'Kote Cabezudo auzia'

Ahotsa ozentzeko zailtasunak

'Kote Cabezudo auziaren' ezaugarri izan da, behin baino gehiagotan, haren inguruko isiltasuna. Gaiaz egin duten 'En el nombre de ellas' lana emateko zailtasunek hori agerian utzi dute berriz.

En el nombre de ellas dokumental saioa. DISNEY PLUS.
arantxa iraola
2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Kote Cabezudo argazkilariaren kontrako lehen kereila 2013ko urtarrilean jarri zuten. Modeloetako batek jarri zuen, hiru delitu leporatuta: iruzurra, sekretuak agerraraztea eta irain egitea. Apurka-apurka, gero eta andre gehiagok hartu zuten auzitegirako bidea. Hala ere, 2018. urteko lehen hilabeteetara joan behar da argazkilariaren kontrako salaketen gaineko lehen albisteak irakurtzeko. Ordura arte, isiltasun mediatikoa agerikoa izan zen; politikariek egindako adierazpenetan ere, ia erabatekoa izan zen mututasuna, eta biktimei babesa ematen dihardutenek maiz salatu dute hori. Dokumental bat egin dute orain gaiaz, En el nombre de ellas; lau atal ditu, eta Sr. Mono ekoiztetxeak egin du. Disney Plus plataformak azaroaren 23an estreinatu asmo zuen, baina atzeratu egin zen estreinaldia, eta abenduan adierazi zuten azkenean ez dutela emango. Beste plataformaren batean ematekoak direla esan dute ekoizleek, baina oraindik ez dago argi non eta nola ikusi ahal izango den. Auziaren inguruko isiltasunaren gaineko kritikak berriro piztu ditu horrek.

Argazkilari ezaguna izana da Cabezudo; modaren eta erotismoaren arloan sona izan zuen garai batean, Donostian eta inguruetan bereziki, eta modelo gehienen salaketek antzeko patroia erakutsi dute beti; zuen itzalaz baliatuta, argazkilariak mendean hartzen zituen modelo gazteak argazki estudioan, eta, gero, nahieran erabiltzen zituen haiei ateratako irudiak. Biktimen lekukotasunek aparteko tokia dute dokumentalean. Besteak beste, akusatuak neska adingabeei eginiko sexu erasoak salatu dituzte.

Auzibideari buruzko isiltasuna ez da erabatekoa izan, ordea. Biktimak hainbat hedabidetan mintzatu dira, eta kasuaren berri ere eman da. Iazko martxoan hasi zen argazkilariaren kontrako auzibide nagusiko epaiketa, eta hartan ere, esaterako, hedabide asko izan ziren, eta epaiketaren jarraipen zehatza egin zuten. Salaketa partikularrak propio eskatuta, hainbat auzi saio ateak itxita egin ziren: justu biktimek hitza hartu zuten saioak izan ziren horiek,eta haien ahotsa bakarrik entzuteko biderik ere ezin izan zen erabili, baina, gainerakoan, zabal erreparatu zitzaion epaiketari, eta oihartzuna izan zuen hedabideetan.

Gaiaren gaineko «isiltasun instituzionala» ere salatu izan dute biktimei babesa ematen ari direnek, eta, hor ere, 2018ra arte deus ez; urte hartako ekainean hitzartu zuen Donostiako Udalak biktimei «elkartasuna» erakusteko adierazpen bat. Udalak berretsi egin zuen argazkilariaren kontrako sententzia atera zenean.

Kexuak eta kritikak

2018a baino lehen auzibideak izan zuen eboluzioari dagokionez, isiltasun mediatiko eta instituzionala ez zen izan ezaugarri bakarra. Judizialki ere, motel joan zen auzia. 2018ko maiatzerako, adibidez, instrukzio epaileak bederatzi aldiz hartua zion deklarazioa akusatuari, akusazioko abokatuak aldi guztietan eskatu zuen argazkilaria kartzelan sartzeko, baina epaileak atzera bota zituen eskari guztiak. Akusatuak, halaber, behin baino gehiagotan muzin egin zien sarean jarriak zituen irudiei buruz-eta epaileak emandako aginduei. Horiek hala, argazkilariaren zigorgabetasunaren inguruko kexuak eta kritikak ere ozendu ziren; 2018an, plataforma bat eratu zen gaiaren gaineko isiltasuna eta ekintzarik eza salatzeko, eta horrek hauspotu egin zituen mezu horiek guztiak.

Eta mezu horiek badituzte helduleku objektiboak. Ana Isabel Perez Asenjo instrukzio epailearen jarrera, esaterako, sarri kritikatu dute, eta, hain justu, haren eskuetan zegoenean, aurrerabide gutxi izan zituen auzibideak; auzia Julian Garcia Marcos epailearen esku geratu zenean, ordea, bestelako ildo bat hartu zuen, eta espetxeratu egin zuen akusatua. Preso dago 2018ko maiatzaren 4tik. Prozedura judizialaren moteltasunaren harira zabaldu diren mezuek ere zigorra izan dute, ordea; datu objektiboa da hori ere. Mario Diez biktimen abokatuaizan da kritika horiek ozenen hedatu dituztenetako bat, eta azaroan jakin zen60.000 euroko kalte ordaina pagatu beharko duela epaileak haren kontra abiatutako auzibidearen ondorioz; epailearen «ohorearen» kontra egiteagatik zigortu dute. Dokumentalean mintzo da Diez, eta epaileaz ere ari da berriz.

Preso

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 28 urte eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Cabezudori. Jada lau urte bete zituen behin-behineko espetxealdian, hura libre uzteko eskeak egin ditu defentsak, baina ez dira onartu. Hamazazpi andrek jarritako salaketak aztertu ziren epaiketan; preskribatuta zeuden beste hainbatenak. Bortxaketa delitu bat, sexu abusuen beste bat, haur pornografiako sei eta bi iruzur delitu jo zituzten azkenean frogatutzat. Beste 217 delitu ere egotzi zizkioten, baina horiez absolbitu zuten sententzian.

Egotzitakoen larritasuna agerian geratu zen epaiketan; fiskalaren jarreran, bereziki. Epaiketaren hasieran, 121 urteko kartzela zigorra eskatu zuen; epaiketa hasi eta hiru astera, 250 urtekoa. Auzibide gehiago ere badaude irekiak Cabezudoren aurka, eta zigor gehiago. Bi aldeek helegitea jarria dute epaiaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.