Mati Iturralde. Medikua

«Ahulenak eta zaurgarrienak dira beroaldiak gehien sufritzen dituztenak»

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Irati Alvarez Malaxetxebarria
2023ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Ostegunean hasi zen beroaldiak ez du etenik. Baina nola eragiten die beroak herritarrei? Nori eragiten dio gehien? Nola aurre egin? Mati Iturralde (Mungia, Bizkaia, 1958) lehen arretako medikuak azaldutakoaren arabera, erantzuna «subjektiboa» da, baina egoerari aurre egiteko lan egin behar dela nabarmendu du, Euskal Herriak klima aldaketaren ondorioak pairatuko baititu aurrerantzean ere: «Geroz eta baldintza gutxiago ditugu halako tenperaturei aurre egiteko».

Jendeak nola bizi du beroa?

Beroak bere alde objektiboa du, eta bere alde subjektiboa. Objektiboa da inguruan ikusten duguna ezin dugulako asmatu. Eta subjektiboa da, bakoitzak beroa—eta baita hotza ere— bere pentsaeraren, errealitatearen eta osasunaren arabera bizi duelako.

Nortzuei eragiten die beroak gehiago?

Batetik, ahulenek gehiago sufritzen dute: gaixotasun kronikoren bat dutenek, adinduek... Eta bestetik, herritar zaurgarrienek, horrelako tenperatura aldaketetarako etxe egokirik ez daukatenek.

Zaurgarritasunak baldintzatzen du, beraz.

Bai. Egoera honek pandemia giroa gogorarazten dit, osasuna zaintzeko etxeetan sartu ginenekoa. Honek gure bizi kalitatea okertzea eragiten du, harremanak mozten ditugulako. Esaterako, beroaren ondorioz, zahar etxeetan bizi diren adinekoak askoz gutxiago irteten dira. Oso desberdina da tenperatura honekin bizitzea Gasteizko auzo marjinal batean —Santsomendin, adibidez—, edo Zaramagan zein Zabalganan, non etxe handiak dauden, horma potoloak dituztenak. Orduan, zaurgarritasun soziala, pertsonala eta naturala izan behar dira kontuan.

Bero handiak arriskuan jar dezake gure bizitza?

Eragina du gure bizimoduan eta bizi itxaropenenean, ziur.

Zer gomendio bete behar dira egoerari aurre egiteko?

Bada, betikoa: ur asko edan behar. da, etxean edo leku freskoren batean egon, asko zaindu... Baina aholku horiek oso jende gutxirentzat izaten dira, langile askok ezin baitituzte bete. Emakume askok zaintza lanak egitera joan beharko dute etxeetara, beste langile batzuk eremu industrialetan izango dira, edo kalean... Nik lan egiten dudan zentroan ere, bero izugarria egiten du. Bai, geure burua zaintzea garrantzitsua da, baina guztion egoera aldatzean jarri behar dugu arreta. Egiturazko aldaketak behar dira, guztiok babesteko tenperatura aldaketak daudenean.

Eta zer egin daiteke halako bero boladei errotik heltzeko?

Klima larrialdiaren zergatia aurkitu behar dugu, etorkizuna jasangarria den edo ez planteatu, eta ondoren, epe motzera begiratzen hasita, gauzak aldatu. Ez badugu ikusten gure bizimodua aldatu behar dugula, ez dugu etorkizunik. Jendarte honetan ez dugu modurik interes kapitalistak gailentzen diren bizitza eredu bat bateragarri egiteko duin bizitzearekin. Eta gogoan izan agian euskal herritarrok etorkizunean ez garela pribilegiatuen jendartean sartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.