Ahozko epaiketara jo dute 'Cabieces auzian', delitu «zantzuak» badirelakoan

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak epaitu egingo ditu Mario Fernandez, Mikel Cabieces eta Rafael Alkorta. Diruaz bidegabe jabetzea egozten diete

Mario Fernandez —irudian, erdian—, iazko apirilean Cabieces auziagatik deklaratzera bidean, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Hodei Iruretagoiena
2016ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Delitua egin izanaren «nahikoa zantzu» badaudelakoan, Cabieces auzia ahozko epaiketara eramatea erabaki du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, auzipetuen helegiteak atzera botata. Akusatuen aulkian eseri beharko dute, beraz, Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiak, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkari izandakoak eta Rafael Alkorta abokatuak. Hiru delitu leporatu dizkiete: dokumentuak faltsutzea, administrazio desleiala egitea eta diruaz bidegabeki jabetzea. Epaileek autoan diotenez,Kutxabankek, Mario Fernandez presidente ohiaren aginduz, «Mikel Cabiecesen zerbitzuak kontratatzen zituen, bankuak ohikoak zituen bideak baztertuz, eta beharrezkoa ez zen arren».

Duela urtebete azaleratu zen auzia, Kutxabankeko egungo zuzendaritzak Fernandezen aurkako salaketa jarri zuenean. Cabiecesi, Alkortaren abokatu bulegoaren bidez, 243.000 euro modu irregularrean eman ote zizkioten ari dira ikertzen. Izan ere, bankuko presidente Gregorio Billalabeitiak azaldu zuen hilero 5.783 euro ordaintzen zizkiotela PSE-EEko zuzendaritzako kide ohiari —auzia lehertzean utzi zuen militantzia—, eta beste 900 euro bidaietako gastuengatik. Hiru urte iraun zuen akordio horrek. Diru kontuetan irregulartasuna atzeman, eta Cabiecesen abokatu bulegoarekin izenpetutako kontratu batekin lotu zuten zuloa gero.

Fernandezek ohar bidez adierazi du erabakiarekiko desadostasuna. «Argi utzi nahi dut BBK-ko presidente karguan, lehenik, eta Kutxabanken, ondoren, nire jokabidea erabat leiala izan dela, eta sei urte horietan beti jarri ditudala Kutxabanken interesak beste edozein interesen gainetik».

Fernandez: «Errugabea naiz»

«Errugabea» dela ziurtatu du Kutxabankeko presidente ohiak, eta autoan ikusitako hutsuneak salatu ditu. Batetik, Fernandezek azaldu du instrukzio fasean aurkeztutako frogak ez dituztela kontuan hartu, eta Kutxabanken salaketan eta fiskalaren akusazioan soilik oinarritu direla erabakia hartzeko. Auzipetuen «babesgabetasuna» ere salatu du, eta kritikatu du akusazioa aldatu izana; lehen, egin gabeko jarduerengatik Cabiecesi ordaindu izana leporatzen zietela, eta, orain, «neurrigabea» zela ordaindu zioten diru kopurua.

Ez dute iritzi bera Bizkaiko Lurralde Auzitegiko epaileek. Gogora ekarri dute Cabieces ez zela Alkortaren abokatu bulegoko kide, eta, beraz, Kutxabankek PSE-EEko kide ohiaren zerbitzuak kontratatzeak bankuaren diru funtsak «konprometitzen» zituztela. Horregatik, epaileen ustez, Fernandezek ez zituen «behar bezala» bete presidente funtzioak, eta horrek «kaltea» eragin zion Kutxabanki. Hala, lehen Bilboko Instrukzio Auzitegiak esandakoa berretsi du orain Bizkaiko Lurralde Auzitegiak.

Ordaindutako diru kopurua «neurrigabea» zela ere seinalatu dute epaileek autoan. Azaldu dutenez, Cabiecesek 22 urte zeramatzan abokatu lanik egin gabe, eta hori kontuan izanda hilean 5.780 euro kobratzea gehiegizkoa zela deritzote.

Iaz, Fernandezek ziurtatu zuen ETAren aurkako borrokan aritu diren politikariei laguntzeko «idatzi gabeko akordio baten parte» zirela ordainketa horiek, eta «ordezkari politiko batek» eskatu ziola Cabiecesi lana aurkitzen laguntzeko. Orain, argudio horiek ere ezetsi ditu auzitegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.