AHTaren Aurkako Asanblada desegitea erabaki dute

Bere indarren eta borrokaren egoerari buruzko hausnarketak eraman du batzarra erabakia hartzera

AHTaren aurka barauan direnak, atzo, Herri Lan Departarmentuan. BERRIA.
inaki petxarroman
Donostia
2012ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
AHT abiadura handiko trenaren aurkako borrokak erreferentziazko izen bat gutxiago du joan den asteburutik. 1993tik lanean ari zen AHTaren Aurkako Asanbladak desegitea eta agur esatea erabaki du. «Erabaki honek gure indarren eta borrokaren egoerari buruzko hausnarketan du oinarri», jakinarazi dute ohar baten bidez. Izena erabiltzen jarraituko dute, irekita dauden hainbat auzi eta epaiketa amaitu bitartean.

AHTaren Aurkako Asanblada 1993an sortu zen, garai hartako hainbat borroka sozial eta ekologistarekin bat eginez. Esate baterako, Leitzarango autobidearen aurkako mugimendua, Itoizko solidarioen ekarpena eta beste hainbat borroka antikapitalista eredu gisa hartuta hasi zen lanean. Bere ibilbidean «izaera autonomoa, antikapitalista, antidesarrollista eta asanblearioa» izan du oinarri AHTaren aurkako mugimendu horrek.

Hainbat lan ildo garatu ditu: informazioa zabaldu du tren lasterraren kalteen inguruan, mendi martxa, hitzaldi, txosten eta bestelako hainbat euskarriren bidez; eta desobedientzia ekintzak eta mobilizazioak antolatu ditu. Besteak beste, 1996tik hona, urtero AHTaren aurkako kanpaldia antolatu dute.

2001. urtean AHT Gelditu Elkarlana osatu zuten, beste hainbat erakunderekin batera. 2009tik, taldeak berak adierazi duenez, asko apaldu da AHTaren aurkako mugimendua. «Ahuldade egoera horretan, batzar orokorrak bere koordinazio funtzioa galdu du, eta bertan behera uztea erabaki dugu».

Alabaina, AHTaren eta «txikizioaren» aurka lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute batzarrean batu direnek. Hala, gizarteari «kalera eta borrokara» ateratzeko deia egin diote, «lurra sistemaren atzaparretatik askatu arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.