AHTaren aurkako martxa egin dute Martutenetik Gaintxurizketara

Oiartzualdeko AHT Gelditu taldeak antolatu du ibilaldia. AHTak ingurumenean egiten duen kaltea eta haren eragin ekonomikoa salatu dituzte

Atzo Martutenetik Gaintxurizketara egindako martxa. BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
AHT abiadura handiko trenaren aurka protesta egin zuten atzo. Oiartzualdeko AHT Gelditu taldeak deituta, 50 bat lagunek ibilaldia egin zuten Martutenetik (Donostia, Gipuzkoa) Gaintxurizketara (Lezo, Gipuzkoa), «proiektu txikitzaileak» kalte egin duen inguruetan barrena. Ingurumenari eragingo dion kaltea ez ezik, eragin ekonomikoa ere gaitzetsi zuten: «Inpaktu ekonomiko itzela du: 476 miloi euroko aurrekontua, 50 miloi euroko kostua kilometro bakoitzeko».

Bidean, proiektu horrek eragiten dituen kalteei buruzko informazioa jaso dute parte hartzaileek. Besteak beste, AHTak kalte egindako bizilagunen berri izan dute, baita proiektuak kalte egingo dien lurrak eta lantegiak ezagutu ere. «Finean, 21 kilometroko ibilbide honetan proiektu faraoniko honek ekar litzakeen kalteak, duen zentzu falta eta islatzen duen garapenkeria eta diru gosea ezagutu ahal izan ditugu», azaldu dute, ohar bidez. Informatzen, protestatzen eta planto egiten jarraitzera deitu dituzte herritarrak, «AHTa iraganeko amesgaizoa bakarrik izan dadin».

Goi tentsioko lineen aurka

Tafallatik (Nafarroa) Gabiriara (Gipuzkoa) egin asmo dituzten goi tentsioko lineen aurka egin zuten atzo proiektuak eragina izango duen udaletako hautetsiek. Etxarri Aranatzen (Nafarroa) bildu ziren, eta argi adierazi zuten beren «herrien etorkizuna baldintzatzen» duten azpiegitura horien aurka daudela «erabat». Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari proiektu horren aurka egiteko eskatu diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.