Aste honen hondarrean beteko dira 10 urte Aieteko konferentziatik: euskal gatazkaren mugarri izan zen hitzordu hori, baina bide luze eta malkartsu bat urratu behar izan zen horra iristeko –irakurri: Aietera iristeko bide luzea–. Bost puntu adostu ziren bertan, eta horietako lehena azkar bete zen, ETAren jardun armatuaren amaiera: konferentziatik hiru egunera eman zuen ETAk bukatutzat jarduera armatua, urriaren 20an, prozesu baten ostean. Beste lau puntuak, aldiz, ez dira hitzartu bezala bete –irakurri: Puntu eta segidan, oraingoz–.
Urteurrenaren harira, sakon eta zabal landutako hainbat erreportaje argitaratu ditu BERRIAk Bake Konferentziak utzi eta ekarritakoari buruz. Idatziz ez ezik, ikus-entzunezkoen bitartez ere landu du gaia, eta horren adibide dira Aieteko Bake Konferentzia: 10 urte, 10 gako eta Aieteko Bake Konferentzia: 5 puntuak bideoak. Aieteko Bake Konferentziara iritsi eta amaitu bitarteko hamar gako biltzen ditu lehen ikus-entzunezkoak, urratutako bide hori ilustratzeko hamar mugarrirekin.
1) ETAk orain hamar urte jakinarazi zuen betiko utziko zuela jarduera armatua. Estrategia politiko-militarrarekiko kezkak, hura albo batera uzteko gogoetak eta negoziaziorako formula berriak lehenagotik zetozen ezker abertzalean.
2) 2007ko maiatzean Genevako mahaia hautsi zen. Batasunak eta ETAk ez zuten ikuspegi bera Genevakoaren ostean. Ezker abertzaleak agortutzat jo zuen estrategia eta negoziazio eredua. ETAk 2007-2008 batzarraren ostean borroka armatua segitzea erabaki zuen.
3) Azkeneko elkarrizketa prozesua 2007an apurtu ondoren, Batasunak eta nazioarteko komunitateko kideek ez zuten haria eten; eutsi egin zioten eta horrek gerora fruituak eman zituen.
4) 2009an Bateragune auziko polizia operazioa egin zuen Espainiako Estatuak. Altsasuko Adierazpenean ezker abertzalea politikoak lehen aldiz jaso zuen indarkeriri uko egitea. Zutik Euskal Herria ebazpena plazaratu zuen jarraiki. Estrategia politiko-militarretik politikora pasatzeko, mugarria.
5) ETAk 2010eko irailaren 5ean, agiri baten bidez jakinarazi zuen eraso ekintza armaturik ez egiteko erabakia hartua zuela. Urte bereko otsailean hartu zuen erabakia, Zutik Euskal Herria-ren ondoren, baina isilpean gorde zuen; nazioarteko eragileen esan zien, baina.
6) Nazioarteko hainbat eragile ezagunek Bruselako Adierazpena plazaratu zuten urte berean, 2010ean. Su-eten iraunkor eta benetan egiaztatzeko moduko bat eskatu zioten ETAri. Eskatutakoa beteko balitz, Espainiako Gobernuari behar bezala erantzuteko eskatzen zitzaion.
7) 2011n ETAk nazioarteko komunitateak egiaztatu ahalko zuen su-eten iraunkor eta orokorra eman zuen eta ezker abertzalearen apustua berretsi zuen. Gatazkaren ondorioez aritzeko zeharkako elkarrizketa prozesu bati ekiteko baietza eman zuen ETAk eta Espainiako Gobernuak.
8) Zapaterok 2011ko apirilean jakinarazi zuen bere azken legealdia zuela, eta hauteskundeak lau hilabete aurreratu zituen uztailean: azarora. Ordurako, Aietekoa mamitzen ari zen. Nazioarteko bitartekariek ‘Bide orri erresultantea’ delakoa diseinatzeari ekin zioten ETArekin eta PSOEren gobernuarekin.
9) Lokarrik eta nazioarteko eragileen Aiete jauregiko konferentzia aurkeztu zuten. Urriaren 17an izan zen.
10) Hamar urte pasatu dira. Aieteko Adierazpeneko bost puntuetatik ETAren jardun armatuaren bukaerarena da erabat bete den bakarra.
Bigarren bideoak, berriz, hitzordu garrantzitsu horretan adostutako bost puntu biltzen ditu, eta horietatik zein bete diren xehatzen du.
Aieteko Bake Konferentzia: 5 puntuak
1)ETAri jardun armatuaren behin betiko amaiera iragartzeko adierazpen publikoa egiteko eskaera → Konferentziatik hiru egunera plazaratu zuen ETAk agiria, 2011ko urriaren 20an.
2)Espainiako eta Frantziako gobernuei ETArekin “gatazka armatuaren ondorioez soilik” hitz egiteko deia → Osloko mahaian ziren esertzekoak. Espainiako Gobernua ez zen agertu –2011ko abendutik PSOEren partez, PP– 2013an ETAk iragarri zuen Osloko mahaia desegina zela. Prozesuak beste bide bat hartu zuen: ETA 2017an armagabetu zen eta 2018an desegin. Euskal presoen arloan, bi gobernuek azken hiru urteetan pauso batzuk eman dituzte.
3)Minaren eta biktima guztien aitortza egiteko eta adiskidetzean pauso sakonak emateko deia → Pausoak eman dira. Eragile askok ETArekiko kritikan sakontzeko exijitzen diote ezker abertzaleari. Madrilek ez du deus egin tortura salaketak argitzeko, eta Europak dozena bat aldiz zigortu du Espainia.
4)Eragile ez-bortxatzaileei eta ordezkari politikoei gai politikoez aritzeko eskaera. Herri kontsulta → 2017: Euskal Hirigune Elkargoaren sorrera. 2018: EAEko estatus politiko berriaren oinarriak. Akordioak ez du segidarik izan. Gure Eskuk dinamika handia izan du gizarte zibilean.
5)Aholkuak bideratzeko eta gauzatzen laguntzeko Jarraipen Batzordea eratzeko prestasuna → Aieteko Adierazpenaren egileen batzorde espezifikorik ez den arren, Euskal Herriko bake prozesuak izan du nazioartean laguntzarik ETAk jarduera armatua utzi ostean ere.