«Justizia biktimentzat! 8 urte eta 11 urte bitartean bortxatu ninduten. Ez dut utziko! Sostengatzen ditut Betharramgo ene anai-arrebak. Ahalkegarriak zarete, eta justiziak deus ez du egiten. Ez dugu utziko!». Arnaud Gallais Betharramgo (Okzitania) ikastetxe katolikoko ikasle ohi eta biktimetarik baten oihuak dira, zuzendu dizkienak lehentze prentsaurrekoa egin duten Marc Aillet Baionako apezpikuari, Vincent Destais elizbarrutiko hezkuntza zuzendariari eta Laurent Baxo Betharramgo kongregazioko ordezkariari.
Betharramen gertatutako indarkeria fisiko, psikologiko eta sexualen testigantza eta kexa berriei erantzuteko deitu zuten prentsa. Hitza hartu eta segundo bat besterik ez die utzi Gallaisek, besoa gora altxaturik, ukabila hetsirik: «Eskularru xuri hori Elizaren barneko sexu indarkeriaren biktimen omenezkoa da». Biktima horietako batzuk euskal herritarrak dira, Betharramgo eskola katolikoko ikasle izanak.
Apezpikuak hartu du hitza gero, segurtatu nahian «drama» horretaz «orain» jabetu direla, eta inporta diena biktimak direla. Gallaisen arabera, ordea, orain arduratu dira gaiaren inguruko jarreraren eta hitzaren hartzeaz, biktimen esanek eta prentsan agertutako deklarazioek «hauturik ez baitiete utzi». Izan ere, Betharramgo afera prentsaren bitartez zabaldu da anitz: azken hilabeteetan, biktimen zenbaketa eguneratuak eta testigantza bilketak ezagutzera emanak izan dira prentsan, aferaren egia gordeak argitan ezarriz.

Betharram ikastetxeko ikasle ohiek iazko urri hastapenean sortu zuten Facebook talde bat nerabezaroan bizitako sexu erasoak eta bortizkeriak salatzeko. Ikastetxe katolikoko apez eta zaindari ohi batzuen kontrako 150 salaketa inguru bildu dituzte. Paueko prokuradore Rodolphe Jarryk ikerketa ireki zuen.
Bortizkeria eta sexu abusuak
Ailletek erran duenez, berak ere prentsan jakin ditu kasu horiek gehienak. Laurent Baxo Betharramgo kongregazioko ordezkariak aitortu du «lotsatzen» direla «ekintza horiez»; kongregazioaren izenean mintzatu zen joan den astean, eta sexu erasoen eta bortizkerien erantzukizuna hartu zuen.
Haatik, azaldu du indarkeria kasuen berririk ez zuela izan horraino. Segidan, haren erranak gezurtatu ditu gelaren gibelean egona zen gizon batek: «Ni Uztaritzeko [Lapurdi] San Frantses Xabierkoa kolegioan nintzen, ez Betharramen, baina bata eta bestea ezagunak ziren bortizkeriagatik. Ene burasoek bazekiten: horregatik bidali ninduten. Denek bazekiten». Juntatu zaio Gallais: «Bistan dena. Ipar Euskal Herriko herri ttipietatik pasatu naiz azkenaldian, eta jendeek erran didate: ‘Betharram? Horretarako zen’. Ahalkegarria da hola gezurretan segitzea. Guretako berantegi da, baina gure haurrendako borrokan segituko dugu». Mouv'Enfants elkarteko militantea da Gallais, haur eta nerabeen aurkako indarkeria mota guztien kontra borrokatzen dena.
Erantzun dio Baxok: «Indarkeria kasuak, bai, baina uste dut bortizkeria fisikoa eta sexu indarkeria bereizi behar direla». Orduan asaldatu da Gallais, ukabila beti gora: «Ni bortxatua izan naiz, eta bat egiten dut ene anaiarekin [Uztaritzeko biktima] jasan duen bortizkeria fisikoagatik. Batak bestea ekartzen du! Ahultasunaren eskema da: indarkeria fisikoak abusu sexualak dakartza».
Berantago, Ailletek hitza hartu du berriz, eta bestela formulatu: «Pentsa liteke egindakoak kontzientziarik gabe gordetzen genituela instituzioaren irudia ez zikintzeko. Zenbait gauza bagenekizkien, segur aski, baina erranen nuke Eliza ez dela ohartu. Omertá bat gertatu da, nolazpait». Isiltasunaren legea ere deitzen zaio. «Eta ez zen Elizan bakarrik, maluruski: gizartearen egoera orokorrago batekin lotu behar dira indarkeria horiek».
Entzuteko gela eta protokoloak
Baxok hartu du hitza gero, zehazteko zer-nolako tresnak plantatuko dituzten Betharramgo ikastetxean, gertatutako indarkeriei erantzuteko ez ezik, etorkizunera begira ere halakoak gehiago gerta ez daitezen; Baxo bera da Betharramgo kongregazioko entzuteko zelularen arduraduna. Adibidez, prebentzio saioak egiten dituzte, eta protokolo bati jarraiki behar diote apezek eta zaindariek.
Horretaz gainera, kontatu du IFJD erakundearekin lanean hasiak direla, zeina arduratzen baita trantsizio, egia, justizia eta adiskidetze prozesuekin lotutako mekanismoak aztertzeaz. Heldu den larunbatean aurkeztuko dute proposamena, IFJDk Baionako Unibertsitatean eginen duen forumean. Kongregazioak diruztatuko duen batzorde independente bat ere abiatuko dute sexu erasoen eta bortizkerien «arrazoiak» identifikatzeko.
Gertatu direnak gertatu direla eta erreparaziorako gogoa azpimarratu badute ere behin eta berriz, Henri Lamasse apezak Betharramen jarraitzen du, adibidez: ikasle bat bortxatu izanaz akusatua da, eta, duela aste batzuk, sexu indarkeria praktikatu izana aitortu zuen atxiloaldi batean. Ordea, Betharramgo zahar etxean dago gaur egun, eta, Gallaisen esanetan, «zenbait elizkizun betetzen ditu» oraino ere.
Prentsaurrekoa bukatzera zihoala, Baxori galdetu zaiolarik halakoak egin dituen elizgizon bat gizon gisa ikusteko prest denetz, honako hau erantzun du: «Ene anaia kriminala izanik ere, ene anaia da oraindik».
Gallaisek ukabila gora atxiki du oraino, eta prentsaurrekoa bukatzearekin apaldu du, oren bat eta erdiren buruan.