«Bizitza erdigunean, ez porlana», oihukatu dute ehunka herritarrek Iruñeko karriketan. AHT abiadura handiko trenaren lanak bertan behera uztea exijitzeko, manifestazioa egin dute eguerdian, Lurraren zaintza guztion zaintza da. Kasu AHTarekin, AHTarekin ez baita zaintzarik lelopean. Izan ere, «guztiontzako zaintza» aldarrikatu dute, Lurrarena barne.
Beste behin ere, aldarrikatu dute AHTa dela Euskal Herriko «elefante zuririk handiena, azpiegiturarik txikitzaileena». Aldi honetan, gainera, herritarrek alderdi batean jarri dute azpimarra, batik bat: AHTak «irensten» dituen baliabideetan. Bestela esanda: «AHTak bereganatzen dituenez gero beste arlo batzuetara bideratu ezin diren baliabide horietan». Trenean inbertitu asmo den aurrekontua zertarako erabiltzea nahi luketen esplikatzeko, adibide mordoa eman dituzte: «Zaharren egoitzetako langileen lan baldintzak hobetzeko, haur eskoletako ratioak txikitzeko, etxeko langileen lan egoerak duintzeko... ».
Hain zuzen ere, zaintza sisteman gaur egun dituen gabeziak are eta nabarmenago bistaratzeko, manifestazioan aktore lanetan aritu dira zenbait herritar. Batzuek osasun langileen rolak jokatu dituzte; maskarak ahoan, sendagaiak patriketan, xiringak eskuetan, eta erloju handi bana lepoan zintzilik, ikusarazteko presaka aritu behar izaten dutela lanean. Beste hainbatek zahar etxeetako egoiliarren rolak jokatu dituzte. Manifestazioaren hondarrean, antzezlan bat egin dute Gazteluko plazan.
Hala, batez ere zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko aldarriarekin txirikordatu dute AHTaren kontrakoa gaur. Edonola ere, bestelako argudioak ere nabarmendu dituzte protestan ari zirenek. Besteak beste, salatu dute AHTak sakondu egiten dituela natura ondarearen eta ondare publikoaren merkantilizazioa, pribatizazioa eta hondatzea. Gainera, ohartarazi dute AHTa martxan jartzeak handitu eginen lukeela herritarren arteko arrakala, eta «ekonomiari kalte egin». Diotenez, gutxi batzuek erabiliko duten azpiegitura baterako baliatuko baita herritar guztiena den diru publikoa.
Arduragabekeria salatu
Manifestazioaren amaieran, AHTaren kontrako mugimenduko kide bat atera da herritarren parera, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariarena eginez. Zehazki, Mariatxi Fite izenez aurkeztu dute. Hala, haren eta militante baten arteko elkarrizketa aditu dute manifestazioko partaideek. Salaketa bide bat izan da, batik bat. Adibidez, zaintza lanen pribatizazioari buruz galdetuta, hau erantzun du Fitek: «Zaintza langileek ederki dakite lehiakortasuna dela arrakastarako gakoa». Jendeak kexuka eta uhukatuz erantzun dio Fiteri aldiro.
Datuak ere eman dituzte, hondarrean. Gogora ekarri dutenez, AHTarentzako trenbidearen kilometro bakoitza eraikitzeko baliatzen den dirua aski da egoitzetako 1.600 langileri ordaintzeko, edo 375 egoiliarri zahar etxe publikoan egotea ordaintzeko, edo etxez etxeko 1.600 langileri ordaintzeko. Horiek guztiak kalkulatzeko, urtebeteko epea izan dute aintzat, eta «soldata duinak» ezarri langile bakoitzari.