Stop AHT Zundaketak plataformak deituta, herritar ugari bildu dira Altsasun (Nafarroa) gaur, AHT abiadura handiko trenaren obra guztiak gelditzea eta zundaketen kanpaina bertan behera uztea exijitzeko. Eskualdeko eta herrialde osoko beste hainbat eragilek ere babestu dute Ez Ezkiotik, ez Gasteiztik. AHTrik ez lelopean egindako protesta.
Plataformako kideek jakinarazi dutenez, bi urte igaro dira zundaketa kanpaina iragarri zutenetik. Hala ere, oraindik ez dute «bakar bat ere» burutu, «Iza, Goierri eta Sakanako udal eta herri oposizioagatik». Hori dela eta, jakinarazi dute azken hilabeteotan «gobernu zentralak, eskuinak eta gezurrak zabaltzen dituzten hedabide batzuek nahasmen eta intoxikazio kanpaina bati» ekin diotela, zundaketa lanen kontra egin duten herritarrak eta udalak kriminalizatzeko.
Protestara batu direnek ezinbestekotzat jo dute zundaketak gelditzea, AHTa egiteko lehen obrak baitira. Eta hainbat arrazoi eman dituzte tren horren kontra daudela azaltzeko. Besteak beste, adierazi dute «konponezina den kaltea» eragingo duela eta «energia xahuketa onartezina» ekarriko duela. Horrez gain, kritikatu dute AHTan xahututako baliabideak ez dituztela inbertitzen «hain premiazkoak» diren «gastu sozialetan», eta obrak ez duela errentagarritasun ekonomiko eta sozialik.
Bestalde, plataformako kideek salatu dute herriari «indarrez» ezarri diotela ATHa, eta «eliteentzat eraikitako azpiegiturak herri xeheak erabiltzen duen egungo trenbide sarearen hondoratzea» ekarriko duela. Gogoratu dute, gainera, azpiegitura horretan lanean ari diren beharginen baldintzak «onartezinak» direla. Horiek horrela, lehen urratsa den zundaketa kanpaina bertan behera uzteko eta AHTaren lanak erabat gelditzeko eskatu dute.