BAIONA.Besteak beste Cyrano de Bergerac idazlana sortzeagatik egin zen ezagun Edmond de Rostand antzerkigile eta poeta frantsesa (1868-1918), eta haren bizitoki izan zen Arnagako Etxea (Kanbo, Lapurdi). Euskal estiloko arkitekturarekin lotu izan da eraikina, inguruko baserrien eraginagatik, eta bereziki ezagunak dira hango lorategiak. Etxe horretan egingo dute Gatazkaren Konponbidea Aitzinatzeko Nazioarteko Topaketa, maiatzaren 4an.
Handik 65 bat kilometrora egin zuten, Donostian, gatazkaren konponbidean mugarri izan den nazioarteko beste konferentzia: Aieteko Jauregian, Franco diktadorearen udako bizitokia izandakoan. Arnagakoa topaketa horren jarraipena izatea nahi dute antolatzaileek, azaldu dutenez. Aukeratu duten logoak erakusten du lotura hori.
2011ko urriaren 17ko irudia errepikatu eta, ahal bada, zabaldu nahi dute antolatzaileek. PP eta UPN salbu, beste alderdi guztietako ordezkariak eta sindikatu guztietakoak bildu ziren Aieten. Baina hutsune handi bat izan zen mahaiaren bueltan: ez zen lehendakaririk izan. Eusko Jaurlaritzako Patxi Lopez (PSE-EE) Ameriketako Estatu Batuetara joan zen bidaia ofizialean, eta Nafarroako Yolanda Barcinak (UPN) uko egin zion parte hartzeari. Euskal elkargorik ez zegoen —iaz sortu zen—, eta Jean Rene Etxegarai ez zen Baionako auzapeza —Jean Grenet zen alkate, eta Donostian egon zen—.
Etxegaraik baieztatu du Arnagako konferentzian izango dela Euskal Elkargoa ordezkatuz, eta han izateko gonbita egin die beste bi lehendakariei, EAEko Iñigo Urkulluri eta Nafarroako Uxue Barkosi.
Aieten, halaber, nazioarteko sei pertsona ezagun egon ziren: Kofi Annan, Gro Harlem Brundtland, Bertie Ahern, Gerry Adams, Pierre Joxe eta Jonathan Powell. Haientzat ez zen arrotza han hitz egin behar zena. Modu batera edo bestera, lagundu zuten Aiete aurretik, eta lagundu dute ondoren ere. Eta horien artean batek, bereziki: Jonathan Powellek. Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro izandakoaren kabineteburuaren bitartekaritza lehen eskukoa izan zen Loiolako eta Genevako elkarrizketetan, Aieten, eta ondoren. Baina Arnagan nor izango den ez dute jakinarazi antolatzaileek; nazioartetik norbait izango den ere ez.
Konponbideari begira. Kanboko topaketa
Aietetik Arnagara
2011n eginiko konferentzian ez zen lehendakaririk izan; Etxegaraik Urkullu eta Barkos gonbidatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu