Ahozko epaiketa abiatuko dute Fernandez, Cabieces eta Alkortaren aurka

Instrukzio fasean ia urtebete egin ondotik, 'Cabieces auziarekin' aurrera egitea erabaki du epaileak.Dokumentuak faltsutzea, administrazio desleiala egitea eta bidegabeki jabetzea egozten diete

enekoitz telleria sarriegi
2016ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Urtebete joan da. Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiak joan den urteko otsailaren 6an ireki baitzuen Pandoraren kutxa. Kutxabankek haren kontra «irregulartasunengatik» jarritako salaketaren harira deklaratu zuten orduan Fernandezek berak eta Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiak fiskalaren aurrean. Ahoan bilorik gabe eman zituen Fernandezek justifikatu gabeko 243.592 eurori buruzko azalpenak: PPko goi arduradun batek 2012ko hasieran egindako dei batek eragin zuela Kutxabankek Cabiecesi «lan irteera bat» ematea. Areago, ETAren kontrako borrokaren aitzakian «idatzi gabeko» lege batekin eta «estatu politikarekin» lotu zuen operazio hura, eta esan horregatik egin zitzaiola Cabieces PSEkoari hiru urtean hilero ia 6.000 euroko ordainketa. Ordutik aurrerakoak dira bi horien eta Rafael Alkortaren inputazioa —Alkortaren abokatu bulegoan ari zen Cabieces eta, ustez, bitartekari lanak egin zituen bulego horrek—. Ordutik aurrerakoak dira hiru horiek inputatu gisa egindako deklarazioak. Ordutik aurrerakoak lekukoei hartutako deklarazioak. Eta atzotik gaurkorakoak Bilboko Instrukzio Epaitegiko laugarren aretoko epaile Ana Isabel Alvarezek jakinarazitakoak: auziko prozedurarekin aurrera egingo duela, eta ahozko epaiketa abiatuko duela.

Fiskalak delitu zantzuak ikusi eta inputatu gisa deklaratzera deitu zituen lehenengo epaileak Cabieces auzikoak. Hartu zien haiei deklarazioa eta hartu zien hurrengo asteetan eta hilabeteetan deklarazioa hainbat lekukori —Kutxabankeko giza baliabideetako arduradunari, barne ikuskaritzako zuzendariari, bankuko goi kargudunei...—. Berri agentzien bidez argitara emandako autoanepaileak dioenez , «eztabaidaezina» da Mikel Cabiecesek 2012tik 2014ra, hileroko ordainketen bidez, kopuru jakin bat jasotzen zuela, eta ordainketa horiek Kutxabankek Rafael Alkortaren abokatu bufeteari egiten zizkiola; hura zela bitartekaria.

Eta hori aintzat hartuta, hitz egin daitekeela bankuari egindako «zuzeneko kalteaz» eta hitz egin daitekeela «beste bati» egindakoaz, gehitzen direlako hor gizartearen ondasunen erabilera «iruzurrezkoa», eta karguari dagozkion funtzioetan «gehiegikeria». Finean, badirela «beharrezko elementuak» administrazio desleial delitua egin dela kontuan hartzeko.

Epaileak argitu duen bestea da: egon dela saialdi bat justifikatzeko Mikel Cabiecesi Rafael Alkortaren abokatu taldean tokia egin izana. Esanez, Kutxen bat egiteak eta Cajasur erosteak lan bolumena handitu zuelako egin ziotela tokia. Epailek autoan dio ez zegoela «beharrezko baldintzarik» beste lagun bat kontratatzeko. Eta, gainera, Cabiecesek dirutan jasotzen zuenak ez duela «proportziorik mantentzen» egiten zuen lanarekin. Epaileak azaltzen du Mario Fernandezek «inposatu» egin zizkiola Kutxabankeko giza baliabideen arduradunari noizean behingo ordainketa horiek, «alde batera utziz bankuan horretarako zeuden prozedurak» eta, ez zegoenez kontraturik tartean, «eragotziz egindako lanaren kontrola».

Dokumentu bati egiten dio erreferentzia epaileak, eta «dokumentu horretan oinarrituta» dio agerian gelditzen dela helburua Mikel Cabiecesi lan merkatuan tokia egitea zela, Espainiako Gobernuaren ordezkari lanaren ostean, «haren formazioa bere eginez», eta bankuaren jendaurreko jarduerarekin zerikusirik ez zuten lanak emanez. «Beraz, ez zen bereziki kualifikatua zen pertsona bat kontratatu, edo oraindik formazioa behar zuen pertsona bat kontratatu, baina harengan inbertitu beharra zegoen bankuaren etorkizunerako balio gisara», nabarmendu du epaileak.

Eta komunikabideen bidez albistearen berri jakin eta gutxira kaleratu zuen oharra Mario Fernandez presidente ohiak. Esateko ez duela auto horren berririk, «eskertuz» komunikabideei haren berri eman izana, eta iragarriz jasotzen duenean aztertuko duela eta erabakiko duela zer egin bere «ohorea» defendatzeko. «Berriro diot zintzo jokatu nuela Kutxabankeko buru izan nintzen garaian».

Gogorrago mintzatu zen inputatu gisa deklaratu zuen egunean, iazko apirilaren 16an. «Engainatuta» eta «haserre» sentitzen zela esan zuen orduan. «Eta ez dut ahaztuko. Nik ez. Nik ez dut zauriturik uzten», esan zuen, mehatxari, Gregorio Billabeitia Kutxabankeko egungo presidentearengana zuzenduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.