«Ahultasuna politikoa da»

Atzo hasi, eta bihar arte iraungo du Ekonomia Feministari Buruzko VII. Kongresuak, Bilbon. Antonella Picchio ekonomialari italiarrak egin du irekiera hitzaldia.

Antonella Picchio atzo, irekiera hitzaldia ematen Bilboko Ekonomia Feministari Buruzko VII. Kongresuan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Italiatik hegaldi bat hartu eta Bilbon geratu da Antonella Picchio. Venezian bizi da orain; hango jendea atsegina dela dio, eta horrek bultzatu zuela han geratzera. EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean izan zen atzo Picchio, Sarrikoko campusean, Ekonomia Feministari Buruzko VII. Kongresuko lehen egunean irekiera hitzaldia ematen, Feminismo erradikala bizitza defendatzeko izenburupean. Atzo hasi, eta larunbatera arte iraungo du kongresuak. Hitzaldiak bertatik bertara zein streaming bidez entzun daitezke.

Picchio irakasle eta ekonomialari feministak behin baino gehiagotan eman izan ditu antzeko hitzaldiak bere bizitzan. 80 urte ditu, eta esperientziaz eta ibilbide akademikoz jantzita dago. Ahotsak dardara egiten dio, baina indarrez orro ere bai, ideiak argi dituen seinale. «Egun on, eta eskerrik asko», esan ditu lehenengo hitzak, euskaraz. Hitzaldia gazteleraz eman du, baina hasi baino lehen aitortu du azentu italiarra askoz nabariagoa duela orain, eta espainola ere zaharkitua duela konfinamenduaren eraginez. Publikoari ez dio axola izan, Picchio entzuteko gogo handiz izan baitira, batzuentzat lehenengo aldia ez bada ere; horren erakusgarri, oharrak hartzen ibili dira mintzaldiak iraun bitartean.

Zaurgarritasuna, politiko

Zaintzak, dirua eta zaurgarritasuna. Hiru hitzen bueltan hasi da saioa, ikuspegi feministatik mintzatuz, betiere. «Feminismoa mundua ulertzeko perspektiba berezi eta politiko bat da; beraz, ekonomia feminista ekonomia politiko feminista da». Eserlekuetan dauden emakumeek baietz adierazi dute buruarekin.

Mundua ulertzeko perspektiba berezi hori «ezinbestekoa» dela azaldu du:«Oso beharrezkoa da, garai benetan arriskutsuan gaudelako, ingurumenagatik, instituzioengatik, sozialki, berdintasunagatik... Egungo ekonomia ezin da sostengatu, oso basatia da». Adibide gisa aipatu ditu itsasoan hil diren milaka etorkinen bizitzak. «Horrek erakusten du bizitzak ez direla berdinak, boterearen araberakoak direla; beraz, boterea ere politikoa da». Bizitza oro ikuspuntu politiko horretatik aztertu behar dela pentsatzen du Picchiok.

Haren ustez, zoru eta teilatu ekonomikoa ezinbesteko aldagaia da bizitza ulertzeko, eta egungo gizartea ezagutzeko Karl Marxen teoria ekarri du gogora Sarrikoko areto nagusian; zapalduen eta zapaltzaileen arteko menperatze sistema, alegia. «Merkatu hau zaintza lanek sostengatzen dute: zaintza lanik gabe, ez dago merkaturik, eta ezinbesteko zaintza lan horiek ez dira ordainduak», salatu du. Konparazio argi batekin azaldu du: «Hainbeste dira ordaintzen ez diren zaintza lanak, non soldatapeko lanak baino askoz gehiago diren». Ezinbestekoak eta ordaindu gabekoak diren lan horiek emakumeei egozten zaizkiela adierazi du. Maskarek ikusleen aurpegiak estaltzen dituzte, baina nabari da ados daudela hizlariarekin.

Zaintzak, ordainduak

Aitortu gabeko lan horiek ordainduak izan behar direla uste du Picchiok, eta aldez aurretik erantzun die diruaren aldagaiak sor ditzakeen kontraesanei: «Diruak, bere hartan, ez du abusatzen. Diru horren erabilerak eta kudeaketak, ordea, bai». Interes ekonomikoen zerrenda orokorra aztertuta, adineko emakumeen adibidea jarri du: «Beti gara azkenak gastu publikoetan, subjektu politiko oso zaurgarriak garelako. Eta ez zaie interesatzen». Izan ere, «feminista zahar» gisa izendatu du bere burua: «Gustatzen zait subjektu politiko hori». Ikusleek barre egin dute, eta irribarreren batek ere ihes egin du maskararen gainetik.

Uste du aipatutako ahultasun hori ez dela esklusiboa, eta pertsona ororen ezaugarri «naturala» dela: «Denok dugu zainduak izateko beharra, eta, beraz, denok gara zaurgarriak; ahultasun horren izaera politikoa aztertu behar da», esan du. Entzuleek ideia mamitsu horren azalpenak behar dituzte asetzeko. Picchioren arabera, kontua ez da ea gizonek «platerak garbitzen dituzten, umeak zaintzen dituzten edo gurasoak bisitatzera doazen»; hori orain «gehiagotan» egiten dutelakoan, «harago» joan da: «Gizonek espazio intimoetan erakusten dute beren zaurgarritasuna: emakumeekin husten dira, eta ez dute sekula zaintza beharraren ahulezia hori espazio publikoetan erakusten. Ondorioz, emakumeoi egozten zaigu zaurgarritasun horren zaintza eta ardura; eremu pribatuan eta ordaindu gabe. Horregatik da politikoa».

Emakumeei esleitzen zaizkien lan horien nolakotasuna ere jorratu du: «Dagoen lanik maitekorrena eta atseginena da, baina gogorrena eta esplotatuena ere bai». Horregatik, instituzioek ikuspegia alda dezatela eskatu du ekonomialari feministak. «Kontu etikoa da, eta perspektiba feminista bat behar du. Azken urtean inoiz baino argiago geratu da hori. Horregatik, ez da feministon gauza bakarrik. Ahalegin kolektibo bat behar da feminismoa ekonomian txertatzeko».

Zaurgarritasuna hutsune gisa ikusten da askotan, baina horren izaera politiko eta baikorra azpimarratzen du Picchiok: «Giza gorputzaren giltza da, zaurgarritasun fisikoa, emozionala eta harremanen menpekoa». Soldatapeko eta ordaindu gabeko lanen harremana horizontala izan behar dela esan du, bertikala baita haren ustez. Adibide sinple bat eman du: «Emakume eta ama gisa inoiz egin dudan gauzarik zailena graduatzea izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.