Aiaraldea komunikabideak Amurrioko Udalarekiko «bitartekaritza» eskatu dio Jaurlaritzari

Udalarekin duten gatazka gehiago ez «larriagotzeko» helburuz, bitartekaritza prozesu bat egin nahi dute urriaren 31 bitartean.

Hedabidearen aldeko gerraldi jendetsua, ekainaren 21ean, Amurrioko udaletxearen aurrean. AIARALDEA.EUS
Hedabidearen aldeko agerraldi jendetsua, ekainaren 21ean, Amurrioko udaletxearen aurrean. AIARALDEA.EUS
arantxa iraola
2024ko irailaren 25a
09:00
Entzun

Amurrioko Udalak «alde bakarrez» diru laguntza kendu diolako kexu da Aiaraldea komunikabidea, eta, horren harira udalarekin duen «gatazka» bideratze aldera, «bitartekaritza lanak» egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Josune Irabieni. Horretarako eskabide ofiziala tramitatu du hedabideak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean. Gogora ekarri dute euskarazko hedabide bat direla eta «lanabes estrategikoa», beraz, Aiaraldean (Araba) euskara biziberritzeko.

Hedabideak apirilean izan zuen udalaren erabakiaren berri. Iragan hilabeteetan hainbat eskari egin dira Aiaraldea komunikabideak jasotzen duen laguntzaren alde, eta ekainaren 21ean agerraldi jendetsu bat ere egin zen Amurrioko udaletxearen aurrean. Aditzera eman dutenez, udalari bitarte honetan hainbat eske egin dizkiote gatazka bideratzeko urratsak egin ditzan. Baina, hedabideko ordezkarien arabera, udalak ez ditu aintzakotzat hartu eskari horiek, bilerarik egiteko asmorik ere ez du azaldu, eta horregatik erabaki dute Jaurlaritzara jotzea, bitartekaritza eske. Udalarekin duten gatazka gehiago ez «larriagotzeko» helburuz egin nahi dute prozesu hori.

Alkate ohia

Hilabeteko bitartekaritza prozesu bat abiatzea nahi dute: urriaren 31 bitartekoa. Komunikabidearen arduradunen arabera, Josune Irabienek Jaurlaritzan betetzen dituen funtzioen artean dago euskarazko hedabideak indartzeko eta sustatzeko egitasmoak «bultzatzea», eta horregatik da pertsona egokia bitartekaritza hori zuzentzeko. Beste aldagai bat ere hartu dute kontuan: Irabien Amurrioko alkate izana da, bederatzi urtez, eta ondo ezagutzen du herria. «Pertsona egokia da bi aldeak entzun eta mahaiaren bueltan adostasuna lortzen saiatzeko».

Hedabideak gogora ekarri du Irabien alkate zela hitzartu zela euskarazko komunikabidea sustatzeko eta finantzatzeko «adostasun handiko» elkarlan akordio bat, eta horri esker jardun ahal izan dutela urteotan. 2012an izan zen hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.