Martxoak 8

Aillet apezpikua babestera deitu du eskuin muturrak

Apezpiku etxerako martxa antolatua dute kolektibo feministek gaurko.Manif Pour Tous eta Fronte Nazionala parean izanen dituzte emazteek

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2016ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Kolektibo feministei erantzuteko, eskuin muturrak elkarretaratzera deitu du gaurko, 18:00etan, Baionako katedralaren aitzinean, Marc Aillet apezpikuari sostengua erakusteko. Sexu berekoei ezkontza eskubidea ematearen kontra sortu zen Manif Pour Tous kolektiboak egin du deialdia, eta Fronte Nazionalak ere mobilizatzera deitu du.

Emakumeen Nazioarteko Egunean deialdi bateratua egiteko elkartu dira PAF, Emazteek Diote, Bortizkeria Sexisten Kontrako Kolektibo Feminista, Les Bascos, Planning Familial eta EHZ taldeek, Gora emazteen borroka! lelopean. 17:30ean elkarretaratzea eginen dute Espainiako atean, eta 18:15ean Baionako apezpiku etxe aitzinean bilduko dira, «jarrera atzerakoi guzien kontra»; ondoren, Baionako herriko etxe aitzinean bukatuko da manifestazioa.

Aillet apezpikuaren adierazpenak salatzea da mobilizazioaren xedea. «Estatuak dio herritarrak babestu nahi dituela Estatu Islamikoaren aitzinean, eta abortuaren aldeko kanpaina batean engaiatzen da, milaka errugabe bortizkeriara kondenaturik», esan zuen urtarrilean Twiterren. Iragan astean ere polemika sortu zuen, katedralean abortuaren kontrako bideo bat hedatuz: emazte baten bularra eta zilborra ageri ziren, jarraian odol eta larru irudiak lerrokatuz. «Obra artistiko» gisa aurkeztu zuen apezpiku etxeak. Lola Garzia PAF kolektiboko kidearen ustez, ekintzok erakusten dute oraino badela «jendea emazteen eskubideak borrokatzeko eta kentzeko».

Manif Pour Tous-ek Aillet sostengatzera deitu du. Ohar batean salatu du «bere adierazpen ausartengatik eraso» egiten diotela, «egia erraten duelako». Jean Michel Irachet Fronte Nazionaleko departamenduko buruak ere mobilizazioan parte hartzeko eskatu die «patriota» guziei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.