Aiarako legez kanpoko hiltegiarekin zerikusia zuten sei kide zigortu dituzte

Hamahiru kideen kontrako epaiketa hasi dute gaur Arabako Probintzia Auzitegian. Beste zazpi akusatuak errugabetzat jo dituzte, deklaratzeko zitazioa epez kanpo jaso zutelako. Zigortuak ez dira kartzelan sartuko.

Aiarako legez kanpoko hiltegiari buruzko epaiketa egin dute gaur Arabako Probintzia Auzitegian. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Aiarako legez kanpoko hiltegiari buruzko epaiketa egin dute gaur Arabako Probintzia Auzitegian. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko maiatzaren 27a
15:00
Entzun

Aiarako (Araba) legez kanpoko hiltegi baten arduradunen kontrako epaiketa egin dute gaur Arabako Probintzia Auzitegian. Hamahiru pertsona ziren epaitzekoak: animaliei tratu txarrak ematea, talde kriminal bateko kide izatea eta osasun publikoaren aurkako delitua egitea egozten diete. Gaur goizean, dena dela, errugabetzat jo dituzte horietako zazpi. Beste seiak zigortu egin dituzte, baina ez dira kartzelan sartuko.

2018an desegin zuen Ertzaintzak Aiarako hiltegia. Legez kanpokoa ote zen ari ziren ikertzen, eta gizakiek jateko haragia kontrolik gabe banatzen ote zuten. Ertzaintzaren arabera, desegindako taldeak bost urte zeramatzan martxan; batez ere behiak eta ardiak hiltzen zituzten, administrazioaren baimenik eta osasun kontrolik gabe.

Epaiketaren hasieran, sei akusaturen defentsek bezeroen aurkako jarduketak baliogabetzeko eskatu dute, epez kanpo jaso zutelako ikertu gisa deklaratzeko zitazioa. Argudiatu dutenez, Prozedura Kriminalaren Legeak dio sei hilabeteko epean jaso behar dutela zitazioa. Sei akusatuek beranduago jaso zuten. Hortaz, auzitegiak eta fiskaltzak ontzat eman dute abokatuen eskaera, eta sei kideak absolbitu dituzte.

Beste auzipetu bat ere absolbitu dute; ez da lehenengo saioan egon, ihes eginda baitago. Hala, 2018ko azaroaren 21etik aurrera deklaratu zuten zazpi akusatuak absolbitu dituzte, «haien deklarazioak legeak ezartzen duen sei hilabeteetatik kanpo lortu zirelako».

Hiru hilabete eta urtebete bitarteko zigorrak

Zazpi kide horiek absolbitu ostean, fiskaltzak etenaldi bat eskatu du. Bi orduko itxaronaldia egin eta gero, epaiketan aurrera egin dute, eta beste sei akusatuek deklaratu dute. Fiskaltzak 11 urte eta lau hilabeteko zigorrak eskatuak zituen hiltegiko bi arduradunentzat. Haren ustez, toki horretan «prestatu gabeko jendeak» egiten zuen lan, eta horrek «mina, beldurra eta angustia» eragiten zien animaliei. Halere, goizeko absoluzioen ostean, eskariak murriztu ditu. Fiskaltzak akordioa adostu du guztiekin: hiru hilabete eta urtebete bitarteko zigorrak onartu dituzte. Hartara, ez dira sartuko kartzelan.

Sei akusatuei hilabeteko zigorra ezarri diete, osasun publikoaren aurkako delituak egiteagatik. Are, 540 euroko isun bat ezarri diete; ezin izango dute animaliarik eduki, eta ezin izango dute haiekin lotutako jarduerarik egin. Sei akusatuetatik biri sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri diete aurrekoaz gainera, animaliei tratu txarrak emateagatik. Eta akusatuetako lauri hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri diete, osasun publikoaren aurkako delitua egotzita. 360 euroko isuna ordaindu beharko dute lau horiek, eta bederatzi hilabetez ezin izango dute animaliarik eduki, eta ezin izango dute haiekin lotutako jarduerarik egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.