Hamar urte beteko dira laster Euskal Herriko Gatazka Konpontzeko Nazioarteko Konferentzia egin zutela, Aieteko jauregian (Donostia). Urriaren 17an izan zen ekitaldia, eta orduko antolatzaile izan ziren Conciliation Resources eta Berghof fundazioak eta Bake Bideak eta Foro Sozial Iraunkorrak jardunaldiak antolatu dituzte urteurrenaren aitzineko egunetarako: urriaren 14an eta 15ean Donostian emanen dituzte hitzaldiak, Aieteko jauregian eta Kursaalen, eta urriaren 16an Baionan. Aietek 10 urte. Irakaspenak eta erronkak jarri diote izenburua.
Euskal Herriko gatazkaren bideratzean parte hartu izan duten sona handiko pertsonek hartuko dute hitza jardunaldietan. Horien artean izanen dira, erraterako, Martin Griffith, Jonathan Powell, Brian Currin, Teresa Witfield, Sergio Jaramillo, John Carlin, Andy Carl eta Veronique Dudouet. Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako hizlariak ere bai: Quim Torra, Jordi Cuixart, Juan Jose Ibarretxe, Amalur Alvarez eta Paul Rios, erraterako.
Foro Sozialeko eta Bake Bideako kideek gaur Donostian jardunaldiak aurkezteko egin duten agerraldian adierazi dute duela hamar urte baino «askoz hobe» dagoela egoera, baita duela urtebetekoa baino hobe ere: «Balantze positiboa egiten dugu». Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramaileak azaldu du ETAk bere burua desegin zuenetik hiru oztopo eta erronka nagusi gelditzen direla ebazteko: biktima guztien eskubideak eta horietako batzuekiko dagoen «diskriminazioa» bukatzea, preso guztiei espetxe politika «arrunta» aplikatzea eta «memoria kritiko inklusiboa» eraikitzea.
Urrian eginen dituzten jardunaldiei hiru helburu nagusi jarri dizkiete: «euskal bake prozesuaren irakaspenak» balioestea, «bakearen eraikitze prozesuari» dagozkion oztopoak eta aukerak aztertzea eta gatazkak konpontzeko erronka globalez hausnartzea. Donostiako egitarauaren berri xehe eman dute gaurko agerraldian; Baionakoa, berriz, bertze agerraldi batean aurkeztuko dute, sarri.