Xextra politikoaren erdigunean jarri da abiadura handiko trenaren Nafarroako zatiaren eta Euskal Y-aren arteko lotunea Ezkion (Gipuzkoa) edo Gasteizen egin, baina badirudi gero eta indar handiagoa hartzen ari dela Arabako lotunea, Ezkioko aukera baztertuta. Josu Estarrona EH Bilduko senatariak horri buruz galdetu dio idatziz Espainiako Gobernuari, eta hau izan da erantzuna: «Ezkio-Itsasoko lotuneak ingurumen balio handia eta hidrogeologia eremu konplexua duen eremu batetik pasatu beharko luke, eremu karstikoak ere barnean hartuta. Horregatik, zalantza handia dugu aukera horren bideragarritasunari buruz».
Ebazteko dago AHTaren lotunea non egingo den, eta arduradun politikoek diote Espainiako Gobernuak egin behar dituen txosten teknikoen zain daudela erabakiak hartzeko. Hain zuzen, horri buruz galdetu dio Estarronak Espainiako Gobernuari: ea noizko espero duen ikerketa horien emaitza izatea.
Espainiako Gobernuak erantzun dio 2022ko azaroaren 30ean eskatu zitzaiola INECOri —Garraioaren Ingeniaritza eta Ekonomia aztertzen duen erakundeari— honako hau egin zezala: Kantauri-Mediterraneoa lotuko lituzkeen tren korridorearen azterketa informatiboa, Iruñea-Altsasu (Nafarroa) artekoa. Erantzun dio 2022an beste azterketa bat ere eskatu zutela eta bi zati zituela: batetik, Iruñea eta Altsasu arteko lotunerako azterketa osagarri bat, alternatiba gero Gasteizkoa edo Ezkio-Itsasokoa izanda ere baliagarria dena; eta bestetik, Ezkio-Itsasoko loturaren ezaugarriak zein diren jakiteko azterketa geologiko eta hidrogeologiko sakon bat.
Espainiako Gobernuaren arabera, hain zuzen, bigarren zati horretan daude zailtasunak; izan ere, lotune hori egingo balitz, ingurumen balio handiko eremuak igaro beharko lituzke, hidrogeologia konplexua dutenak eta eremu karstikoak ere badituenak. Horregatik, Espainiako Gobernuak onartu duenez, «zaila» iruditzen zaio bideragarritasuna.
Udalen erabateko oposizioa
Halere, oraindik azterketak egiten ari direla erantsi du Espainiako Gobernuak. Prospekzioak eta zundaketak egiteko asmoa berretsi du, eta eremu horretan ere zailtasunak daudela aitortu du: «Orain arte ezin izan ditugu landa jabego horietako baimenak lortu zundaketak egiteko, lotuneak igaro beharko lukeen eremuetako udalen erabateko oposizioa dela eta, eta horregatik doaz mantso azterketak. Beraz, azterketetan aurrera egiten ari gara ahal den heinean, informazio hori gabe».
Arabako eta Gipuzkoako aldundien arteko liskarra eragin du auziak. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak hango lotunearen alde egin izan du. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, berriz, Ezkio-Itsasokoa defendatu du sutsuki. Bien artean alderdi sozialistako hainbat ordezkari ere mintzatu dira. Argien Ramon Alzorriz PSNko eleduna mintzatu zen, eta Gasteizko aukeraren alde egin zuen. PSE-EEn, berriz, zatituta daude, eta Eneko Andueza idazkari nagusiak kargu hartu izan die lurraldeetako ordezkariei, eta Espainiako Gobernuaren txosten teknikoaren ebazpenari itxaroteko eskatu.
Aralarko igarobidearen aukera aurrera aterako balitz, 21 kilometroko tunel batek igaroko luke ingurumen parkea. Talde ekologistek eta inguruko udalek proiektu horren kontra egin dute. Eta hori guztia gutxi balitz, proiektua ebazterako geltoki bat egin zuten Ezkio-Itsason. Hori jada eraikita dago.