AHT

AHTaren alternatiben aldeko mobilizazioa egingo dute larunbatean, Altsasun

Soilik abiadura handiko trenak ibiliko diren trenbideak egitearen aurka egingo dute manifestazioaren deitzaileek.

TREN SOZIALA
Mobilizaziora deitzeko prentsaurrekoa.
inaut matauko rada
2024ko apirilaren 17a
11:00
Entzun

Nafarroako AHTaren eta Euskal 'Y'-aren arteko lotura oraindik erabaki gabe dagoela, Nafarroa Trenaren Alde, Araba Trearen Alde eta Goierriko AHTrik Ez plataformek mobilizazio bat antolatu dute larunbaterako, apirilak 20, Altsasun (Nafarroa), eta «jende guztiari» bertara joateko gonbita egin diote. «Garrantzitsua eta polita» izango dela adierazi dute, eta joaldunak, erraldoiak, txarangak eta bertsolariak izango direla, besteak beste. 18:00etan hasiko da mobilizazioa.

Espainiako Gobernuak bi tren lineak Gasteizen lotzearen aldeko jarrera agertu du, eta proiektu horretan, gaur egun dagoen trenbidearen alboan beste trenbide bat egiteko asmoa dute, soilik abiadura handiko trena igarotzeko. Mobilizazioa antolatu dutenak erabaki horren aurka daude, uste baitute bidea ez dela beste bide bat egitea, egun daudenak egokitzea baizik. Duela urte eta erdi aurkeztu zuten proiektu alternatiboa, hiru bide ingeniarik egina. Egungo bideak egokitzea da proiektu horren muina, AHTaren trenbideak kaltea eragingo lukeen herri eta kontzejuen eskaerak jasota.

Gainera, bide horrek salgaien eta pertsonen garraiorako trenak uztartzeko modua emango luke, baita abiadura handiko trena bertatik joateko ere. Egin dituzten kalkuluen arabera, aurkeztu duten proiektua egungoa baino 2.000 milioi euro merkeagoa izango litzateke.

2.000 milioi

Alternatibarekin zenbat ditu aurreztuko litzatekeen. Hiru bide ingeniarik egindako proiektu alternatiboa, jasangarriagoa izateaz gain, merkeagoa ere izango litzateke. Kalkulatu dute Espainiako Gobernuaren proiektua baino 2.000 milioi euro merkeagoa izango litzatekeela.

Proiektu alternatibo horrekin, AHTa ez litzateke hain azkarra izango, baina kalkulatu dute Burgos-Gasteiz linea soilik hamar minutu luzeagoa izango litzatekeela, eta Gasteiz-Iruñea, berriz, zortzi minutu motelagoa. Hala ere, alternatiba horrekin beste onura batzuk lortuko liratekeela uste dute, aldiriko zerbitzuak hobetzea eta tren geltoki txikiak berritzea, esaterako. Herri handietan trena hobeto integratuta egoteko beste esku hartze batzuk planteatu dituzte, Altsasun eta Agurainen trena lurperatzea, esaterako.

Azpimarratu dute aurkeztutako proiektua ez dela ameskeria, baizik herri plataformen eta Adif eta Renfen ordezkapena duten sindikatu guztien artean lortutako akordioetatik datorren proposamen bat, «konponbide erreala eta teknikoki bideragarria». Uste dute antzeko asmoak ere badaudela beste leku batzuetan, Bordele (Okzitania) eta Hendaia (Lapurdi) arteko linea adibidez: AHTarentzako trenbide propio bat egitea baztertu du Frantziako Gobernuak, eta egungo trenbidea hobetzearen alde egin.

Azkenik, nabarmendu dutenez, gaur egun Gasteiz eta Iruñea arterako pentsatua dagoen AHTaren trenbideak eragina izango lukeen udalen %70 daude aurkeztu duten alternatibaren alde; hori dela eta, «herriaren borondatea errespetatzeko» eskatu dute, baita trenbide berri bat egiteko lan guztiak geratzeko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.