Ainara Basurko izango da Bizkaiko Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatu Pradalesen ordez

Imanol Pradales EAJko lehendakarigaiaren postua hartuko du Basurkok, aldi baterako.

Ainara Basurko
Ainara Basurko Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatua, Elkargiren Finanza foroan, urtarrilean.
Irati Egibar Izeta
2024ko otsailaren 29a
15:00
Entzun

Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako diputatu kargua utzi du, eta Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko diputatuak hartuko du haren lekua. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak berak sinatu du EAJren lehendakarigaiaren kargu uztea, gaur.

Leixuri Arrizabalaga foru aldundiko bozeramaileak gobernu kontseiluaren ostean azaldu duenez, oraindik ezin da «aurreratu nor izango den behin betiko ordezkatuko duena, ezta noiz egingo duen ere»; hori bai, laster izango dela gaineratu du.

Arrizabalagak gaurko gobernu kontseiluan adierazi du «eskertzen» duela Pradalesek egindako lana. Bizkaiko Foru Aldundian hamabi urte eman ondoren, Pradalesek azken aldiz parte hartu du erakunde horren gobernu kontseiluan. Hain zuzen ere, atzo agur esan zien Bizkaiko Batzar Nagusiei, ganberaren aurrean egin zuen azken hitzaldian. Indar politikoak elkarren artean ados jartzearen alde egin zuen, eta urte hauetan Bizkaiko Foru Aldundiko kide izatea «ohorea» izan dela aitortu.

Pradales hamabi urtez egon da foru gobernuko taldean, 2011ko ekainaren amaieran Ekonomia Sustapeneko Saileko kargua hartu zuenetik. Unai Rementeria foru aldundiko buru zela, Ekonomia eta Lurralde Garapeneko kargua hartu zuen bere gain Pradalesek, bi legealdiz; Etxanoberekin, berriz, Azpiegitura eta Lurralde Garapen Sailaren ardura izan du orain arte.

Basurko Ondarroan (Bizkaia) jaio zen, 1972an, eta Zuzenbidean lizentziaduna da. 2015ean eta 2022an Azaro fundazioaren zuzendari nagusia izan zen, eta ardura hori Lea-Artibai Garapen Agentziaren gerentziarekin uztartu zuen. Halaber, 2015ean Beaz-eko zuzendaritza nagusia hartu zuen, eta, 2019tik, Sustapen Ekonomikoko foru diputatua da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.