AHTrako lur desjabetzeak gelditzeko eskatu dute Arabako hainbat udalerrik, UAGAk eta Araba Bizirik-ek

Salatu dute harrobi gisa erabiltzeko hainbat lursail desjabetu dituztela, eta Solariak horietako batzuk erabili nahi dituela zentral fotovoltaikoak egiteko. «Duintasun eta erresistentzia ekintza» batera deitu dute iganderako Ribabellosan.

AHTaren aurkako gaurko agerraldia. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
AHTaren aurkako gaurko agerraldia. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko urtarrilaren 22a
13:30
Entzun

AHT abiadura handiko trenaren lanak «urakan gupidagabe» baten moduan iritsi dira Arabako nekazaritzarako lurren barrena, «soroak, etxeak eta itxaropen oro suntsituta», kaltetutako herritarrek salatu dutenez. Miranda Ebro (Espainia) eta Gasteiz lotuko duen zatiaren obrak «deserrotze sententzia» bat direla diote, euren lanaren aurkako «atentatu» bat, eta mendeetan haien nortasunaren parte izan diren paisaiaren «mutilazioa» ekarriko dute.

Horren aurkako ahotsa altxatu dute trenaren lanetarako derrigorrezko lur desjabetzeak egin dituzten Berantevillako, Erribera Beitiko eta Armiñongo udaletako ordezkariek, kaltetutako zenbait kontzejuetako kideek, UAGA Arabako nekazarien elkarteak eta Araba Bizirik plataformak, eta zera exijitu dute: lur desjabetzeak gelditzeko, eta tren sozial eta publikoa sustatzeko. Aldarrikapen horien jiran, agerraldi jendetsua egin dute gaur Gasteizen. Susana Dominguez Araba Bizirik plataformako kideak, Miriam Garcia Erribera Beitiko zinegotziak eta Edurne Basterra UAGAko presidenteak hartu dute hitza. «Gure lurrak mespretxu instituzional izugarri baten lekuko dira», ohartarazi dute.

Salatu dutenez, AHTaren alternatiba den tren publiko eta sozial baterako proposamena «baztertu» egin dute Adifek eta erakunde publikoek, herritarren nahiari «muzin» eginez, eta landa eremuko lursailak desjabetzea lehenetsi dute. Derrigorrezko desjabetzeak AHTa igaroko ez den eremuetan ere egiten ari direla jakinarazi dute. «Gure lurraldearekiko axolagabekeria kezkagarria eta bertan bizi garenekiko erabateko mespretxua erakusten dute».

«Miranda Ebro eta Gasteiz lotuko duen zatiaren obrak deserrotze sententzia bat dira, gure lanaren aurkako atentatu bat, eta mendeetan gure nortasunaren parte izan diren paisaiaren mutilazioa ekarriko dute»

SUSANA DOMINGUEZAraba Bizirik

Agerraldian salatu dutenez, harrobi gisa erabili nahi dituzte desjabetu dituzten lursailak, ingurumen inpaktuaren izapiderik igaro gabe eta obraren kostuak merkatzeko helburu bakarrarekin. Besteak beste, Berantevilla, Lantaron, Erriberagoitia, Erribera Beitia, Argantzon, Trebiñu, Langraiz, eta Gasteizko udalerrietan desjabetu dituzte lursailak.

Gainera, ohartarazi dute Solaria enpresak zentral fotovoltaikoak egiteko ere erabili nahi dituela lursail horietako batzuk. Basterrak jakinarazi duenez, nekazari askok aldizkari ofizialean argitaratu denean jakin dute euren lursailak harrobi gisa erabiltzeko desjabetu dizkietela. Sindikatuak alegazioak aurkeztu ditu desjabetzeen aurka, eta, era berean, Arabako Diputazioari eskatu dio aldi baterako desjabetzeak amaitutakoan nekazariei itzultzeko lurrak.

«Minutu gutxi batzuk irabazteko»

Adierazi dutenez, derrigorrezko desjabetze horiek lurren «galera» baino gehiago dakarte, herrien «sustraiei eta nortasunari» ere kalte egingo dietelako. Erantsi dute AHTa biztanleriaren beharren aurka doala, eta azpiegitura horrek suntsitzen duena ez dela soilik dirutan neurtzen: «Belaunaldiz belaunaldi mantendu den ondarea suntsituko du, ekosistemak hondatuko ditu eta gure herriak trenentzako pasabide huts bilakatuko ditu. Eta zertarako? Guk proposatutako alternatibaren aldean minutu gutxi batzuk aurrezteko besterik ez».

Horiek hala, lur desjabetzeen aurkako protesta batera deitu dute igande honetarako Ribabellosan. Desjabetzerik ez. Trena denona eta denontzat lelopean egingo dute, 13:30ean. Euren hitzetan, «duintasun eta erresistentzia ekintza» bat izango da, eta kaltetutako herrientzat «justizia, errespetua eta garapen inklusiboa eta iraunkorra» eskatuko dituzte.

«[AHTak] Belaunaldiz belaunaldi mantendu den ondarea suntsituko du, ekosistemak hondatuko ditu eta gure herriak trenentzako pasabide huts bilakatuko ditu. Eta zertarako? Guk proposatutako alternatibaren aldean minutu gutxi batzuk aurrezteko»

MIRIAM GARCIAErribera Beitiko zinegotzia

Galdera bat egin diete instituzioei: «Zenbat balio dute gure herrietako bizimoduak eta kulturak lau minutu horien aldean? Zenbat denbora gehiago jarraitu ahal izango dute erakundeek jendearen aldarriari entzungor egiten?». Eta erantzuna ere eman dute: «Benetako garapena neurtzeko, ez da kontuan hartu behar orduko zenbat kilometro egiten diren, baizik eta gaitasuna badagoen gure lurra, herriak eta etorkizuna bizirik mantentzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.