Aiaran idatzitako 45.000 euroko Biblia, ikusgai Bilbon

XIV. mendekoa da Astarloa liburu dendan dagoen liburua. Kexaako monasterioan aurkitu zuten, Londresen enkantean atera, eta, orain, Bilbon izango dute, abuztuaren 31ra arte.

Bibliaren aurkezpena, ekainean, enkantean jarri baino lehen. NAIALE URKIJO / EFE
Bibliaren aurkezpena, ekainean, enkantean jarri baino lehen. NAIALE URKIJO / EFE
2024ko abuztuaren 5a
14:10
Entzun

Nork esango zien, Erdi Aroko Biblia haren gainean idatzi eta marraztu zuten Kexaako (Aiara, Araba) mojei, liburuaren 68 orri —idatzi osoaren hamarren bat— 45.000 euroren truke ipiniko zituztela enkantean, zazpi mende geroago. Erabileraren bat bilatu nahi izan zioten haiek —karpeta moduan ere erabili zuten—, Biblia «arrunta eta zaharkitua» zelakoan. Egoera gogotik aldatu da, baina.

XIV. mendean du jatorria Kexaako Bibliak, izen bereko monasterioan, hain zuzen. 700 orriz osatutako liburu sakratua da. Haren 68 orri ekainean atera zituen enkantean Londresko Christie's etxeak, eta bildumagile batek eskuratu zituen 45.000 euroren trukean. Bilboko Astarloa liburu dendako bezeroa da eta, orain, interesa duten guztiei eman nahi izan die liburua ezagutzeko aukera: saltokiko jabeekin adostu du antzinako idatzia bertan erakustea abuztuaren 31ra arte.

Ekainean bertan, Biblia beraren beste 22 pergamino aurkitu zituen Arabako Foru Aldundiak. Kexaako monumentu multzoan aditua da Luis Padur, eta hari esker egin zuten aurkikuntza. Hark enkantearen berri izan bezain laster eman zuen abisua, Kexaan Biblia horretakoak ziren pergamino gehiago egon zitezkeela. Aldundiak hartu du horiek enkantera ez ateratzeko konpromisoa.

Aurkikuntza esanguratsua

Izan ere, oso gutxi dira Erdi Arotik kontserbatzen diren Biblia euskaldunak. Astarloa liburu dendako jabe Iker Madariagak Noticias de Gipuzkoa-ri adierazi dionez, zaila da oso XV. mendetik atzera halako dokumenturik aurkitzea. Izan ere, garai hartan ohikoa zen 200 edo 300 urte zituzten liburuak trapu zaharren moduan erabiltzea. Horregatik ditu liburuak hainbat idatzohar eta kendutako orri. Ziurrenik, XVII. mendean egingo zituzten mojek moldaketa horiek.

Kexaako Bibliak baditu aurkikuntzaren garrantzia areagotzen duten beste bereizgarri batzuk ere: XV. mendeko dokumentu gutxik dute horren letra larria; handia, garai hartarako.

Artistikoa ez ezik, balio historikoa ere badu, datu ugari ematen baititu liburuaren testuinguru historikoari buruz. Ikerlarien arabera, Petri Lopez Aiarakoa edo haren familiartekoak izango lirateke liburua egitea agindu zutenak, familiaren handitasuna erakutsi nahian.

Aiara familia desagertu egin zen denborarekin. Dirua aski zuten, baina ez hurrengo belaunaldiek abizenari eusteko adina. Kexaako komentuak, ordea, XX. mendera arte iraun zuen. Azken mojek 1980. urtean utzi zuten eraikina. Ez zen hori, baina, utzi zuten bakarra: balio sinbolikoa, historikoa eta, ezin ahaztu, 45.000 euroan errematatu den Kexaako Biblia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.