Ahotsak ozen itzuli dira

Duela bost urte sortutako Ahotsak ekimena bizirik eta indartsuago aritzeko prest dagoela jakinarazi duteGatazka konpontzeko emakumeek parte hartzea ezinbestekoa dela berretsi dute

Jone Goirizelaia, Ainhoa Aznarez, Nekane Alzelai eta Onintza Lasa, atzo, Irunen, mahai ingurua hasi baino lehenagoko irudian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Samara Velte.
Irun
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Ahotsak ekimeneko sustatzaileetako batzuk argitara atera dute askok galdutzat jotzen zutena: Euskal Herriko ideologia eta txoko desberdinetako emakumeek elkartuta jarraitzen dutela, gatazka politikoan aterabide demokratikoa bilatzeko gogoz. Hala adierazi zuten atzo Irunen (Gipuzkoa), Ahotsak berriro martxan lelopean egindako mahai-inguruan; bertan izan ziren Ainhoa Aznarez PSNko Iruñeko zinegotzi ohia, Jone Goirizelaia ezker abertzaleko kidea eta Nekane Alzelai eta Onintza Lasa EAko legebiltzarkide ohiak. Elixabete Piñol (EAJ), Kontxi Bilbao (Ezker Batua) eta Duñike Agirrezabalaga (Alternatiba) ere espero zituzten atzoko hitzorduan, baina ez ziren agertu.

Laurek bat egiten dute: emakume ahotsak inoiz baino beharrezkoagoak dira Euskal Herria bizitzen ari den aldaketa gauzatzerako orduan. «Politikan eta gizartean» emakumeak falta direla uste du Goirizelaiak:«Egoera demokratiko bat nahi badugu, emakumeok parte hartu behar dugu». Urrats zehatzak, ordea, finkatzeko dituzte oraindik.

Ekimenak bost urteko ibilbidea beteko du aurki, azkenaldian oihartzunik izan ez duen arren. 2006ko apirilean batu ziren lehenengoz Euskal Herriko alderdi guztietako emakumezko ahotsak —PP, UPN eta UMP salbu—. Elkartzen zituena oinarri hartuta, ozen aldarrikatu zuten jokaleku demokratiko baterako beharra eta euskal herritarren erabakia errespetatzekoa.

Esperantzazko testuinguruak lagunduta, hilabete gutxiren buruan milaka atxikimendu bildu zituen proiektuak, eta hainbat herritan ere sortu ziren Ahotsak taldeak. Lasaren ustez, desberdintasunez gaindi emakumeei elkarrekin lan egiteko aukera eman zielako izan zuen ekimenak halako arrakasta. Aznarezek ere antzeko ildotik jo du: «Gure agerraldiak oso anitzak dira; horrek ilusio gehiago ematen digu gatazkari irtenbide desberdin bat emateko».

Oinarriak argi dituzte

Elkarlanerako hiru gako zehaztu zituzten orduan, eta gaur egun ere indarrean diraute, Lasak azaldu duenez: «Elkarrizketa, malgutasuna eta konfiantza». Horren bidez, «aurretik elkar agurtu ere egiten ez zutenak elkarren ondoan esertzea» lortu dute. Horretarako «izugarrizko eskuzabaltasun ariketa egin zuten askok».

Euren arteko desadostasunei ez ezik, bakoitzaren alderdiko aurreiritziei ere egin behar izan diete aurre. Oztopoak oztopo, asmatu dute aurrera egiten. Goirizelaiaren esanetan, hasierako guztiek jarraitzen dute ekimena sustatzen, eta hori da garrantzitsuena: «Esfortzu handia egin dugu eta egiten ari gara geunden guztiak mantentzeko. Ez dugu nahi batzuek euren burua hemen ez ikustea eta kanpoan gelditzea».

Adostasunean eta errespetuan dira indartsu, eta adostasun horri heldu nahi diote gatazka politikoa gainditzeko ere, gizonezkoen politikak lortu ez duena egiteko: «Lehentasunek eskubideen ildotik joan behar dute, baina baita baketik ere: justizia soziala, demokrazia, aldaketak gerta daitezkeen egoerak... hori naturaltasunez ulertuta eta errespetutik abiatuta. Jakinda egia ez dela norberaren egia; ulertuta besteak ere izan dezakeela bere egia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.