AHT abiadura handiko trenak soilik erabiliko duen trenbidea eraikitzea galarazteko asmoa dute Nafarroa Trenaren Alde, Araba Trenaren Alde eta Goierriko AHTrik Ez plataformek. Horretarako, Altsasun (Nafarroa) manifestazioa antolatu dute apirilaren 20rako.
Mobilizazioaren aurretik, beste hainbat protesta egingo dituzte Euskal Herriko herri batzuetan, urtarrilaren 19an. Manzanoseko tren geltokian (Araba) 18:30ean egingo dute protesta, baita Aguraingo (Araba) Errege atarian ere, 19:00etan. Ordu berean, Altsasuko udaletxearen parean, Otxobiko jauregiaren ondoan (Nafarroa) eta Izurdiagako tren geltokian (Nafarroa) elkartuko dira, eta 19:30ean, azkenik, Beasaingo tren geltokian (Gipuzkoa).
Bestalde, otsailaren 22tik 25era bitartean, Tren Publiko eta Sozialaren aldeko jardunaldiak egingo dituzte Sakana, Arabako Lautada eta Goierri eskualdeetan. Duela urte eta erdi aurkeztu zuten alternatiba azalduko dute jardunaldi horietan; Italiako abiadura handiko trenaren aurkako mugimenduko kideak ere izango dira bertan.
Konexioaren dilema
Nafarroako AHTaren eta euskal Y-aren arteko konexioa oraindik zehaztu gabe dago. Bi aukera daude mahai gainean: Gasteizko geltokiarekin lotzea, Sakanatik pasatuta, edo Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mendikateak zulatuta Ezkio-Itsasoko geltokiarekin lotzea. Hala ere, badirudi Gasteizen lotzeko aukera dela Adifen gogokoena.
Gaur egun bada Altsasu eta Gasteiz lotzen dituen tren bat, eta ibilbide bera izango luke AHTak. Bada, tren publiko eta sozialaren aldekoek egungo bideak egokitzearen alde egiten dute. Hiru bide ingeniarik egin zuten proposamena, eta, haien arabera, Espainiako Gobernuak egin nahi duena baino 2.000 milioi euro merkeagoa izango litzateke.
Adierazi dute alternatiba horrek pertsonen eta salgaien garraioa uztartzea ahalbidetuko lukeela, ez egungo AHTak bezala, pertsonak garraiatzeko baitago soilik egina. Abiadura eta distantzia handiko bidaiak aldiriko ibilbideekin uztartuko liratekeela ere zehaztu dute.