Ahotsak plataformak bakearen aldeko adierazpen bat aurkeztuko du

Ahotsak-ek eta Foro Sozialak antolatuta 'Emakumeak bake prozesuetan' izeneko jardunaldia egingo dute gaur, Kursaalen

Nekane Alzelai eta Gemma Zabaleta, jardunaldien aurkezpena egiteko agerraldian. JONURBE / FOKU
2020ko abenduaren 2a
12:36
Entzun

Alderdi, erakunde eta gizarte arlo askotako emakumeek adostutako adierazpen bat aurkeztuko dute gaur, Kursaalean, Donostian. Bost puntu jasoko ditu. Besteak beste, aldarrikatuko dute emakumeek bake prozesuetan parte hartze aktiboa izan behar dutela, eta, gertatutakoaren kontakizun inklusiboa eta egiazkoa egiteko, emakumeek bizikidetzaren eraikuntzan ekarpen aktiboa izatea aldarrikatuko dute. Bakea indarkeriarik eza baino zerbait gehiago dela ere jasoko dute.

Duela 15 urte aurkeztu zuten Ahotsak plataforma, alderdi ezberdinetako emakumeen arteko saretze lan bat egin ostean. Mugarri hura gogoratu eta aintzat hartzeko egingo dute gaurko jardunaldia.

Gaurko aurkezpenean, Ahotsak-eko sustatzaileez gain, honako emakume hauek izango dira: Bakartxo Tejería, Maddalen Iriarte, Itsaso Atutxa, Rafaela Romero, Ainhoa Aznarez, Garbiñe Aranburu, Eider Mendoza, Aintzane Ezenarro, Anaiz Funosas, Kizkitza Gil de San Vicente, Monika Hernando, Ana Otadui, Miren Izaskun Landaida, Aitzpea Leizaola eta Teresa Toda.

Jardunaldia 16:00etan hasiko da. Mahai inguru batean jorratuko dute nazioartean izan diren zenbait gatazkaren konponbideetan emakumeek izan duten parte hartzea. Hauek izango dira hizlariak: Maima Abdeslam, Fronte Polisarioaren ordezkaria Genevan (Mendebaldeko Sahara), Amandine Fulchiron, Actoras de Cambio (Guatemala) talde feministaren sortzaileetako bat, Alejandra Miller, Ruta Pacífica de las Mujeres-eko kidea eta Egiaren Batzordeko ordezkaria (Kolonbia) eta Ayse Betul Celik, irakasle titularra Sabanciko Unibertsitatean (Turkia) eta aditua gatazka etnikoetan, migrazio behartuan, adiskidetzean eta emakumeen bakegintzan. Moderatzailea Tamara de Gracia Romero (Mugarik Gabe) izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.