«Lehen arreta indarra galduz joan da azken urteotan, eta egoera honek larrugorritan harrapatu gaitu, oso ahul». Joxi Uranga Errenteriako (Gipuzkoa) etengabeko arreta guneko administraria da, eta osasun etxeetan diharduten langile askoren ezinegona eta akidura ordezkatzen dute haren hitzek. Lehen arretako zentroen estutasunak ez dira berriak, baina COVID-19aren pandemiak are gehiago azaleratu ditu egiturazko arazoak. Udak, gainera, koska bat gehiago okertu ditu osasun zentroetan lan egiten duten profesionalen lan baldintzak, eta alarma gorria piztu da lehen arretan: oporraldiak ez dira beti ordezkatzen, arretarako ordutegiak murriztu egiten dira, itxaron zerrendak luzatu egiten dira, eta, horrekin batera, herritarren kexuak areagotu egiten dira. «Higadura handia sumatzen dugu. Nekatuta gaude, leher eginda, eta etsita», azaldu du Loinaz Azurmendi Urdazubiko (Nafarroa) kontsultategiko erizainak.
Anbulatorioetako langile askok aspalditik altxatu dute ahotsa lehen arretan duten egoera salatzeko. Elizondoko (Nafarroa) osasun etxeko langileak, esaterako, kexu agertu dira hedabideetara igorritako idazki batean. Azurmedik laburtu du haien ezinegona: «Hamar urte dira mediku falta dugula, eta urtetik urtera egoerak okerrera egin du. Duela bi urtetik hona ordezkapen maila arras txikia dugu». Osasunbideari aspalditik ari zaizkio eskaera bera egiten: «Sendagileen bost lanaldi eta erdi falta dira, eta horietako bi erretiroak dira, baina ez dute soluziorik aurreikusi». Udan sumatzen dira, batez ere, gabezia horiek, mediku eta erizainen oporrak ordezkatzen ez direlako. Hasieran, unean uneko arazo bat zen, baina «ohikoa» bilakatu da orain, eta pandemiak gehiago okertu du. «Lan karga aise handiagoa dugu, erizainok ere egon behar dugulako txertatzen, testak egiten, gaixoen jarraipena egiten eta telefonoz dudak argitzen, eta ez gara iristen». Lan zamaren ondorioak pazientearekiko arretan ere sumatzen dira, bertan behera utzi behar izan dituztelako luzera begirako hainbat hitzordu eta zerbitzu.
Pandemiarekin eta uda sasoiarekin egoerak okerrera egin duen arren, lehen mailako arretaren arazoen iturburua aspaldikoa da. Errenteriako etengabeko arreta gunean beharrean dauden profesional askoren egoera da horren isla, Urangak azaldu duenez: «Osakidetzak sendagileen aparteko orduei esker funtzionatzen du. Pediatra bat hona etortzen da inguruko herri bateko anbulatorio batean lanaldia amaitu ostean beste baten errefortzu gisa lanera. Horrela dabiltza mediku asko».
Pandemiaren inpaktua
Gainera, inor gutxik espero zuen udarekin batera birusaren bosgarren olatua iristea, eta gehiegizko lan zamak ezustean harrapatu ditu lehen arretako langile asko. «Txertaketarekin uda lasaiagoa espero genuen, eta ez genuen kutsatzeen gorakada hau aurreikusten». Mikel Baza lehen mailako osasun arretako sendagilea da, eta Osatzen Familia eta Komunitateko Medikuen Euskal Elkarteko kidea. Zeberioko (Bizkaia) osasun etxean egiten du behar, eta, azaldu duenez, Arrigorriagako lehen mailako arreta unitateko kontsultetan «lan karga handia» nabaritzen ari dira udan. Beste olatuetan ez bezala, oraingo honetan erizainen eta administrarien bizkar gainean erori da bereziki gaitzarekin lotutako arta, gazteek sintoma arinagoak dituztelako. Gaineratu du izurriak inpaktu handia izan duela oro har lehen arretako langile guztietan: «Pertsonak eta denbora dira guk dugun teknologia bakarra, eta pandemiak biak lapurtu dizkigu».
Koronabirusak lan egiteko modua eta pazienteengana heltzeko bideak ere aldarazi ditu, eta horrek korapilatu egin du osasun langileen lana. Hilabeteotako aldaketarik handienetakoa aurrez aurreko arta apaltzea izan da. Ainara Ikaran familia medikua da Durangoko (Bizkaia) etengabeko arreta gunean, eta aitortu du izurriak aldatu egin diela lan egiteko modua: «Sarritan lehenengo balorazioa telefonoz egiten dugu, baloratzeko pazientea nola artatu, eta askotan pazienteak oso sentibera daude, eta gurekin haserretu egiten dira».
Pandemiarekin ere izugarri handitu zaie lan zama zentroan, eta lehendik murriztuta zegoen lan taldeak «presio itzela» pairatzen du orain. Izan ere, Durangokoak ez ezik, Zaldibar, Berriz, Elorrio, Abadiño, Iurreta, Mañaria eta Izurtzako herritarrak ere artatzen dituzte bertan, herri horietako osasun zentroen ordutegia murriztu dutelako. «Lehen arretakoek beren ordutegiaren barruan hartu ezin duten lan karga hori gugana iristen da».
Antzekoa da Lekeitioko (Bizkaia) osasun zentroaren egoera ere. Inguruko herri txiki askotako anbulatorioak itxi egin dituzte mediku faltagatik, eta herritar asko Lekeitioko osasun etxean artatu behar dituzte. «Gure egoera nahiko larria da, langileak falta zaizkigulako», ohartarazi du Mario Lopez osasun zentroko arduradunak. Onartu du nekeza egiten ari zaiela inguruko herrietako biztanleei ez ezik Lekeitiora udako oporrak pasatzera joaten diren milaka herritarrei arreta ematea: «Baliabideen erdiarekin paziente kopuru bikoitza artatu behar izaten dugu». Lopezek ulertu egiten ditu herri txikietako bizilagunen kexak, baina aitortu du arazoak ez duela irtenbide «samurrik». Hala, langile gehiago kontratatzen ez den bitartean, Lekeitioko osasun etxean arta zentralizatu eta herritar guztiengana iristea soluzio «egokiena» dela iritzi dio.
Lehen arreta indartzea
COVID-19ak eragindako osasun krisiak lehen arretan eragindako ondorioak agerikoak dira. Osatzen elkarteko bozeramaileak argi esan du pandemiak are gehiago «tenkatu» duela osasun sistema, eta lehen mailako arretaren egiturazko arazo eta gabeziak azaleratu dituela: «Utzikeria bat egon da. Azken hamarkadan ez da egon konpromiso politikorik lehen mailako arreta indartzeko». Horiek hala, Bazak uste du ezinbestekoa dela lehen arretaren ereduari buruzko «gogoeta sakona» egitea.
Ikaranen iritziz, osasun sistemaren «sarrerako atea» da lehen arreta, eta, hura «indartsu» badago, gainerako zerbitzuak hobeto kudeatu ahalko dira. Ideia bera azpimarratu du Azurmendik ere: «Pandemia desagertzen denean, lehen arretaren egoerak bere horretan jarraituko du. Ez badugu sendotzen, edozer gauzak hondoratuko du».
Koronabirusa
Ahuleziak ageriago daude orain
Izurriak lehen arretaren egiturazko arazoak azaleratu ditu, eta udak osasun zentroen estutasunak areagotu. Osasun langileek salatu dute «gehiegizko lan zama» dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu