AHTaren eta parke fotovoltaikoen proiektuek Arabako ibarretan eragiten dituzten kalteez ohartarazi dute

Ribabellosan elkartu dira 'Arabako ibarren defentsan' lelopean, proiektu horiek gehien eragingo dioten udalerria baita.

RIBABELLOSA
Igandean Ribabellosan (Araba) egindako protesta. BERRIA
inaut matauko rada
2024ko abuztuaren 26a
15:20
Entzun

Urteak daramatzate Arabako hainbat ibarretako herritarrek Burgos (Espainia) eta Gasteiz arteko abiadura handiko trenaren loturaren aurka protestan, eta azkenaldian beste proiektu batzuk batu zaizkio AHTari, energia berriztagarria ekoizteko hainbat parke fotovoltaiko egiteko eskariak baitaude. Hori dela eta, urtero bezala, Ribabellosan (Araba) elkartu ziren atzo udalerrietako herritar batzuk, tren sozialaren alde eta «makroproiektuen» aurka.

Ribabellosan elkartzen dira proiektu gehien. Herriaren iparraldetik igaroko da AHTaren linea, eta udalerriaren kanpoaldeko lurretan hainbat parke fotovoltaiko egingo dituzte zenbait promotorek. Horietara argindarra garraiatzeko, tentsio handiko lineak gehitu behar zaizkie, Solariarenak tartean, ekoitzitako elektrizitatea Zierbenaraino (Bizkaia) garraiatzea asmo dutenak. Argindarra ehun kilometrora baino gehiagora garraiatzeak haserrea eta eztabaidak sortu ditu, bai kalean bai erakundeetan.

Atzoko protestara deitu zuten elkarteek ohar bidez azaldu dute «beharrezkoa» dela erregai fosiletan oinarritutako iturriak ordezkatzea, baina egungo eredua kritikatu dute. Alde batetik, uste dute ezinezkoa dela iturri fosilak guztiz albo batera uztea; horrez gain, uste dute «makroproiektuek ekosistemak, ekonomiak eta komunitateak suntsitzen» dituztela. Hala, landa eremuaren etorkizuna «arriskuan» jartzen ari dela salatu dute, besteak beste «erakunde publikoen kudeaketa negargarriagatik».

Martxan dauden proiektuak ikusirik, alternatibak badirela garbi utzi dute: AHTaren ordez, «tren publiko eta soziala» posible dela uste dute, abiadura handiko trenentzat eta aldiriko trenentzat balioko lukeelako, baita bidaiarien eta merkantzien trenentzat ere. Gainera, alternatiba merkeagoa izango litzatekeela azaldu dute, zehazki 1.000 milioi euro merkeago, eta bidaiaren iraupena soilik hamar minutu luzatuko litzatekeela gehitu dute.

Energia berriztagarria ekoizteko azpiegitura handiei aurre egiteko, eredu «deszentralizatu» baten beharraz hitz egin dute, batetik, herritarrak izango liratekeelako «eragile nagusi», eta, bestetik, «nekazaritza lurren eta mendilerroen okupazioa» saihestuko litzatekeelako: «Gasteizko Udalak Madrilgo Unibertsitate Konplutentseari eskatutako ikerketa batean erakutsi zutenez, teilatuetan plakak jarriz gero, hiriburuak kontsumitzen duen elektrizitatea baino gehiago ekoitz dezake urtebetean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.