Hizkuntza eskubideak

Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak hautagai euskaldunak eskatu dizkie alderdiei

Udal hauteskundeetarako zerrendei puntuazioa jarriko diela iragarri du Kontseiluak, hautagai euskaldunen kopurua irizpidetzat hartuta. Alkategai elebakarra dutenek ez dute gaindituko ebaluazioa. Ariketa hori beste eskualdeetara zabaltzera dei egin du.

Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluaren agerraldia, gaur goizean, Laudioko Aiaraldeko Ekintzen Faktorian (Araba). AIARALDEKO EUSKALGNTZAREN KONTSEILUA
Julen Aperribai.
2022ko ekainaren 29a
13:59
Entzun

Hurrengo urteko udal hauteskundeetara aurkeztuko diren Aiaraldeko hautagaiak euskaldunak izan daitezen, egitasmo bat abiatu du Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak, eta, alderdi politiko guztiekin bildu eta haren berri eman ondotik, gaur aurkeztu du Laudion (Araba), Aiaraldeko Ekintzen Faktorian, eskualdeko euskalgintzako hainbat lagunen abaroan.

Kontseiluak alderdiei eskatu die, hauteskunde zerrendak publiko egitean, hautagaiaren gaineko informazioa ematearekin batera, pertsona hori euskalduna edo euskaldun hartzailea den adieraztea. «Transparentzia ariketa bat izateaz gain, herritarrok boto eskubidea ahalik eta informazio osatuenarekin gauzatu dezagun ezinbestekoa da», azaldu du. Informazio hori ematen duten zerrendak «positiboki» baloratuko dituela jakinarazi du.

Egitasmoa ez da horretara mugatuko, ordea. Zerrenda bakoitza ebaluatu egingo duela zehaztu du Kontseiluak, hautagai euskaldunen presentziaren arabera, eta puntuazioa publiko egingo dute. Neurketa nola egingo duten ere aurkeztu du: alkategaiei dagokienez, euskaldun osoak direnek 23 puntu jasoko dituzte; euskaldun hartzaileak direnek, bost puntu; eta elebakarrak direnek ez dute punturik jasoko. Zinegotzi izateko hautagaiei dagokienez, zerrendako lehenengo zazpietan dauden artean, euskaldun osoei bi puntu emango dizkiete; hartzaileei, puntu bat; eta elebakarrei, bat ere ez. Zerrendako zortzigarrenetik aurrera, berriz, euskaldun osoei puntu bat, hartzaileei erdia eta elebakarrei bat ere ez.

Ebaluazio sistemaren arabera, hala ere, alkategai elebakarra izanez gero zerrendak ez du ebaluazioa gaindituko.

Kontseiluak nabarmendu du euskararen normalizazioan aurrerapausoak nahi dituela, eta, udaletan hizkuntza zerbitzuak berma daitezen, hautagai euskaldunak izatea beharrezkoa dela. «Hautagai euskaldun batek hizkuntza eskubideak bermatzen ditu, gutxienez elebiduna baita euskalduna, herritar guztiei bere hizkuntzan entzun, ulertu eta erantzuteko gai», adierazi dute prentsa agerraldian.

Egitasmoa, «lokala izanagatik», beste eskualdeetan ere egiteko modukoa dela gaineratu dute, eta hori sustatzera dei egin diete Euskal Herri osoko eragileei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.