Aiete martxan dagoela ondorioztatu dute Baionako Foroaren sustatzaileek

Aieteko adierazpenaren laugarren puntua, elkarrizketa politikoa, abian da hautetsiek adostu testuaren ildoan

Ezkerretik hasita, Arzak (Lokarri), Funosas (Bake Bidea) eta Massias (Baionako Unibertsitatea). GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Baionako Foroaren antolatzaileek larunbateko jardunaldiaren bilduma baikorra egin dute, eta,haien iritziz, ez dago zalantzarik Aieteko adierazpena martxan dagoela. Bake Bidea, Lokarri eta Baionako Unibertsitateak elkarrekin egin duten agerraldian nabarmendu dute hautetsiek larunbatean egindako adierazpenaren balioa. Argiki adierazten dute elkarrizketa politikoari ekiteko borondatea, eta azpimarratzen dute Ipar Euskal Herrian posible dena posible dela Euskal Herri osoan.

Anaiz Funosas Bake Bideako kideak hartu du hitza antolatzaileen izenean. Baionako Foroa ez zen Aiete bis. Aieteko adierazpenean sakontzea, arrazoiak ulertzea zen helburua. «Ezberdinen arteko elkarrizketa abian da, eta Foroan nazioarteko eragileek eta tokiko hautetsiek erran zuten bezala, Aiete egingarria da, helburuak lor daitezke». Aiete gizarteratzea zen helburua, eta larunbateko mahai inguru guztietan hainbat elementu errepikatu ziren. Batetik, Frantziak eta Espainiak ez dutela gogorik ildo horretan urratsik egiteko. Horrekin batera, argi azaldu zuten guztiek gizarteak bide hori egin nahi badu, lehenago edo geroago, estatuak bide hori segitzera behartuak izanen direla.

«Argi erran ziguten gure esku zegoela blokeo egoerak gainditzea, gizartea delako bake prozesuaren egiazko protagonista eta eragilea». Unibertsitateko anfiteatroa eragilez gainezka egon zen egun osoan. Denek ez zuten hitza hartzeko parada ukan.

Abiapuntua

Antolatzaileek nabarmendu dute Baionako Foroa ez dela deusen bukaera, gizarteratze prozesuaren abiapuntua baizik. Horregatik, datorren urtean lau mintegi antolatuko dituzte, eragileei irekiak. Oraindik ez dute egunik ezarri, baina gatazkaren ondorioei ekinen die lehenak. Bertan aipatuko dituzte presoen egoera, iheslariena, armak uzteko aukera edo bi estatuetan dauden salbuespen legediak.

Kritikak ere jaso dituForoak, izan dadin euskarak ez zuelako behar duen presentzia ukan, emazte gutxi zirelako hizlarien artean edota agenda kontuengatik, bilkuran presente izan ziren eragileek ezin izan zutelako parte hartu. Baionan izan ziren, bertzeak bertze, presoen kolektiboko ordezkari batzuk eta iheslarien kolektiboa.

Adierazpenaren gizarteratzea guztien eta bakoitzaren eginkizuna dela gogoratu dute antolatzaileek. Iritzi ezberdinetatik, ikuspegi eta pentsaera ezberdinetatik abiaturik, bake justu eta iraunkorrerako bidea nola eraiki izanen da aitzinean den erronka. Datorren urtean eginen diren mintegiak norabide horretan gauzatuko dira, eta, arloz arlo, eragile guztiek haien ekarpena eginen diote bake prozesuari.

Ipar Euskal Herrian eragile politikoek egindako adierazpenari garrantzia eman dio Iñaki Arzak Lokarriko kideak. Hego Euskal Herrian ere horrelako mugimendu bat sor daiteke. «Argi dago beharra badagoela. Hautatu berria dute Jaurlaritza, eta ondoko bi urteotan ez da hauteskunderik izango». Gizarte mugimenduek tarte hori bakegintzan urratsak egiteko baliatu behar dutela azaldu du. Aldarri hori gizartean eta alderdietan ere badagoela uste du, eta horretan oinarritzen da pentsatzeko, Ipar Euskal Herrian bezala, urrats hori ere egingo dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.