Aieteko bake konferentziari emango diote aurten Sabino Arana saria

Sabino Arana fundazioak sei sari banatuko ditu urtarrilaren 29an, Arriaga antzokian

Gerry Adams, Gro Harlem Brundtland, Bertie Ahern, Kofi Annan, Pierre Joxe eta Jonathan Powell, urriaren 17an, Aieteko jauregian. ANDONI CANELLADA / ARP.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Sabino Arana fundazioak atzo jakinarazi zuen, Bilbon egindako prentsaurrekoan, aurten nortzuek jasoko duten erakundearen izena duen saria. Denera, sei sari emango ditu fundazioak: hain justu ere, Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia, Deustuko Unibertsitatea, Bilboko Merkataritza Ganbera, Eunate Agirre, Maite Lafourcade eta CAF sarituko ditu. Fundazioko lehendakari Juan Maria Atutxa eta bertako zuzendari Irune Zuluagak eman zuten atzo sarituen berri.Sariak urtarrilaren 29an banatuko dituzte, Bilboko Arriaga antzokian.

Atutxak jakinarazi duenez, Nazioarteko Bake Konferentziak «bake prozesuari egin dion ekarpen berezi eta garrantzitsuagatik» jasoko du aurten Sabino Arana saria. Azpimarratu du bakearen aldeko «konpromisoaren eta borrokaren kate historikoarenikur» dela Aieteko konferentzia, Lokarrik joan den urriaren 17an konponbidea sustatzeko antolatutakoa. Sabino Arana fundazioak uste du begi bistakoa izan dela biltzarrak bake prozesua abiatzeko izan duen garrantzia, «hura egin eta hiru egunera ETAk jarduera armatua uzten zuela jakinarazi baitzuen». Hortaz, konferentzia bakea lortzeko prozesuan «mugarri berezia eta esanguratsua» izan dela deritzo.

Era berean, Atutxak azpimarratu du gaur egun euskal gizarteak inoiz baino hurbilago duela bakea. Gogoratu zuenez, urte askotan herritar eta gizarte eragile gehienek beren «harri koskorra» jarri dute indarkeria deslegitimatu eta haren aurka borrokatzeko, eta orain «denen ahalegin eta konpromiso hori» saritua izan da.

Aieteko konferentziaren izenean, BertieAhern Irlandako lehen ministro ohiak jasoko du Sabino Arana saria.

Beste bost ere bai

Deustuko Unibertsitatea, berriz, 125 urtean ia 100.000 ikasleren prestakuntzan egin duen ekarpenagatik saritu dutela azaldu du Atutxak: «Nazioarteko, Estatuko eta Euskadiko gizartearen giza garapenean zeregin nabarmena bete du». Gainera, esan du «Europan aitzindaria den prestakuntza eskaintza lehiakorra» duela gaur egun.

Bilboko Merkataritza Ganberaren «ibilbide luze eta emankorra» ere goretsi nahi izan du Sabino Arana fundazioak. Hala, «Bizkaiaren eta Euskadiren industrializazioan izan duen inplikazioa» saritunahi izan du aurten.

Era berean, Eunate Agirre bodyboardeko munduko txapeldun berriaren «kemena, ahalegina, ardura eta hobetzeko jorana» goraipatu ditu. Maite Lafourcadezuzenbidean aditu, lege arloko ikerlari eta irakasleari dagokionez, berriz, haren «ibilbide luzea» eta Iparraldean euskal zuzenbide tradizionalaren inguruan garatutako «lan garrantzitsua» nabarmendu du fundazioak.

Horiekin batera, Beasaingo (Gipuzkoa) CAF enpresari ere emango dio aurtengo saria, «argi eta garbi islatzen duelako euskaldunek mundu osoan duten ondo egin zale izatearen ospea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.