AHTaren «txikizioa gelditzeko» exijituko dute hurrengo astean, bestelako trenbide baten alde prestatu dituzten jardunaldietan. Egitarauaren berri eman du AHTaren Aurrean Alternatiba kolektiboak, jardunaldien antolatzaileak. Hainbat ekintza prestatu dira: besteak beste, hitzaldiak, mahai inguruak, erakusketak, musika eta haurrentzako jolasak izango dira otsailaren 22tik 25era, Altsasun (Nafarroa), Irurtzunen (Nafarroa) eta Agurainen (Araba).
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, jardunaldietan aukera izango da Italiako Susa haraneko esperientzia ezagutzeko, «nazioarteko erreferentzia» bihurtu baita AHTaren aurkako borrokan. Piamonteko haran horretako ekintzaile ordezkaritza batek hitzaldia egingo du Altsasun, Irurtzunen eta Agurainen, otsailaren 22an eta 23an. Horietako bitan, ekintzaile italiarrekin batera, parte hartuko dute Ipar Euskal Herrian AHTaren kontra antolatu diren zenbait ekintzailek ere, beren kanpainei buruzko azalpenak emateko.
Horrez gain, antolatzaileek AHTaren alternatiba bat aurkeztuko dute: Burgos, Araba eta Nafarroa lotuko lituzkeen «tren publiko eta soziala». Tren horrek egin ahalko lukeen ibilbideari buruzko xehetasunak emango dituzte Kimetz Munitxa eta Ignacio Rubin bideetako ingeniariek, larunbatean, Altsasuko pilotalekuan (18:00). Aurkezpen horretan, hizlari izango da Carmen Duce ere, Espainiako Ekologistak Martxan elkarteko koordinatzaile nagusia.
Igandean, mendi martxa egingo dute, eta Donemiliagan (Araba) amaituko dituzte jardunaldiak, bazkari batekin.