Ekainaren 9ko Europako Parlamenturako bozetako bigarren eta azken hauteskunde debatea egin dute bart hautagai nagusiek ETB2n, gaztelaniaz. ETB1en joan den astean euskaraz egin zuten hirurak berriz ere aritu dira: Oihane Agirregotia (EAJ), Pernando Barrena (EH BIldu) eta Andeka Larrea (Sumar). Beste hiru alderditako ordezkariek, berriz, aldatu egin dute hizlaria. ETB2kora joan zen Idoia Mendia PSOEren izenean, euskarazkora ez bezala. Podemosen izenean, Isa Serra egon zen —Miren Etxebeste izan zen euskarazkoan—. PPren izenean, Javier Zarzalejos izan zen aurrekoan Carlos Iturgaiz zegoen lekuan. Irisgarritasuna ere Europan erabakitzen da, eta AHTaren proiektua izan zen ika-mikarik handienetakoa eragin zuen auzia.
Xabier Ormazabal moderatzaileak ezarritako gidoiari heldu zioten. ETB1eko atal berak izan zituzten hizpide: ekonomia, sektore estrategikoak eta migrazio politikak.
Ekonomia
Lehen blokean, Agirregoitiak eskatu zuen Europatik datozen funtsak Eusko Jaurlaritzak zuzenean kudeatzeko gaitasuna izateko, Espainiako Gobernutik pasatu behar izan gabe.
Barrenak gogora ekarri zuen 2008ko krisiaren arrastoak badirautela, eta ohartarazi zuen bankuei emandako 60.000 milioi euroen kostua arrastaka izateaz gain gerra politikek austeritatea ekar dezaketela. «Europa eredu propio baten beharrean dago, eta AEBren gero eta mendekoago bilakatzen ari da». NATOren politikei segika gastu militarra %2 igo beharko dela esaten ari direla jakinarazi zuen Barrenak, eta horrek gastu sozialak murriztea dakarrela ohartarazi. «Apustu belikoei aurre egin behar zaie».
«Europa eredu propio baten beharrean dago, eta AEBren gero eta mendekoago bilakatzen ari da».
PERNANDO BARRENAEH Bildu
Serrak ere bide beretik egin zuen, esanaz eskuinak «gerraren erregimen bat» sustatu nahi duela, eta horrek Ameriketako Estatu Batuen ekonomia baino ez duela indartuko. Etengabe egin zion erreferentzia Euskal Herriko mugimendu feministari, atal guztietan. Atal horretan ere defendatu zuen Europako funtsek 2026tik aurrera segitzea, eta zaintzarako eskubidea ekonomiaren zentroan jartzea.
Mendiak Europaren «zutabe sozial sendoak» defendatu zituen, eta ohartarazi ez dela posible izango aurrerantzean ere horrela izatea eskuinak irabazten badu. Europako Alderdi Popularrak esan du ez duela begi onez ikusten 2026ra arte Europatik banatuko diren funtsak luzatzea. Mendiak abisu eman du funts horiek etenez gero aurrerapen sozialak arriskuan egongo direla. «Bidezko trantsizio energetikoa egiteko, beharrezkoak dira funts horiek».
Serrak ihardetsi zion trantsizio hori bidezkoa izan dadin enpresa txiki eta ertainetara joan behar dutela laguntzek, eta orain arte enpresa handietara joatea egotzi zion. Izan ere, Mendiak adibide zehatz bat jarri zuen. Europan erraldoia den enpresa bat aipatu zuen: Airbus. Esan zuen halako enpresetan inbertitu behar dela, nazioarteko enpresa erraldoiekin lehiatu ahal izateko.
Larreak langile klasea babestuz aurrera egingo duen Europa baten alde egin zuen, eta proposatu zuen bertako langileekin adostuta egitea trantsizio energetiko berderantz. Bestalde, esan zuen Europan badirela paradisu fiskalak, eta horiek amaiarazi beharra defendatu zuen. Zerga finkoak eskatu zituen energia enpresa aberatsenentzat.
Zarzalejosek hazkunde ekonomikoa sustatuko duen Europa bat babestu zuen. Europak helburu du 2050erako deskarbonizazioa lortzea. PPkoaren esanetan, horrek sekulako inbertsioa eskatzen du energia elektrikoan. «Enpresa energetikoei zergak jarri beharrean, lagundu egin behar zaie, trantsizio energetikoan bidea egiteko».
«Enpresa energetikoei zergak jarri beharrean, lagundu egin behar zaie, trantsizio energetikoan bidea egiteko».
JAVIER ZARZALEJOSPP
Sektore estrategikoak
Korridore Atlantikoa, AHTa, nekazaritza eta arrantza izan zituzten hizpide sektore estrategikoez mintzatu zirenean, batez ere.
Abiadura handiko trenaren lanak sortu zuen ika-mikarik handiena. Barrenak esan zuen 1990eko hamarkadan hasi zen proiektua bukatzeko baldin badago ere dagoeneko «iraungia» dagoela. Azpimarratu zuen ezen, proiektuaren aurkezpenean esan zutenaren kontra, ez duela merkantziak garraiatzeko balioko, eta «itsasoko autobide atlantikoa» defendatu zuen, errepideak gainezka daudenez, merkantziei irtenbide bat emateko alternatiba gisa.
Agirregoitiak AHTa defendatu zuen, eta EBn hartutako konpromisoak betetzeko eskatu. Esan zuen oztopoz betetako proiektu bat izan dela, hainbat aldetatik. «2030erako amaitu behar zela adostu zen Europan, eta akordio hori bete egin behar da».
«AHTa 2030erako amaitu behar zela adostu zen Europan, eta akordio hori bete egin behar da».
OIHANE AGIRREGOITIAEAJ
Mendiak Agirregoitiari esan zion Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan zen garaian ere AHTaren lanek izan zutela geldialdi bat; «baina hobe dugu garai hura ahaztu». Espainian Pedro Sanchezen gobernuarekin denboran eta forman akordioak betetzen ari direla esan zuen.
Larrearentzat, «AHTaren makroproiektua porrot handi bat da. Lanak atzeratuta daude, gainkostuak dauzka...». Tren sare irisgarri bat defendatu zuen, Europa osoan tarifa laua izango duena. Serrak tren sare publiko bat defendatu zuen, herrialdea josiko duena.
Zarzalejosek gehitu zuen ez dela jakin izan maiz lanaren zenbait fasetan eskuduntzak norenak ziren ere, eta horrek berak proiektua galgatu duela iradoki zuen.
«AHTaren makroproiektua porrot handi bat da. Lanak atzeratuta daude, gainkostuak dauzka...».
ANDEKA LARREASumar
Nekazaritza eta arrantza politikei dagokienez, Europan egin duten Nekazaritza Politika Bateratuen proposamena kritikatu zuten Barrenak, Larreak eta Serrak, makroustiategiak defendatzen dituelakoan, nekazaritza ustiategi txiki eta ertainen kaltetan.
Arrantzaleak ere hartu zituzten hizpide. Barrena: «Arrantza kuotak Bruselan erabakitzen dira. Han egotea garrantzitsua da». Gehitu zuen adimen artifizialean ere lan handia dagoela egiteko: «Historiaren aldaketa une honetan, jauzi digitalean euskarak hor egon egin behar du, ondo kokatu behar da».
Serrak birritan egin zuen Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren kontra; besteak beste turistifikazioa sustatuko duela esan zuen, eta horrek etxebizitzak garestituko dituela. Agirregotiak esan zuen bere garaian Bilboko Guggenheimek eta Metroak ere kontrako iritzi asko izan zituztela, eta gaur egun inork ez dituela auzitan jartzen.
Migrazio politikak
Mendiaren esanetan, garaian erabakigarria da hau: «Arriskuan dago giza eskubideen defentsa egingo duen Europa hori, eta politika sozialak garatuko dituena. Mehatxu bat dago, eta hautetsontzietan erantzun behar zaio eskuin muturrari».
«Arriskuan dago giza eskubideen defentsa egingo duen Europa hori, eta politika sozialak garatuko dituena. Mehatxu bat dago, eta hautetsontzietan erantzun behar zaio eskuin muturrari».
IDOIA MENDIAPSOE
Palestinako genozidioa izan zuten hizpide gehienek atal horretan. Barrenak, Larreak eta Serrak esan zuten Europako Batasunak egin dezakeela gehiago. Batetik, Palestina estatu gisa aitortzeko eskatu zuen Barrenak; eta, bestetik, Israelekiko harremanak eteteko eskatu zuen Serrak. Zarzalejosek kritikatu egin zuen Hamasen erasoa ez aipatu izana, eta uko egin zion Israel egiten ari denari genozidio deitzeari. Kritikatu zuen Pedro Sanchezek Palestina estatu gisa aitortu izana, haren ustetan baliogabetua geratu baita bake elkarrizketetan parte hartzeko, Palestinarekiko jarrera hori hartuta.
Nazioarteko lege bat defendatu zuen Barrenak: «Ukrainarrak hartu ditu Europak, eta hori da bidea. Nahi denean, ahal da. Afrikatik eta Asiatik datozenak ere horrela hartu behar genituzke: ihesi datoz. Migrazio politika irauli behar da. Euskal Herria harrera herria da». Bide horretan, Aita Mari erreskate itsasontzia Mediterraneoan egiten ari den lana txalotu zuen; baita Agirregoitiak ere.
«Itxi egin behar dira atzerritarrentzako zentro itxiak, eta itsasoan bizitzak salbatu behar dira».
ISA SERRAPodemos
Serrak bestelako migrazio politikak ezartzeko eskatu zuen: «Itxi egin behar dira atzerritarrentzako zentro itxiak, eta itsasoan bizitzak salbatu behar dira».
Agirregoitiak hiru eskaera zehatz egin zituen atal horretan: euskara ofiziala izatea Europan, bosgarren makroeskualde bat sortzea —atlantikoa— eta elkartasunezko migrazio politikak sustatzea.