Nafarroako Jauregian, gobernuaren egoitzan, eraberritu den aldean du bulegoa Eduardo Santosek (Iruñea, 1973), Justizia eta Migrazio Politiken kontseilariak. Martxoan egingo ditu Ahal Dugu-k primarioak, eta, alderdia sendotzeko asmoz, bazter gelditzeko ordua dela uste du. «Ziklo bat amaitu dugu: erakundeetara iritsi gara, baina ezin gara bihurtu kargudun publikoen mugimendu bat. Pauso bat atzera eman behar dut beste batek alderdia hartzeko».
2017ko primarioetan, Ahal Dugu indartzeko eta lurralde osora hedatzeko asmoa azaldu zenuen. Bete dira asmo haiek?
Autokritika egin behar dut, eta onartu ez naizela gai izan lau urte horietan asmo horiek betetzeko. Bi gauza gertatu dira, eta ez dira aringarriak... edo bai. Batetik, oso alderdi zentralista izateak tokiko alderdiak eratzeko zailtasun handiak ematen ditu. Bestetik, ezaguna denez, alderdiko sektore batek ez zuen onartu porrota, eta arazoak izan genituen bateratzeko eta irudi on bat emateko barrura eta kanpora begira. Zailtasun horiek guztiek irentsi dizkigute ia-ia indar guztiak.
Batzarrek Ezkerra koalizioko ituna ez berritzea erabaki du, eta ezkerreko eremu horretan indarrak bateratzea aldarrikatu du.
Gu hasi ginen ekinaldi harekin. Hauteskundeak baino lehen, emankorra zen akordio bat proposatu genion Ezkerrari. Haien lehentasuna koalizioari eustea izan zen. Orain, Batzarrek erabaki du koalizio horri ez eustea. Ezker Batuak izango du bere prozesua, eta gu ere ados gaude, bai. Gure barne prozesua amaitutakoan, ez dugu inolako arazorik zuzendaritza berri batekin horri heltzeko.
Ikusten duzu aukera?
Aukera badago, eta, zalantzarik gabe, gauzatuko da. Auzia ez da hausnarketa hori alderdien artean partekatzen ote dugun, baizik eta herritarrek bat egiten dutela ideia horrekin. Ez dago besterik.
Urte eta erdi igarota, gobernuaren zer balantze egiten duzu?
Nire balantzea positiboa da. Gauzak egiten ari gara jendearen bizi baldintzak hobetzeko asmoz.
Espainiako Gobernuan eztabaida eta tentsioa dagoela eta hori ona dela zioen aurrekoan Pablo Iglesiasek. Eta Nafarroan?
Tentsioa ez, baina koalizio gobernu batean badira eztabaidak. Azken finean, alderdi desberdinak gara, eta eztabaidatzen ditugu lehentasunak, denborak, eta batzuetan nondik nora joan ere bai. Badakigu Ahal Dugu-k ezin duela gobernua zuzendu. Lidergoa beste batek du, herritarrek hala nahi izan dutelako. Gure erabakia izan da barruan eztabaidatzea, beti gure iritzia ematea, eta argudioak ematea. Batzuetan, irabazi egiten dugu; beste batzuetan, galdu.
Kanpora begira, arazo bat da Ahal Dugu-ren jarduna eta eragin ahalmena ez ikusaraztea?
Gu ailegatu ginen gobernu batera ez zailtasunak emateko, baizik eta beste batzuekin lan egiteko. Gainerako guztia kalkulu politikoa da, eta hori zilegi da une batean edo bestean, baina ez da gure lehentasuna. Gure lehentasuna izan daiteke alderdi bat egitea, eta alderditik esatea zer egingo genukeen bozak irabaziko bagenitu.
Hori egiten ari al zarete?
Oraingoz, ez. Gure ahotsa entzuten da parlamentuan, baina, bi legebiltzarkiderekin, zaila da gizarteak jakitea zer egingo genukeen. Indartu behar dugu ahots hori, baina ez dut uste zilegi denik hori gobernutik egitea. Gobernuak marra gorria pasatzen duenean, ateratzen zara gobernutik, eta azaldu zergatik.
Pandemiaren ondorioa handia bada ere, finantza publikoak kontrolpean daude oraingoz.
Dirua dagoenean, errazago da akordioak egitea, eta, dirua ez dagoenean, murriztu egiten da lehentasunen zelaia. Une hori ailegatzen bada, guk gure lehentasunak jarriko ditugu, eta horrek neurtuko du gure erosotasuna.
Migrazio politiken ardura duzu, baina, neurri batean, erabakigune nagusiak ez al daude gobernuaren eskuetatik kanpo?
Ez nago batere ados. Komunikabideetan, migrazioa beti mugarekin lotuta dago, baina migratzaileak hemen daude. Zein da Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna? Gizarteratze politikak gureak dira. Bideak eman behar dizkiegu lege egoera errazteko, horrek errazten baitu politika guztiei etekina ateratzea.
Departamentu berria da. Zeintzuk dira zailtasunak?
Dena da berria. Inoiz ez da izan halako zuzendaritza bat gobernuan. Apustu bat dagoela adierazten du, baina ez da egun batetik besteraegiten. Gauza batzuk sakabanatuta geneuzkan gobernuan; beste batzuk ez ziren existitzen. Hartu behar da hori dena, eta migranteekin partekatu. Horregatik, foro bat egin dugu haien beharrak zein diren entzuteko, eta horrek denbora eskatzen du.
Nolakoa da harreman hori?
Sentitzen dute lehen aldiz entzun egiten diegula administrazio gisa.
Kezka iturrietako bat familiarik gabeko adingabe migratzaileak dira; 219 adingabe inguru daude gobernuaren babespean.
Inolako babesik gabe etorri dira, eta gure beharra da haiek hartzea. Horregatik, tresnak jarri beharko ditugu. 16-17 urterekin etortzen dira, eta ekintzak oso intentsiboa izan behar du. Ikastea eta lana egitea, hori da haien migrazio proiektua, eta, euren buruari begiratuta, pisu edo egoitza batean lotuta daudela nabari dute. Bide bat eman behar diogu egoera horri.
Kideak izeneko programa pilotu bat sortu duzue. Zertarako?
Adingabeak direla etortzen dira, baina berehala izango dituzte 18 urte. Horrek esan nahi du gobernuak jada ez duela egoera zaintzen, baina beharrek hor jarraitzen dute, ez baitute sare sozialik, ez dute lanik. Programa horretan aurrekontu bat jarri dugu, eta gazte horiek guztiak hartuko ditugu beste bide bat emateko, non beteko ditugun haien beharrak: etxebizitza, hezkuntza edo lana.
Mezu xenofoboak ugaritzen ari dira, eta arrazismoaren aurkako plan bat lantzen ari zarete. Zertan datza?
Diskurtso hori gizartea bustitzen ari da sirimiri baten moduan. Planari dagokionez, oposizioak leporatzen digu berandu gabiltzala. baina beti esan dugu 2021ean martxan jarriko genuela, ez lehenago. Bitartean, gauzak egiten ari gara. SOS Arrazakeria elkarteak kudeatutako salaketa bulego bat dago, eta haren bidez iristen zaizkigu arrazismoarekin lotutako salaketak. Diagnostiko bat egiten ari gara, eta hori da zailena: arrazismoa zer den Nafarroan, non kokatzen den, eta zer erantzun eman behar diogun orokorrean.
Espetxeko osasun arloko eskumenen inguruko akordioa egitear dago. Zer falta da?
Azken pausoa ematea. Jendeak jakin behar du: espetxeko populazio bat hartu eta ikusiz gero zer gaixotasun dituzten, kalean dagoen jendeak dituen osasun arazoak baino gehiago dituzte. Eskumena jasoz gero, horrek esan nahi du arreta hobea emango diogula populazio horri, eta ezinbesteko pieza izango dela gizarteratzeko.
Pandemiak eragin handia izan du kartzeletan.
Kezkatzen gaitu egoerak. Pandemiak eskubide indibidualak murriztea ekarri du gizarte osoan; kartzelan, are gehiago. Jada itxita dagoen pertsona bati gehiago murrizten badiozu, larriagoa da. Kezkatzen gaitu. Osasunaren etaoinarrizko eskubideen arteanerabaki behar izan da. Guri ez dagokigu, baina kasu jakin batzuetan hitz egin dugu, eta gure jarrera izan da askatasunaren aldeko jarrera bultzatzea, kontuan izanda egoera zailean gaudela.
Posible izango da espetxeko eskumen osoak izatea?
Egoera orokorra aldatus egin da. Akordio programatikoan ez dago. Ez zen ikusi lehentasun gisa, baina pausoka ari gara. Osasun eskumena lortu ostean, jakin behar dugu zer espetxe politika egingo genukeen eskumenak izango bagenitu. Gakoa ez da eskumena izatea, baizik eta zertarako erabili. Horretarako, etxeko lanak egin behar ditugu, eta alderdiekin adostu. Behin adostuta, ikusiko dugu estatuari transferentzia eskatu, edo hitzarmen bat egin... Nahiko nuke hori dena adostea, parlamentuan posible bada.
Parlamentuak eskatu berri dio Madrili Nafarroako presoak Iruñeko espetxera ekartzeko. Zer garrantzi du mozioak?
Inportantzia du, beti defenditu baitugu presoek jaioterritik gertu egon behar dutela gizarteratzeko. Urruntzea izan da salbuespena, guztiok ezagutzen dugun egoeragatik. Politikoki, ari gara pixkanaka urratsak egiten, baina eztabaida hemen kokatuko nuke: nola gizarteratzen dugun hobeki delitua egin duena, eta zer egin behar dugun horretarako. Hemen egotea da arlo bat, baina badaude beste batzuk: baliabideak, haiekin lan egitea... Dena aztertzen ari gara. Sistema oso bat da, eta pieza ugari ditu.
Eduardo Santos. Justizia eta Migrazio Politiken kontseilaria
«Ahotsa indartu behar du alderdiak, baina gobernutik egitea ez da zilegi»
Urte eta erdi iraganda, Nafarroako Gobernuaren balantze ona egin du. Martxoan primarioak dituzte Ahal Dugu-n, eta idazkari nagusi izateari utziko dio: «Pauso bat atzera eman behar dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu