AHTari buruz jarrera argia eskatu diete hautetsiei

Tours-Bordele atalaren ordainketari buruzko galdera sorta bat helarazi die CADEk, haien engaiamendua lortzeko

Aitor Renteria.
Baiona
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Tours-Bordele AHT atalaren ordainketa aztertuko du Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak apirilaren 21ean, eta horri begira, jarrera argia hartzeko eskatu die CADEk hautetsiei, gutun bana igorriz. Hiru galdera egin dizkie CADEk. Batetik, argiki adierazteko zenbat diren 2007tik egundaino Hendaiatik garraiatutako salgai kopuruak. Bestetik, bide berriak egin ondoren zenbat tren geldituko diren Baionan, Lapurdiko zein geltokitan geldituko diren eta zenbatek segituko duten bidea gelditu gabe. Azkenik, Kontseilu Nagusiaren eremutik at dagoen lurralderen bateko proiekturen baten ordainketa arautzen duen ikerketaren berri ote duten. Bidaiari, salgai eta tren kopuruei buruzko galdeketaren erantzuna eskatuz, kontseilari nagusi bakoitzaren engaiamendua eta erantzun argia lortunahi ditu CADEk.

Izan ere, AHT atal hori egiteko, 53 milioi euro ordaintzea onartu zuen Kontseilu Nagusiak. Gaur egun, ordea, xedearen bultzatzaileek emendatu dute kopurua. Alta, AHTaren xedean aipatzen zen 2020an 13 milioi tona garraiatuko zituztela. Iragarritako egutegiari jarraikiz, gaur egun zortzi milioi tona garraiatu beharko lituzkete.

Errealitatea kopuru horietatik urruti dago. SNCFk 3,5 milioi tona garraiatzen zituen duela 15 urte, eta gaur egun 1,6 milioi tona garraiatzen ditu gainerako eragile pribatuekin batera. Bidaiari kopuruari dagokionez, SNCFk aitortu du ezarritako bidesariak eraginen duela txartelen prezioan eta bidaiari gutxiago ukanen dituela. RFFk bidaiari eta salgai kopuruak puzturik plazaratzen dituela dio CADEk. Errealitate horren aitzinean jarrera arrazoitzeko eskatzen diete kontseilari nagusiei.

Kontuak eta mehatxuak

Georges Labazee Kontseilu Nagusiko presidente hautatu berriak AHTaren ordainketa kopurua aztertu nahi du, balizko emendatzea onartzeko edo ez. Alta, 2006an onartu zuela gogora ekarri dio CADEk. Ikerketa batek erakutsi du Vinci eragilepribatuak ez duela aurrekontu hori behar AHT atala egiteko, baina babes ekonomiko gisa baliatu nahi duela. Horrez gain, bertze 60 milioi euro eskatu dizkio RFFri. Ordainketa onartu zuelarik egoera bera zela gogoratu dio CADEk Labazeeri.

Bertze alde batetik, hauteskunde garaia bukaturik, RFFk zundaketa lanei ekin nahi die. Gaur berean suprefetak bilkura batera deitu ditu AHTaren Lapurdiko ataleko auzapezak. CADEren iritziz, mezu bakarra helaraziko die. «AHTaren kontrako manifestariak egon edo ez, zundaketak eginen direla erranen die suprefetak, eta mehatxu hori onartezina da», adierazi du Victor Pachon CADEko presidenteak. Heldu den astean zuhur ibiltzeko deia egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.