haren familiak gomazko pilota batek jo zuela frogatzeko bideo bat aurkeztu zuen; bideoan ikusten da Ertzaintzaren eskopetero batek eskopetarekin Nafarrate apuntatzen duela erori aurretik. Epaiketan deklaratu zuen forentsearen arabera, baina, eskopetero hark pilota bat bota izan balio bestelakoa beharko zuen zauriak, eta ondorio «ezin txarragoa» izango zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.