Aurrekontua onartu du Artziniegako Udalak (Araba), baina, horretarako, laguntzarik gabe utzi du eskualdeko euskarazko hedabidea, Aiaraldea. EAJk du alkatetza Artziniegan, baina gutxiengoan dago, eta oposizioko talde baten abstentzioa behintzat behar zuen aurrekontua aurrera ateratzeko. EH Bildu eta PP daude oposizioan. PPk baldintza bat jarri die jeltzaleei, bozketan abstenitzearen truke: udalak Aiaraldea-rekin daukan ituna bertan behera uztea, alegia, laguntzarik ez ematea, eta, areago, publizitaterik ez jartzea euskarazko hedabide horretan. Onartu egin du udal gobernuak. Iñigo Gomez alkateak BERRIAri adierazi dio aurrekontuak onartzea zuela «lehentasuna», eta, EH Bildurekin aukerarik izan ez denez, PPrekin bat egin duela, euskarazko komunikabidea diru laguntzarik gabe uztea onarturik.
Artziniegak 1.900 bat biztanle ditu, eta bederatzi kide udalbatzan: launa dituzte EH Bilduk eta EAJk, eta bakarra PPk. Udal hauteskundeetan EAJk baino boto gehiago eskuratu zituen EH Bilduk, baina jeltzaleek PPren babesarekin eskuratu zuten alkatetza.
Urteotan Aiaraldea hedabidea diruz lagundu du Artziniegako Udalak. 2010ean sortu zuten komunikabidea, eskualdean egitasmoa ehundu ostean. Bederatzi udalerri ditu ardatz Aiaraldea-k. Honako hauek: Aiara, Amurrio, Arakaldo, Arrankudiaga, Artziniega, Laudio, Okondo, Orozko eta Urduña. Bederatzi udal horiek eman diote laguntza Aiaraldea-ri. «Alderdi politiko guztien babesarekin» hartu zuten laguntzeko erabakia, Aiaraldea-ko zuzendari Izar Mendigurenek esan duenez.
Aurrekontu handiagoarekin
Artziniegako Udala izan da lehena urteotako ibilbidea hausten. «Kinka ez-gozoan» dago Aiaraldea, zuzendariaren esanetan. Astelehenean emango dute iritzia, egunotan egoera aztertu eta gero.
Udal aurrekontuen negoziazioan sortu da auzia. Gomez alkateak azaldu du gutxiengoan dagoenez aurrekontuak onartzeko prozesu bat zabaldu zuela. «EH Bilduk ez zuen garbi adierazi zein zen euren joera. PP argiagoa izan zen». Baldintza nagusi bat zuen PPk: Aiaraldea-ri laguntza kentzea eta publizitaterik ez jartzea. Dirutan, udal aurrekontuaren %0,1 ere ez da laguntza hori: 1.500 euro, 1,8 milioi euroko aurrekontutik —areago, iaz baino 139.000 euro handiagoa da aurten Artziniegako Udalaren aurrekontua—.
Alkateak adierazi du nahi zuela euskarazko hedabidea laguntzen jarraitu: «Diru saila mantentzea zen gure asmoa. Baina aurrekontua ez onartzea kalte handia litzateke». EH Bilduk ardura baduela ere iradoki du alkateak. Hain justu, koalizioak ohar batean salatu du udal gobernuaren jokabidea, eta EAJri eskatu dio EH Bilduren ezezkoa ez dezala erabili PPrekin akordioa egin izanaren «justifikazio bezala». Aiaraldea-ri «betoa» jarri izana salatu du EH Bilduk, eta eskualdeko gainerako udalen norabidetik aldendu izana, haiek diruz laguntzen baitute.
Hedabidearen rolari buruz galdetuta, Gomez alkateak adierazi du «harreman ona» izan duela Aiaraldea-rekin, eta berretsi du udal gobernuaren proposamenean sartu zutela diru laguntza hori. «Baina ez daukagu gehiengorik, eta akordioak egin behar ditugu». PPko zinegotzi Joseba Elejalderekin jarri da harremanetan BERRIA, baina ez du erantzun. Iaz ere eskatu zuen diru laguntza kentzeko.
Aiaraldea-ri emango ez dioten diru zatia beste eragile batzuei ematea erabaki dute. Euskarari dagokionez, 4.500 euro jarri dituzte sustapenetarako eta 2.300 euro euskara ikasleen beketarako.
'Aiaraldea'-ri diru laguntza kenduko dio Artziniegak, aurrekontuen truke
Alkatetza EAJk dauka, gutxiengoan, eta PPrekin egin du aurrekontuetarako akordioa. PPk baldintza gisa jarri du hedabideari laguntza etetea eta iragarkirik ez jartzea. Beste biderik ez zuela dio alkateak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu