AHTaren Gasteizko sarrera aurrera doa, Madrilen baimenarekin eta Lakuaren onespenarekin

Lau urteren ostean, Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak onartu egin du Gasteizko AHTaren sarrera proiektuaren ingurumen adierazpena. Arriola sailburuak adierazi du «jauzi kualitatibo» bat dela.

RENFEREN TRENAK
Gasteizko tren geltokiaren artxiboko irudi bat. JUANAN RUIZ / FOKU
inaut matauko rada
2024ko martxoaren 8a
14:45
Entzun

Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak onartu egin du Gasteizko AHTaren sarreraren ingurumen txostena. Atzo eman zuen onespen hori, eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburu Iñaki Arriolak adierazi du pauso handi bat dela euskal Y-ak aurrera jarrai dezan. Proiektua planifikatzeko fasea, beraz, amaitutzat eman dute, eta orain proiektua idazteko eta lanak egiteko tartea da.

Ia lau urte itxaron behar izan dute gasteiztarrek AHTaren hiriko sarrera-irteerak behin betiko nola izango diren jakiteko, 2020an hasi baitziren ingurumen ikerketak egiten. Madrilen aurkeztu zuten onespena atzo Oscar Puente Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako ministroak eta Arriolak, hauteskundeak baino hilabete lehenago. Horrez gain, biek konpromisoa hartu zuten euskal Y-aren jarraipen batzordera ahalik eta lasterren deitzeko.

Bi zati izango ditu AHTaren ibilbideak Gasteizen. Lehenak hirigune guztia zeharkatuko du mendebaldetik ekialdera: Krispiñatik Errekaleor errekaren bidegurutzeraino. Zati horretantxe egongo da tren geltoki nagusia ere, lurrazpian, baina ibilbidearen zatirik handiena azkenean ez da lurrazpian joango, pantailen artean baizik, ingurumen eta akustika inpaktua murrizteko. Egungo trenaren ibilbideari jarraituko dio, eta ez dute argitu lanek iraungo duten urteetan zer eragin izango duen tren trafikoan.

Bigarren zatiak euskal Y-arekin lotuko du lehen zatia. Errekaleor errekaren bidegurutzetik hasiko da, eta Arrazua-Ubarrundia (Araba) eta Legutio (Araba) arteko AHTaren zatiaren loturaraino iritsiko da. Bi ibilbide aurreikusi zituzten, Salburuko parkea eta Arkautiko (Araba) polizia akademia tartean baitaude, baina azkenean akademiaren ekialdetik igaroko da trena, eta hortik iparraldera joango da, euskal Y-arekin lotzeko.

AHT-aren GASTEIZKO SARRERA-IRTEEREN GAKOAK

  1. BI ZATI. AHTak bi zati izango ditu Gasteizen, Burgostik (Espainia) datorren bidea euskal Y-arekin lotzeko.

  2. LEHEN ZATIA. Hiriaren mendebaldetik, Krispiñatik (Gasteiz), Errekaleor errekaren bidegurutzeraino, ekialdean. Zati horrek hiria mendebaldetik ekialdera zeharkatuko du, eta bertan egongo da geltoki nagusia. Ibilbide bakarra aurkeztu zen, egungo trenbideen bera, baina trenbide berria eraikitzeko bi modu aurkeztu ziren: lurperatzea edo pantailen artean eraikitzea. Azkenean, bigarrenaren alde egin dute.

  3. BIGARREN ZATIA. Errekaleor errekaren bidegurutzetik Arrazua-Ubarrundia (Araba) eta Legutio (Araba) arteko AHTaren zatiaren loturaraino iritsiko da. Bi bide posible zeuden hasieran, Salburuko parkea eta Arkautiko (Araba) polizia akademia tartean baitaude. Azkenean, akademiaren ekialdetik igaroko da, eta iparraldera joango da trena, euskal Y-arekin lotu arte.

Zalantza handienetako bat zen nola zeharkatuko zuen trenak Gasteiz, baina azkenean argitu dute ez dutela lurperatzearen alde egingo, eta, horren ordez, pantaila artean joango da, ingurumen eta akustika inpaktu txikiagoa izateko. Arriolak goratu egin du Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean izan duten «lankidetza estua»: «Gure erkidegoak [Araba, Bizkai eta Gipuzkoa] aurrera egiteko funtsezko azpiegitura da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.