AHT proiektuaren kontra agertu da Euskal Hirigune Elkargoa

137 hautetsik bozkatu dute Bil Gaiten taldeak aurkeztu duen mozioaren alde.

Euskal Hirigune Elkargoko biltzarra, larunbat goiz honetan, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Euskal Hirigune Elkargoko biltzarra, larunbat goiz honetan, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko abenduaren 7a
09:35
Entzun

Euskal Hirigune Elkargokak AHT proiektuaren kontrako jarrera finkatu du Baionako Arteen Hirian larunbat goiz honetan egin duen biltzarrean. Bil Gaiten talde politikoak aurkeztu duen mozio bat bozkatu dute GPSO Hego Mendebaldeko trenbide Egitasmo Handia errefusatzeko. 137 hautetsik bozkatu dute mozioaren alde, hogei agertu dira kontra, eta 42 abstentzio izan dira. 2021ean beste mozio bat aurkeztu zuten helburu berarekin, eta antzeko babesa eskuratu zuen, baina kontrako boto bikoitza izan zen.

Mozioak oroitarazi du 1992an eta 2006an, herritarren mobilizazio handi batek proiektu hori gibelarazi zuela, eta ingurumenaren aldeko elkarteek eta hautetsien gehiengo zabal batek bideak berritzearen alde egiten zutela. Gaur egun trenbidea «saturatua» dagoela erran izan dute proiektuaren eramaileek; hori egia ez dela frogatua dela adierazi dute.

AHT proiektuaren kostua ere deitoratu dute Euskal Elkargoko hautetsiek. 2022an emandako zenbakien arabera, 14 mila milioi euro behar ziren Bordele-Tolosa eta Bordele-Akize loturak egiteko bakarrik. Akizetik Hego Euskal Herrirako tartea egiteko are gehiago beharko lirateke. Hori ordaintzeko, zerga berezi bat onartu zuten 2023ko Frantziako Finantza Legean. «Lurralde honetako herritarrak proiektu hori ordaintzen ari dira; alta, ez dute sekula baliatuko».

Azkenik, proiektuak ingurumen ikuspegitik eraginen duen kaltea ere deitoratu dute. Klima eta Erresilientzia Legeak 2025erako markatutako zero artifizializazio araua ere izan dute hizpide. Horren arabera, AHTarentzat trenbide berria eraikitzea «arkaikoa eta inkoherentea» litzatekeela erran dute.

Emmanuel Alzuri Bidarteko (Lapurdi) auzapeza izan da mozioarekin kritiko agertu den bakarrenetakoa. «Gure lurraldea abiadura handian garatzen ari da, errepideak galkatuak dira», adierazi du, egoera hori irauli beharko litzatekeela iradokita. «Erraten ari gara ez dugula trenbide berri bat nahi, eta oraingo azpiegiturarekin segituko dugula», deitoratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.