AHT abiadura handiko trenaren aurkako aldarria ozen entzun da gaur goizean Iruñeko Foruen Monumentuaren ondoan, dozenaka lagun batu baitira azpiegitura horren kontrako elkarretaratzean. Sustrai Erakuntza fundazioak deituta, AHTaren egitasmoa gelditzeko dei herrikoia izeneko manifestua aurkeztu dute. Arlo ugaritako hainbat norbanako eta elkarteren babesa jaso du agiriak; oraingoz, 500 atxikimendu inguru lortu ditu.
Testuan, AHTaren lanak gelditzeko hainbat arrazoi bildu dituzte, eta garraio ereduari buruzko gizarte eztabaida baten alde egin. Diotenez, abiadura handiko trenak «kalte konponezinak» eragingo ditu lurraldean, energia «xahutu» egingo du, eta ez du gutxituko errepideetako trafikoa. Gainera, lurralde kohesioa sustatu ordez, herritarrak hirietan metatu eta landa ingurunea alboratzen lagunduko duela uste dute, eta ohartarazi Tafalla, Castejon eta Altsasu ibilbide luzeko tren zerbitzurik gabe geldituko direla.
Baliabide publikoak xahutzea ekarri eta heldu diren belaunaldientzako zorra handituko duela iritzi diote. Manifestuaren sinatzaileek gogora ekarri dute hainbat azterketak agerian utzi dutela azpiegiturak ez duela errentagarritasun ekonomiko eta sozialik izango, hura egiteko jarritako gastua ez delako inoiz berreskuratuko, eta bidaiari kopuru urria izango duenez haren ustiaketak ere galerak izango dituelako.
Manifestuaren sinatzaileek iritzi diote AHTak ez duela lurralde kohesioa sustatuko, eta Tafalla, Castejon eta Altsasu ibilbide luzeko tren zerbitzurik gabe geldituko direla
«Haien xedea da gizartearen gutxiengo batentzako tren elitista bat eraikitzea herritar xumeek erabiltzen duten ohiko trenaren kaltetan», adierazi dute. Salatu dute enpresa, banketxe eta alderdi batzuen interesei bakarrik erantzuten diela garraio horrek.
«Herriari indarrez» ezarrita
Halaber, AHTaren mitoa «pitzatzen» ari dela uste dute: «Europarekin abiadura handiko lotura izatea zalantzan dago, eta frogatu da ez duela eramango merkantzia kantitate esanguratsurik». Hori hala, agiriaren sinatzaileek iritzi diote AHTa jada ez dela «modernitatearen eta tren ekologikoaren» sinonimo, eta inor gutxik sinisten duela iragarritako egunean martxan jarriko denik.
Horrekin batera, agirian arbuiatu dute ez dela parte hartzeko aukerarik zabaldu. Are, «herriari indarrez» ezarri zaiola salatu dute, eta hura ez egitea aholkatu duten hainbat erakunderi —EHU, Airef, Espainiako eta Europako Kontu Auzitegiak eta CEOE patronala— entzungor egin zaiela.
Horregatik guztiagatik, AHTaren lanak guztiz gelditzeko eta kaltetutako lurraldeak «lehengoratzeko» eskatu dute, bai eta garraio ereduari buruzko eztabaida parte hartzailea sustatzea ere. Halaber, merkantzien trafikoa murriztea eta tokiko ekonomia sustatzea galdegin dute, «ahalik eta elikadura eta energia burujabetza handiena ziurtatzeko». Egungo trenbide sarea hobetzearen alde ere egin dute, azken urteotan AHTrako jarritako diruaren ondorioz bertan behera utzitako zerbitzu, eraikin eta langileak berreskuratuta.