Landarlan ingurumen elkarteak jakinarazi duenez, Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak hasi ditu jada AHT Abiadura Handiko Trenaren ibilbidearen zundaketa lanak Aralarren Nafarroako aldean, Sakanan. Iturri horien arabera, Nafarroako eta Gipuzkoako udalek jasoa dute lan horiei buruzko dokumentazioa, besteak beste Ataungoak eta Idiazabalgoak. Elkarteak nabarmendu du iturri ofizialetatik eskuratu dutela informazio guztia.
Espainiako Gobernuaren arabera, AHTak bi alternatiba ditu Nafarroa euskal Y-arekin lotzeko: lehena Gasteiztik igaroko litzateke, eta bigarrenak Ezkio-Itsasoko plataforma intermodala erabiliko luke. «Azken hori aurrekoa baino hiru aldiz garestiagoa izango litzateke, eta, gainera, Aralar zeharkatuko luke. Ibilbide horren arabera, trenbidea Lakuntza inguruan sartuko litzateke lurpean, eta Ataun alderik alde zeharkatuko luke: Altzania, Motasoro eta Atxurbideren azpitik pasatuko litzateke, Idiazabal eta Olaberria artean irten eta Ezkio-Itsasora iristeko. Proiektuaren arabera, Ataunen trenbidea bistan edukiko genuke leku batean baino gehiagotan».
(jarraitu irakurtzen, 'Goierriko Hitza'-n)