AHTari buruzko txostenak «lehenbailehen» argitaratzea galdegin diote Txibitek eta Pradalesek Madrili

Gasteizko eta Ezkioko aukeren artean, Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariek ez dute argitu zein hobetsiko duten, baina uste dute azpiegitura «estrategikoa» dela. Finantzaketa eredua irmo defendatu dute biek ala biek.

Imanol Pradales eta Maria Txibite, gaur, Nafarroako Jauregian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Imanol Pradales eta Maria Txibite, gaur, Nafarroako Jauregian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko irailaren 4a
16:00
Entzun

Madrilen zain dira, zirt edo zart egiteko. Bilera egin dute gaur Maria Txibitek eta Imanol Pradalesek, Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariek, bi erakundeen arteko lankidetza indartzeko xedez. Nafarroako Jauregian egin dute bilkura instituzionala, Iruñean, eta, besteak beste, hizpide izan dute AHTaren Nafarroako korridorea eta euskal Y-a lotzeko proiektua. Lotura Ezkion (Gipuzkoa) edo Gasteizen egin, horra azken asteetako eztabaidagai nagusietako bat. Txibite eta Pradales, baina, ez dira azaldu ez aukera baten ez bestearen alde: nahiago izan dute pilota Madrilen teilatura bota, eta proiektuei buruzko txosten teknikoak «lehenbailehen» aurkeztea galdegin diote Espainiako Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministerioari.

«Ezinbestekoa da informazio osoa mahai gainean edukitzea, erabaki politiko egokiak hartu ahal izateko», esan du Txibitek, bere hitzaldiaren hasieran: «Espainiako Garraio ministroari dagokio lan hori egitea, auzi hau ezin baita atzeratu. Ezin diogu data zehatz bat exijitu, baina akaso bai informazio teknikoa mahai gainean jar dezala lehenbailehen».

EAJren barruan eztabaida piztu da azkenaldian auzi horren kontura: Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiaren esanetan, Jaurlaritzaren aspaldiko asmoa da Nafarroaren eta euskal Y-aren arteko lotura Ezkion egitea, eta aukera horren alde azaldu da Geroa Bai koalizioa ere. Arabako Foru Aldundiak, berriz, Gasteizko bidea hobetsi du. Gaurko agerraldian, Pradalesek errotik moztu nahi izan du polemika oro: «Ez dut espekulaziorik elikatuko», esan du, kazetarien galderei erantzunez. «Gipuzkoako eta Arabako foru ahaldun nagusiek nork bere lurraldearen interesak defenditzen dituzte, eta ulergarria da hori, baina AHTarena herri proiektua da», gehitu du. Jaurlaritzak, beraz, ez du aukerarik baztertu nahi, eta Madrili eskatu dio mahai gainean jar dezala «alor teknikoari, ekonomikoari eta ingurumenari buruzko informazio guztia».

Trenbidearen lotura leku batean ala bestean egin, ordea, bi gobernuburuek berretsi dute AHTarena «proiektu estrategikoa» dela haientzat: «Ez dezagun ahaztu lanek aurrera segitzen dutela eta korridoreak zentzua izanen duela, soil-soilik, Zaragozarekin ere lotzen bagaitu; hortaz, funtsezkoa da hegoaldeko lotura ere burutzea», azaldu du Txibitek.

Finantzaketa eredua, ezbaian

AHTaz gain, finantzaketa ereduaz ere jardun dira Hego Euskal Herriko bi eremu administratiboetako lehendakariak. Biek ala biek nabarmendu dute Nafarroako ituna eta EAEko kontzertu ekonomikoa «solidarioak» direla, eta uste dute Espainian «pedagogia» falta dela finantzaketa ereduaren gainean: «Espainian noizbehinka azaleratzen den eztabaida bat da, eta orain, Kataluniako finantzaketaren aitzakiarekin, lehen lerrora itzuli da atzera ere», azaldu du Txibitek.

Pradalesek ere txarretsi egin ditu EAEko eta Nafarroako finantzaketak pairatu ohi dituzten «eraso interesatu, bidegabe eta oinarririk gabekoak». Haren irudiko, Hego Euskal Herriko itun ekonomikoek «Espainiako Konstituzioaren babesa» dute, eta, horrez gain, Europako Batasunak «blindatuta» daude. Gainera, kontzertu ekonomikoaren «zorroztasunaren» frogatzat jo du ez dutela inoiz beharrik izan Espainiari erreskate bat eskatzeko. Hori dela eta, «errespetua» galdegin du, «kontzertu ekonomikoa ez dadin arma gisa erabili [Espainiako] Estatuari dagokion eztabaida batean».

Protokoloak berritzeko bidean

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza protokoloa sinatu zuten 2021eko abenduan. Horren barruan, elkarlanerako zenbait neurri adostu zituzten osasunaren, enpleguaren, etxebizitzaren, berdintasunaren, hezkuntzaren eta hizkuntza politikaren esparruetan, besteak beste. Gaurko agerraldian, protokolo hori berritzeko asmoa agertu dute bi lehendakariek.

Itun berria «hilabete gutxi batzuen buruan» sinatuko dutela iragarri du Txibitek. Haren esanetan, bi gobernuen arteko lankidetza «normaltasun instituzionalaren isla» da: «Nafarroako eta Euskadiko herritarrek adeitasunezko harremana dute, eta gauza bera eskatzen digute agintarioi ere: elkarrekin lan egin dezagula, adeitasunez eta normaltasunez. Horixe da 2021eko protokoloaren espiritua».

Txibite baino lasaiago aritu da Pradales Hego Euskal Herriko lau herrialdeen arteko harremanaz; hitzak hainbeste neurtu gabe, alegia. Haren ustez, EAEren eta Nafarroaren arteko lankidetza ez da aukera bat, «betebehar historiko bat» baizik, lurralde horiek batzen dituzten «lotura historikoengatik eta kulturalengatik», besteak beste: «Bi gobernu ezberdin elkartu gara gaur; bi gobernu ezberdin, baina hizkuntza bera, kultura bera eta autogobernurako bokazio bera duten pertsonek aukeratuak».

Euskararen sustapenari, baina, aipamen txiki bat besterik ez diote eskaini Txibitek eta Pradalesek, 40 minutuko agerraldian. Nafarroako Gobernuko lehendakariak esan du lanean segituko dutela «euskara hizkuntza bizi bat izan dadin aurrerantzean ere», baina berehala gehitu du «erkidego bakoitzaren errealitate soziolinguistikoaren errespetuan» oinarrituko dela ahalegin hori. BERRIAren galderei erantzunez, Txibitek esan du EITBren seinalea Nafarroa osora hedatzeko akordioa sinatu dutela bi gobernuek, eta «hilabete honetan bertan» aurkeztuko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.