AHTaren Gasteizko tartearen urrats administratiboak amaitu ditu Espainiako Gobernuak

Arabako hiribururako proiektua berretsi du Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak, 11.000 alegazio aztertu ostean. Onarpenak bide emango die 'euskal Y'-aren azken katebegiko lanei: Arkautiko lotunekoei.

Gasteizko lurrazpiko geltokiaren proiekzioa.
AHTaren Gasteizko lurrazpiko geltokiaren proiekzio irudi bat. BERRIA
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko ekainaren 14a
17:22
Entzun

Abiadura handiko trenak (AHT) Gasteizen izango duen ibilbidea zehaztu du Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak, AHTaren zati horri dagokion proiektuaren azterketa informatiboa onartuta. Azterketak berretsi du Arabako hiriburuak lurrazpiko geltoki bat izango duela. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburu Iñaki Arriolak nabarmendu duenez, azterketa onartuta, «amaitu egin da aldi administratibo hutsa, eta eraikitze aldia hasia da».

Ibilbidean ez da azken orduko aldaketarik izango, eta onartu den proiektua 2019an aurkeztu zenaren ia bera da, nahiz eta 11.000 alegazio jaso dituen ingurumenean eragingo dituen kalteengatik; bereziki, Salburuko hezegunean, balio ekologiko handia baitu eremu horrek. AHTa tunel baten bidez sartuko da Gasteizera. Salburuko bulebarra eta Pedro Asua kalea lotuko ditu, eta 3,6 kilometro luze izango da. Lurrazpiko geltokiak bi solairu izango ditu, eta 400 ibilgailurentzako aparkaleku bat hartuko du.

Dokumentuaren onarpena urrats administratibo bat da; Espainiako Gobernuak joan den martxoan ingurumen inpaktuaren adierazpena onartu ostean eman beharrekoa. Arriolaren iritziz, «esperotakoa da, baina ez horregatik garrantzi txikiagokoa». AHTaren lanetarako «aurrerapauso garrantzitsua» dela uste du, «inflexio puntu bat».

Azterketa onartu izanak bide emango die euskal Y-a amaitzeko falta diren azken lanei, Arkautiko lotunearen obrak hastea baimenduko baitu. Arkautiko lotunea da Burgostik (Espainia) Gasteizera doan ibilbidea konektatuko duena euskal Y-aren gainerako adarrekin. Gipuzkoako adarra —Eusko Jaurlaritzaren ardurapean eraikia— egintzat jo zuen Iñigo Urkulluren gobernuak joan den otsailean. Gasteiz eta Bilbo arteko adarra — Espainiako Gobernuaren ardurapekoa— obrak amaitu gabe dago, eta Madrilen aurreikuspena da datorren urteko lehen erdian egongo dela egina.

Aurreikuspena beteko balitz, Arkautiko lotunea geldituko litzateke soilik AHTaren zerbitzua martxan jarri ahal izateko. Hiriburuetako behin betiko geltokiak amaituta egotea ez da nahitaezkoa izango trena abian jartzeko. Gasteizen, Dato kaleko geltokiak lurrazaletik hartuko du AHTa hasieran, eta, Bizkaian, Basauriko behin-behineko geltoki batek beteko du Bilbokoaren egitekoa, Abandoko geltokia lurrazpiko bihurtu artean. Azken estimazio ofizialen arabera, 2027an hasiko dira proba bidaiak egiten, eta AHTak 2028an egingo ditu lehen bidaia komertzialak.

Azken lanak, lehenbailehen

Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Arkautiko lanak aurreratzeko zenbait neurri hartuak dituzte. Akordio bat egin zuten 2022an, Madrilek atzo onartu zuen azterketa informatiboa esku artean izan gabe ere oinarrizko proiektua garatzeko. Sener ingeniaritza enpresari egin zioten enkargua, eta proiektuak amaituta behar luke uda honetan. Erakundeen asmoa da hura jaso bezain laster esleitzea eraikuntza proiektua, lanekin lehenbailehen hasteko. Madrilen iritziz, lotuneko lanak aurreratuta daudenean zehaztu ahal izango du AHTa noiz hasiko den martxan.

Azterketa informatiboaren arabera, 724,5 milioiko kostua izango dute Gasteizko ibilbidearen lanek, lurrazpiko geltokikoek eta Arkautiko lotunekoek. Kalkuluak, baina, duela bost urtekoak dira, eta, beraz, pentsatzekoa da azken kopuruak erraz gaindituko duela aurreikuspen hori.

Arriolak azaldu duenez, Jaurlaritza eta Espainiako Garraio Ministerioa «gogor» ari dira lanean Arkautiko lanak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gobernuaren esku utziko dituen hitzarmena zehazteko. «Datozen hilabeteetan» prest egotea espero du sailburuak.

Arkautiko lotuneak aukera emango du Gasteiz eta Iruñe arteko AHTaren ibilbide proiektu bat onartzeko ere. Lotura hori azterketa fasean da oraindik, eta ez dago proiektu ofizialik. Arriolak aurreratu du hura definitzeko pausoak ematen ari direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.